Páginas

Estatua eta Iraultza (Lenin) 1. kapitulua, 2.puntua

2.- INDAR ARMATUEN DESTAKAMENDU BEREZIAK, KARTZELAK, ETAB.
“… Antolaketa jentilizio zaharraren aurrean (tribuena edo
klanena) —jarraitzen du Engelsek— Estatua, lehenik eta behin,
bere menpekoak lurraldearen arabera banatzeagatik bereizten
da…”

Guri, banaketa hau “naturala” iruditzen zaigu, baina honek
gens edo tribuen antolaketen aurkako borroka luzea eskatu
zuen.

“… Bigarren ezaugarri bereizgarria, jada herri armatua
ez den indar publiko baten ezarpena da. Indar publiko berezi
hau beharrezko gertatzen da, zeren gizartea klaseetan zatitua
dagoenetik ezinezkoa baita jada biztanleen berezko antolakuntza
armatua… Indar publiko hau Estatu orotan existitzen
da; eta ez dago soilik gizon armatuez osatua, baita gizarte jentilizioak
ezagutzen ez zituen gehigarri materialez ere, kartzelez
eta mota guztietako instituzio hertsatzaileez…”

Engelsek Estatua deritzon “indar” horren nozioa garatzen
du; gizartetik ernaltzen da, baina beraren gainetik jartzen eta
berarengandik geroz eta gehiago dibortziatzen da. Zertan datza
funtsean indar hau? Beren eskuetan kartzelak eta bestelako elementuak
dituzten gizon armatuen destakamendu berezietan.

Gizon armatuen destakamendu berezietaz hitz egiteko
eskubidea daukagu, zeren indar publikoa, Estatu ororen ezaugarri
dena, ez da jada herri armatua, bere “berezko antolakuntza
armatua”.

Pentsalari iraultzaile handi guztiak bezala, Engels, langile
kontzienteenen arreta pentsatzen duen horretara zuzentzen saiatzen da, filisteo dominatzaileak hain zuzen ere arreta gutxien
merezi duela, gauzarik ohikoena dela, jada solidoak ez ezik
petrifikatuak direla ere esango genukeen aurreiritziekin santifikaturik
dagoen horretara. Ejertzito iraunkorra eta polizia
estatu boterearen indarraren oinarrizko instrumentuak dira.
Baina, izan al daiteke akaso beste modu batera?

XIX. mende bukaerako europarren gehiengo zabalaren
ikuspuntutik, kontuan hartuz Engels hauengana zuzentzen
zela eta ez zutela iraultza handirik bizi edo gertutik ikusi, hau
ezin zitekeen beste modu batetara izan. Beraientzat erabat
ulergaitza zen “herriaren berezko antolakuntza armatuaren”
ideia hori. Gizartearen gainetik jarrita eta honengandik dibortziatuta
dauden gizon armatuen destakamendu berezien
(polizia eta ejertzito iraunkorra) beharra zergatik sortu den
galderari, Europa Mendebaldeko filistearrak eta filistear errusiarrak,
Spencerri edo Mijailovskiri maileguan harturiko pare
bat esaldirekin erantzutera jotzen zuen, bizitza sozialaren
konplexutasun hazkorrari, funtzioen ezberdintasunari, eta abarri
eutsiz.

Erreferentzia hauek “zientifikoak” ematen dute eta ederki
lokartzen dute pertsona arrunta, aldi berean nagusiena eta
oinarrizkoena ezkutatuz: gizartearen zatiketa klase antagoniko
eta eramangaitzetan.

Zatiketa hau existituko ez balitz, “herriaren berezko antolakuntza
armatua”, makila erabiltzen duten tximino taldearen
antolakuntza primitiboaren aldean, edo gizaki primitiboarenaren
aldean, edo klanetan bildutako gizakien aldean, ezberdindu
egingo litzateke bere konplexutasunagatik, bere teknika
garatuagatik, etab.engatik; baina horrelako antolakuntza
bat posiblea izango litzateke.

