Páginas

Karl Marx: Bakuninen 'Estatismoa eta Anarkia' obrari buruzko albo-oharrak (laburbilduma)

Auzia da: proletalgoa bada klase menderatzailea, zeinen gainean menderatuko du? Horrek esan nahi du beste proletalgo bat geratuko dela menderakuntza berri horren, estatu berri horren mendeko izango dena.
Horrek inplikatzen du beste klaseak, batez ere klase kapitalista oraindik existitzen den bitartean, eta proletalgoa horren aurka borrokan ari den bitartean (zeren proletalgoak gobernu-boterea lortzean haren etsaiak eta gizartearen antolakuntza zaharra ez dira artean desagertuta egongo), bortxazko bitartekoak erabili beharko ditu, hau da, gobernu-bitartekoak: berak klase izaten jarraitzen duen bitartean eta klase-borroka sorrarazten duten baldintza ekonomikoak eta klaseen existentzia desagertu ez den bitartean, horiek kendu edo bortxaz eraldatu behar dira eta horiek eraldatzeko prozesua bortxaz bizkortu behar da.

Adibidez,…nekazari arruntak, nekazari jendailak, zeink, ongi ezaguna denez, ez dute marxisten onginahia, eta zeina zibilizazioaren mailarik apalenean aurkitzen baita, segur aski hiriko eta fabrikako proletalgoa izango du gobernatzaile.
Horrek esan nahi du, nekazariak en masse jabetza pribatuaren jabe gisa existitzen diren tokian, horiek gehiengo gutxi-asko ohargarria eratzen duten tokian, Europa Mendebaleko kontinenteko estatu guztietan bezala, zeinean oraindik ez baitira desagertu eta soldatapeko nekazariek oraindik ez baitituzte ordeztu, Ingalaterran bezala, hor honako hau gerta daiteke: edo nekazariek langile ororen iraultzaren porrota prebenitu edo bukatzen dute, orain arte Frantzian egin duten bezala; edo bestela proletalgoak (zeren nekazari jabeduna ez baita proletalgokoa, eta gaurko egoeran horkoa bada ere, ez du pentsatzen horkoa denik), gobernuak bezala, neurriak hartu behar ditu nekazariak zuzenean bere egoera hobetzea ahalbidetzeko beharrezkoak direnak, hau da, hura iraultzarako irabazteko; neurri horiek, hala ere, bere baitan dituzte lurraren jabetza pribatutik jabetza kolektiborako iragaitza ahalbidetuko duten haziak, halako moldez, non nekazaria horretara iritsiko den ekonomikoki bere akordioz; baina garrantzitsua da nekazariari ez kontrajartzea, adibidez, herentzia-eskubidearen abolizioa edo haren jabetzaren abolizioa aldarrikatuz; azken hori maizter kapitalistak nekazariak kanporatu dituenean bakarrik da ahalgarri, eta horrela nekazaria hiriko langilea bezain proletario, soldatapeko bihurtzen da, horrela berak ere azken horren interes berak ditu bitartegabe eta ez zeharka. Hala ere, partzelen jabetza gutxiago indar daiteke partzela-esleipenen tamaina handituz sail handiagoak nekazalgoaren artean banatuz, Bakuninen kanpaina iraultzailean bezala.

«Edo, auzi hori ikuspuntu nazionaletik kontsideratzen bada, orduan suposatu behar da alemaniarrentzat eslabiarrak, arrazoi berarengatik, esklabotza-dependentziazko harreman berean ezarriak izango direla alemaniar proletalgo garaitzailearekiko, nola azken hori bere burgesiarekiko aurkitzen den.»

