Páginas

Estatua eta Iraultza (Lenin) 1. kapitulua, 3. puntua

3.- ESTATUA, KLASE ZAPALDUA ESPLOTATZEKO INSTRUMENTUA

Botere publiko berezi bat gizartearen gainetik kokaturik mantentzeko,
beharrezkoak dira zergak eta zor publikoa.

“…Indar publikoaren eta zergak biltzearen jabe —dio Engelsek—,
funtzionarioak, gizarteko organo bezala, honen gainetik
kokaturik agertzen dira orain. Antolakuntza gentilizioko
(klaneko) organoei libreki eta borondatez ematen zitzaien errespetua
jada ez zaie nahikoa, ezta irabazi ahalko balute ere…”.
Funtzionarioen santutasunari eta inmunitateari buruzko lege
bereziak ezartzen dira. “Polizia mespretxagarrienak”, klaneko
ordezkariak baino “autoritate” gehiago dauka; baina Estatu
zibilizatu bateko botere militarreko buru batek, klaneko buru
bat bekaiztu lezake gizarteak gordetzen zion “berezko errespetuagatik”.

Hemen, funtzionarioek Estatuaren botereko organo bezala
duten egoera pribilegiatuaren auzia planteatzen da. Funtsean
jakin behar dena zera da: Zerk jartzen ditu gizartearen gainetik?
Auzi teoriko hau 1871ko Parisko Komunak praktikan
nola ebatzi zuen ikusiko dugu eta nola 1912an Kautskyk erreakzionarioki
estali zuen.

“…Estatua klase arteko antagonismoak mantsoagotzeko
beharretik sortu zenez, eta aldi berean, klase hauen arteko gatazkaren
erdian jaio zenez, lege orokor bezala, klase boteretsuenaren
Estatua da, ekonomikoki dominatzailea den klasearena, honen laguntzarekin politikoki ere klase dominatzailea bihurtzen
dela, hemendik klase zapalduaren errepresiorako eta esplotaziorako
bitarteko berriak lortuz…” Antzinako Estatua
eta Estatu feudala ez ziren esklaboen eta jopuen esplotaziorako
organo bakarrak izan, “Estatu ordezkari modernoa” ere kapitalak
soldatapeko lana esplotatzeko erabiltzen duen instrumentua
da. Hala ere, salbuespen moduan, badaude klaseak
borrokan hain berdinduak dauden momentuak non Estatuaren
botereak, itxurazko bitartekari gisa, une baterako independentzia
bat hartzen duen bata eta bestearekiko…”. Hori
gertatu zen XVII. eta XVIII. mendeetako monarkia absolutuekin,
lehenengo eta bigarren Inperioko bonapartismoarekin
Frantzian eta Bismarckekin Alemanian.

Eta hori gertatu da —gehitzen dugu geuk— Kerenskyren
gobernuarekin Errusia errepublikarrean, langileri iraultzailearen
jazarpenei ekitera jo ostean, sovietak, demokrata txiki
burgesek zuzendurik egotearen ondorioz, jada indargabeak diren
momentu batean, eta burgesia oraindik ez denean nahikoa
indartsua hauek garbi eta sinpleki disolbatzeko.

Errepublika demokratikoan —jarraitzen du Engelsek—
“aberastasunak” bere boterea zeharka gauzatzen du, baina seguruagoa
den modu batean”, eta, lehenik, “funtzionarioen ustelkeria
zuzenaren bidez gauzatzen du” (Iparramerika) eta bigarren,
“gobernuen eta burtsen aliantzaren” bidez (Frantzia eta
Iparramerika).