Eta ez da posible zeren gizarte zibilizatua klase etsaietan
eta, gainera, etsai adiskidezinetan, zatiturik aurkitzen da, hauen
“berezko” armatzeak elkarren arteko borroka armatura eramango
lukeelarik. Estatua sortzen da, indar berezi bat sortzen
da, gizon armatuen destakamendu bereziak; eta iraultza bakoitzak,
estatu aparatua suntsitzean, agerian erakusten digu
klase arteko borroka, argi eta garbi erakusten digu nola klase
dominatzailea bere esanetara dauden gizon armatuen destakamendu
bereziak berrezartzen ahalegintzen den, nola klase zapaldua modu honetako gizarte bat eraikitzen ahalegintzen
den, ez zapaltzaileentzat baliagarri izateko gai dena, zapalduentzat
baizik.

Aipaturiko pasartean, Engelsek teorikoki, guri iraultza
handi batek praktikoki eta, gainera, masen ekintzaren maila
batean, planteatzen digun arazo berdina planteatzen du: gizon
armatuen destakamendu “berezien” eta “herri armatuaren berezko
antolakuntzaren” arteko erlazioaren arazoa. Iraultza
europarren eta errusiarren esperientziak arazo hau modu
konkretu batean nola erakusten duen ikusi behar dugu.

Baina bueltatu gaitezen Engelsen azalpenera.

Engelsek azpimarratzen du, batzuetan, adibidez Iparramerikako
zenbait tokietan, indar publiko hau ahula dela (gizarte
kapitalistaren barnean salbuespen arraroez ari da, Iparramerikako
toki batzuez non, aldi aurre inperialistan, kolono
libreak agintzen zuen), baina, termino orokorretan, indartu
egiten dela:

“… Indar publikoa sendotu egiten da klase arteko antagonismoak
Estatuaren barnean gogortu egiten diren heinean
eta aldameneko Estatuak handiagoak eta jendetsuagoak bihurtzen
diren heinean. Eta hau ez bada horrela, azter dadila
geure egungo Europa, klase borrokak eta konkisten lehiak indar
publikoa hainbeste haztarazi dutela, ezen honek gizarte
guztia eta gainera Estatua bera irensteko mehatxua egiten
duela…”

Hau ez zen joan den mendeko 90. hamarkadaren hasiera
baina beranduago idatzia izan. Engelsen azken hitzaurreak
1891ko ekainaren 16ko data darama. Garai haietan, apenas hasi
zen Frantzian, eta oraindik are ahulago Iparramerikan eta
Alemanian, inperialismoranzko biraketa, nahiz trusten aginte
osoaren zentzuan, nahiz banku handi ahalguztidunen zentzuan,
politika kolonial handi baten zentzuan, etab. Orduz geroztik,
“konkistetako lehiak” aurrerapauso erraldoi bat eman
du, hainbestekoa ezen XX. mendeko bigarren hamarkada hasieran
planeta erabat zatiturik geratu zela “konkistatzaile etsai”
hauen artean, hau da, potentzia harrapari handien artean.
Orduz geroztik, lur eta itsas armamentuak proportzio sinestezinetan
hazi dira, eta, Ingalaterraren edo Alemaniaren
munduaren aginteagatiko 1914-1917ko harrapakeria gerrak, harrapakinen banaketagatiko gerrak, erabateko hondamendi
baten hertzeraino eraman du Estatu botere harrapari batek
gizarteko indar guztiak “xurgatzea”.

Jada 1891ean, Engelsek “konkistetako lehia”, potentzia
handien kanpo politikaren ezaugarri bereizgarri garrantzitsuenetako
bat bezala seinalatzen jakin izan zuen. Eta 1914-1917
urteetako sozial-chauvinismoaren alprojek, hain zuzen ere lehia
honek, geroz eta gehiago areagotuz, gerra inperialista bat
eragin duenean, “euren” burgesiaren interes harraparien defentsa
estaltzen dute, “aberriaren defentsaren” moduko, “errepublika
eta iraultzaren defentsaren” moduko eta beste tankerako
esaldiekin!