Eskolume-astakeria! Iraultza sozial erradikal bat garapen ekonomikoko baldintza historiko jakin batzuei loturik dago; horiek dira haren premisak. Bakarrik da ahalgarri, non produkzio kapitalistarekin proletalgo industrialak gutxienez posizio esanguratsu bat herri-masan hartzen baitu. Eta garaipenerako aukeraren bat izan dezan, gai izan behar du mutatis mutandis gutxienez nekazarien alde zuzenan egiteko, burgesia frantsesak bere iraultzan nekazalgo frantsesaren alde egin zuen garai hartan bezala. Ideia bikaina pentsatzea lanaren aginteak landako lanaren zapalkuntza inplikatzen duela! Baina hor agertzen da Bakunin jaunaren pentsamendurik sakonena. Ezertxo ere ez du ulertzen iraultza sozialaz, bere erretorika politikoaz bakarrik; haren baldintza ekonomikoak ez dira existitzen berarentzat. Eta nola aurreko formazio ekonomiko guztiek, garatuek edo garatu gabeek, langilearen esklabotza inplikatu zutenez gero (soldatapeko langile, nekazari, etab., bezala), berak imajinatzen du iraultza erradikala era berean ahalgarria dela formazio horietan guztietan. Areago, iraultza sozial europarra nahi du, zeinaren oinarri ekonomikoa produkzio kapitalista baita, errusiar edo eslabiar herri artzain edo nekazarien mailan burutzea, eta horrek ez dezala gainditu maila hori, nahiz eta berak ikus dezakeen nabigazioak desberdintasunak sortzen dituela neba-arreben artean; baina, noski, desberdintasun hori politikari guztiei ezaguna zaielako bakarrik pentsatzen du nabigazioan! Nahimena da iraultza sozial baten oinarria, eta ez baldintza ekonomikoak. Estatu dagoen tokian ezinbestez dago menderakuntza eta, ondorioz, esklabotza ere badago; esklabotza gabeko menderakuntza, ezkutukoa edo maskaratua, pentsaezina da –horregatik gara gu estatuaren etsai.

Zer esan nahi du proletalgoak klase menderatzaile gisa antolatuak?

Esan nahi du proletalgoak banaka klase ekonomikoki probilegiatuen aurka borroka egin ordez, nahikoa indar eta antolakuntza lortu duela hertsapen-bitarteko orokorrak erabiltzeko haien aurkako borrokan; baina erabil ditzakeen bitarteko ekonomikoak dira haren izaera propioa gainditzea soldatapeko langile gisa eta hortik klase bezala; haren garaipena osoa denean, haren menderakuntza ere amaitu egingo da, izan ere haren klase-izaera desagertu egingo da.

Proletalgo osoa egongo al da gobernuaren gailurrean?
Trade-Union batean, adibidez, Union osoak eratzen al du haren komite betearazlea? Fabrikako lanaren banaketa guztia bukatuko al da eta hartatik sortzen diren funtzio desberdinak? Eta Bakuninen behetik gorako erakuntzan, mundu guztia egongo al da gailurrean? Horrela bada inor ez da egongo azpian. Erkidegoko kide guztiek aldi berean administratuko al dituzte erregioaren interes komunak? Orduan ez dago desberdintasunik erkidegoaren eta erregioaren artean.

40 milioi inguru alemaniar daude. Adibidez, 40 milioi kide horiek gobernuaren kide izango al dira?

Certainly [Jakina] Zeren gauza erkidegoen autogobernuarekin hasten baita.

Orduan ez da egongo gobernurik, ez estaturik; baina estatu bat baldin badago, agintariak eta esklaboak egongo dira.
Horrek soilik esan nahi du klase menderatzailea desagertu denean ez dela egongo estaturik gaurko zentzu politikoan.

Dilema marxisten teorian erraz ebazten da. Herri-gobernuaz haiek (hau da, Bakuninek) ulertzen dute herri-gobernua herriak hautatutako ordezkari kopuru txiki batek eratua.

Asine! [Astoa] Hori ergelkeria demokratikoa, berritsukeria politikoa da! Hauteskundeak –errusiar komuna txikienean eta artelen aurkitzen den forma politikoa. Hauteskundearen izaera ez dago izen horren baitan baizik oinarri ekonomikoan, botoemaileen eragintruke ekonomikoan, eta funtzioek politiko izateari utzi dioten bezain laster, 1) jadanik ez da existitzen gobernu-funtziorik; 2) funtzio orokorren banaketa errutinazko gai bihurtu da, menderakuntzarik inplikatzen ez duena; 3) hauteskundeek galdu egiten dute gaurko beren izaera politikoa.

Herri osoaren sufragio unibertsala –

Herri osoa bezalako zerbait, hitzaren gaurko zentzuan mamu bat da –

Bere ordezkariak eta estatu-agintariak hautatzeko – hori da Marxisten azken hitza, baita eskola demokratikoarena ere – gutxiengo agintariaren despotismoa ezkutatzen duen gezur bat da, eta gezur hori hainbat arriskutsuagoa da herriaren nahimena deituaren adierazpen gisa agertzen den heinean.
Jabetza kolektiboarekin herriaren nahimen deitua desagertu eta lekua uzten dio kooperatibaren benetako nahimenari.