Gaur egun, inperialismoak eta bankuen aginteak arte harrigarri
batean bihurtu arte “garatu” dituzte errepublika demokratikoetan,
hau edozein izanda ere, aberastasunaren botere
ahalguztiduna defendatzeko eta praktikara eramateko bi
metodo hauek. Adibidez, Errusiako errepublika demokratikoko
lehen hilabeteetan, koalizio gobernuan, “sozialisten” —sozial-
iraultzaileen eta mentxebikeen— eta burgesiaren arteko
eztei egunak dei geniezaiokenetan zehar, Palchinski jaunak
kapitalisten eta beren lapurren aurkako gerra hornigaien bidez eginiko fiskoaren lapurreten aurkako murrizketa neurri
guztiak saboteatu bazituen, eta gero, behin ministeriotik at egonik,
Palchinski jauna (noski erabat berdina zen beste Palchinski
batek ordezkatua izanik) urtean 120.000 rubloko soldata
zuen postutxo batekin “saritu” bazuten kapitalistek, zer esan
nahi du horrek? Zer da, eroskeria zuzena ala zeharkakoa? Gobernuen
eta kontsortzioen arteko aliantza bat da? ala soilik
adiskidetasunezko loturak? Zein paper jokatzen dute Chernovtarrek,
Tseretelitarrek, Avxentientievtarrek eta Skobelevtarrek?
Diru publikoen xahutzaile milioidunen aliatu “zuzenena”
ala soilik zeharkakoena?
“Aberastasunaren” botere ahalguztiduna errepublika demokratikoetan
seguruagoa ere bada, ez baitago mekanismo
politikoaren akats baten edo bestearen menpe, ezta kapitalismoaren
estalki txarraren menpe ere. Errepublika demokratikoa
kapitalismoa jantz daitekeen estalki politiko hoberena da:
eta horrenbestez, kapitalak denetan hoberena den estalki hau
kontrolatzen duenean (Palchinskitarren, Chernovtarren, Tseretelitarren
eta besteen bidez), bere boterea hain modu seguruan,
hain tinkoan, zimendatzen du, ez duela inarrosten errepublika
demokratiko burges barreneko inongo pertsonen, instituzioen
edo alderdien aldaketek.

Gainera, ohartarazi behar da, Engelsek, zehaztasunik handienarekin,
sufragio unibertsalari burgesiaren dominazio instrumentu
deitzen diola. Sufragio unibertsala, dio Engelsek, jakina,
sozialdemokrazia alemaniarraren esperientzia luzean oinarrituz,
“langile klasearen heldutasunaren erakusgarria da.
Ezin du iritsi eta ez da inoiz iritsiko gehiagora egungo Estatuan”.

Demokrata burges txikiek, gure sozial-iraultzaileen eta
mentxebikeen moduan, eta beren haragizko anaiek, Europa
Mendebaldeko sozial chauvinista eta oportunista guztiek, sufragio
unibertsaletik, noski, “gehiago” espero dute. “Egungo Estatuan”,
sufragio unibertsala langileen gehiengoaren borondatea
adierazteko eta hau praktikan jartzea bermatzeko gai den
bitarteko bat denaren ideia faltsua tartekatzen dute euren artean
eta sarrarazten diote buruan herriari.

Hemen ezin dugu ideia faltsu hau seinalatu besterik egin;
manifestuan jarri Engelsen baieztapen hau, erabat argia, zehatza
eta konkretua, lizundu egiten dela alderdi sozialista “ofizialen” (hau da, oportunisten) propagandako eta agitazioko pauso bakoitzeko.
Aurrerago Engelsek hemen ukatzen duen ideia honen
faltsutasun osoaren azalpen zorrotz bat aurkituko dugu,
“egungo” Estatuari buruzko Marx eta Engelsen ikuspuntuen
inguruko gure azalpenean.

Bere lanik ezagunenean, Engelsek bere ikuspuntuen laburpen
orokor bat egiten du ondorengo terminoetan:

“Beraz, Estatua ez da existitu betidanik. Bera gabe moldatu
diren gizarteak egon dira, Estatuaren eta bere boterearen
noziorik txikiena ere eduki ez zutenak. Garapen ekonomikoaren
fase jakin batera iristean, hau nahitaez gizartea klaseetan
zatitzearekin loturik egonik, zatiketa honek Estatua
behar batean bilakatu zuen. Orain, azkartasunez ekoizpenaren
garapen fase batetara hurbiltzen ari gara non klaseen
existentzia, behar bat ez izateaz gain, ekoizpenarentzako oztopo
zuzen bat bihurtzen den. Klaseak ezinbestean sortu ziren
modu berean desagertu egingo dira. Klaseen desagerpenarekin,
nahitaez, Estatua ere desagertuko da. Gizarteak, ekoizpena
ekoizle berdinen elkarte libre baten oinarriaren gainean
berreraikiz, Estatuaren makinaria guztia orduan egokituko
zaion lekura bidaliko du: Zaharkituen museora, goruaren eta
brontzezko aizkoraren ondora.

Zita hau ez da maiztasun handiz aurkitzen gaur egungo
sozialdemokraziaren propaganda eta agitazioko argitalpenetan.
Baina hau aurkitzen dugunean ere, ia beti, ikono baten
aurrean erreberentziak egingo balira bezala da, hau da, Engelsi
omenaldi ofizial bat eskaintzeko, “Estatuaren makinaria guztia
zaharkituen museora bidaltze” honek iraultzaren zer nolako
zabaltasuna eta sakontasuna suposatzen duen aztertzeko
saiakera txikienik gabe. Kasurik gehienetan ez da ikusi ere
egiten Engelsek Estatuaren makinaria deitzen dionaren ulermenik
ere.