Páginas

Non aux expulsions!

Miseriatik miseriara

J. Berhokoirigoin.
Baiona

http://paperekoa.berria.info/harian/2010-08-28/002/010/nbek_eskatu_dio_frantziari_uzteko_ijitoak_deserritzeari.htm

Hirurehun euroren truke, Errumaniara eta Bulgariara itzultzen ari dira ehunka ijito, bazterketa eta pobreziari ihes egiteko utzi zuten sorterrira.
Nahitara» itzultzen dira beren jaioterrira, Frantziako Immigrazio ministro Eric Bessonek dioenez. Neke da hori sinestea, herenegun Parisko Roissy Charles de Gaulleko aireportuan ziren 158 ijito errumaniarren aurpegia ikusirik. Begitartea beltz, begirada galdua, Poliziak ireki bideari segitzen diotela isilik. Ezer gutxi dute, guztia bizkar gainean, jantzi poltsa bat ala umea, artetan musika tresna baino gehiago ogibide duten akordeoia.

Horien gisara ber egunean beste 125 ijito joan dira Lyongo aireportutik, sei egun lehenago beste 124 Paristik eta 61 Lyondik. Asko aipatu dira deserritze hauek, baina isilean kanporatzen direnak askoz gehiago dira eta ez da gauza berria.Immigrazio Ministerioak zehaztu duenez urte hasieratik 8.994 ijito kanporatu ditu Frantziak Errumania ala Bulgariara. Bataz bestean, herrira itzultzeen %80ak «nahitara» eginak izanki, beti ministerioaren erranetan. Iaz bi herri hauetako 9.875 ijito zituen kanporatu.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak «desagerrarazi» nahi dituen kanpamendu «ilegalak» bortxaz utzi behar izanik, egun batzuk polizia etxean iragan dituzte autobusez aireportura etorri aitzin. Hortik Bukarestera, batzuentzat sorterrira, umeentzat usu herri ezezagun batera, helduka 300 euro eta umeka 100 euroren truke.

Asko aipatzen da haien kanporaketa; harat heltzea, haatik, batere. Lagun eta familiaren ongietorririk ez dute Bukaresten, haiek maiz urrun edota etorreraz jakinean ez izanki. Azkenaldi hauetan, hurbilekoen ordez, kazetari eta poliziak andana bat dute. Galdeketa bati erantzuten diote, balizko pasaporte bat dutenak herrira sartzen dira berehala, besteek kontrol andana pairatzen dute. Gehienetan, izan administrazio, osasun ala sozial arloan «inolako laguntzarik ez» zaiela proposatua dio Romeurope elkarteko Stephane Levequek. Lanbide proiektu bat abiarazteko Business plan deitu laguntza eskaini behar zaie, baina hori arras «marjinala» dela dio.

Etnia bat begi bistan

Errumanian da ijito komunitate handiena kausitzen. Errolda ofizialaren arabera, 530.000 dira; goberuz kanpoko erakundeen arabera, 2,5 milioi. Azken haien irudiko askok haien ijito nortasuna gordetzen dute, baztertua ez izateko. Hain zuzen ere, Baionako Gadje Voyageur elkarteko ordezkari Michel Molinak dioenez, Frantziara etorriz «miseriari ihes» egiten diote, «hemen bil ditzaketen porroskak, han ez dituztelako».

Giza Eskubideak-Romeurope deitu elkarte kolektiboak herenegun aurkeztu txostenean gogor salatu du kasu bakoitzean izan behar litzatekeen banakako azterketak ez direla egiten. Hori dela eta, «iraingarri eta ikusgai diren bizilekuen desagerpenaren helburuz, etnikoki determinatua den populakuntza bat begi bistan hartzen» dela dio kolektiboak. Frantziako Gobernuaren politika errepresiboak «prekarietatea areagotzen» eta «joera xenofobo eta arrazistak erraztea» gaitzesten dute.

«Ijito eta ibiltari batzuen joerek sortzen dituzten arazoei buruz» hitz egiteko Frantziako Gobernuak uztailaren 28an egin zuen bilera askok kritikatu dute, izan Ipar Euskal Herrian, Frantzian ala nazioartean. Ez dute onartu ijitoen eta delinkuentziaren arteko batzea, eta kezkati agertu dira, Gadje Voyageur elkarteko Molinak azaldu duenez, «arrazismoaren oinarrian amalgama aurkitzen delako».

Ijito eta ibiltarien artean egin nahasketa ere gogor kritikatua dute. Baionan bizi d Nikolas Gargowitche ijitoa, eta argi utzi nahi du euskaldun «sentitzen» dela eta bere familia guztiak frantziar herritartasuna duela aspaldian.

Ijito eta euskal herritar

Baionan bizi dira aspaldian 50 familiatik gora beren karabanetan, Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoak (CABAB) eman Landa Tipia zelaian. Frantziako Gobernuak azken denbora hauetan daukan joera ez dute ulertzen eta ezin dute ulertu. «Ezberdintasunaz beldur da jendea, eta Nicolas Sarkozyk sentimendu honetan eraikitzen du bere politika baztertzailea», dio Gargowitchek. Hori dela eta sentitzen duten bazterketa azkartuko dela dio kezkati.

Gune hori ez dela gaizki dio hor bizi duen semearen ikustera etorria den Rute Mayeren ustez. «Denetan hemen bezala balitz, egoera ez litzateke gaizki», dio.

Urte guztian hor bizi direnek, haatik, zelai handiago bat nahi lukete, «elkarren gainean» direlako. Baina anartean hor gelditu beharko dira. Badakite Frantziako Besson legeak dioela 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herriek zelai bat eman behar dietela, baina, baina badakite ere arau hau «ez dela kontuan hartua».