Horrela emaitza da herriaren gehiengo zabalari gutxiengo pribilegiatuak ezartzen dion kontrola. Baina gutxiengo hori, hala diote marxistek,

Non?

Langileek osatua izango da. Bai, oso litekeena da langile ohiak izatea, baina herriaren ordezkari edo agintari bihurtu diren bezain laster, langile izateari uzten diote –

Fabrika-jabe bat kapitalista izateari uzten ez dion bezala zinegotzi hautatu dutelako –

«eta langile arrunten mundu osoari estatutasunaren gaindegitik behera begiratuko dio; jadanik ez dute herria ordezkatuko, beren buruak eta herria gobernatzeko beren uziak bakarrik. Hau zalantzan jartzen duenak ez daki ezertxo ere giza naturaz».
Bakunin jaunak gutxienez ezagutuko balu langile-fabrika kooperatiba bateko kudeatzailearen posizioa, menderakuntzari buruzko fantasia horiek guztiak pikutara joango lirateke. Bere buruari galdetu beharko ziokeen: zer forma hartu beharko lituzkete kudeaketa-funtzioek horrelako langile-estatu baten barruan, izen hori eman nahi badio?

Baina jende hautatu hori kartsuki konbentzituko da, baita sozialista ikasiak ere. Sozialismo ikasia hitzak–

Inoiz ez da erabili–

‘sozialismo zientifikoa’–

sozialismo utopikoarekiko kontrajarrita soilik, zeinak lilura berriak sorrarazi nahi baitizkio jendeari, jendeak berak sortutako mugimendu sozialera bere ikerketa zientifikoak mugatu ordez; ikusi Proudhonen aurkako nire liburua–

zeina behin eta berriz erabiltzen baita lassalletarren eta marxisten idazkietan eta hiztaldietan; horiek frogatzen dute herriaren estatua deitua ezer ez dela izango baizik herri-masen zuzendaritza oso despotikoa gizon benetan edo ustez ikasien aristokrazia oso txiki batek burutua. Herria ez da zientifikoa; horrek esan nahi du erabat liberatua egongo dela gobernuaren arduratik. Erabat txertatua egongo da gobernatu beharreko taldean. Askapen bikaina!
Marxistek hautematen dute kontraesan hau, eta adituen gobernu bat (quelle rêverie!) munduko zapaltzaileena, gorrotatuena eta arbuiagarriena izango dela, eta haren forma demokratiko guztiak gorabehera diktadura bat izango dela, eta beren burua kontsolatzen dute diktadura hori behin-behinekoa eta laburra izango den pentsamenduarekin.
Non, mon cher! – Langileen klase-menderakuntza mundu zaharreko estratuen gainean, zeinak haien aurka borrokan ari baitira bakarrik iraun dezake klase-gizartearen oinarri ekonomikoa ezereztua izan ez den bitartean.

Haiek diote beren ardura eta helburu bakarra izango dela herria hezi eta jasotzea (tabernako politikaria!) bai ekonomikoki eta bai politikoki halako mailaraino, non gobernua oso laster izango baita alferrikako eta estatuak galdu egingo baitu erabat bere izaera politiko, hau da, menderatzailea, eta bere akordio propioz eraldatu egingo da interes ekonomikoen eta erkidegoen antolakuntza aske batean. Hori begi-bistako kontraesana da. Baldin eta haren estatua herri-estatu bat bada, zergatik ezereztu, eta herriaren askapen errealerako hura ezereztea beharrezkoa bada, zergatik ausartzen dira orduan herri-estatu deitzen?
Liebknechten herri-estatua leloarekin beti aritzeaz aparte, zeina Manifestu Komunistaren eta abarren aurka zuzenduriko zentzugabekeria baita, bakarrik esan nahi du, proletalgoa borrokaren aldian, zeinak gidatzen baitu gizarte zaharra eraistera, artean gizarte zaharraren oinarriaren gainean dihardu, eta hortik dator forma politikoen barruan mugitzea, zeinak gutxi-asko hari baitagozkio, artean ez da iritsi haren azken antolakuntzara, eta hortik haren askapena lortzeko metodoetara jo du, zeinak baztertuak izango baitira askapena lortu bezain laster. Hortik Bakunin jaunak ondorioztatzen du proletalgoak ez lukeela ezer egin behar… eta likidazio unibertsalaren egunari –Azken Judizioari itxarotea besterik ez…
--Karl Marx.