Páginas

Trotsky nazio zapalkuntzaz Errusiar Iraultzaren Historian

Trotsky, Armada Gorriaren sortzailea
ERRUSIAR IRAULTZAREN HISTORIA (Trotsky)

Hizkuntza gizonen arteko harremanetarako instrumenturik garrantzitsuena da, eta ondorioz, baita ekonomia loturetarako ere. Nazioa batzen duen merkatal zirkulazioaren garaipenarekin hizkuntza nazional bilakatzen da. Oinarri honen gainean Estatu nazionala ezartzen da, erlazio kapitalistentzat eremurik erosoena, abantailatsuena eta arruntena dena. Herbehereen independentziaren aldeko borroka eta Ingalaterra intsularraren patua alde batera uzten baditugu, mendebaldeko Europan nazio burgesen eraikuntzaren garaia Frantziako Iraultza handiarekin hasi da, eta funtsean mende bat geroago amaitzen da, gutxi gorabehera Inperio alemaniarraren finkatzearekin.

Baina jada Europan Estatu nazionalak ekoizpen indarrak xurgatzeari utzi zion garaian eta Estatu inperialista gisa garatzen ari zenean, Ekialdean –Pertsian, Balkanetan, Txinan eta Indian- iraultza nazional demokratikoen aroaren hasieran aurkitzen zen, hasierako bultzada 1905eko Errusiako Iraultzak eman zuelarik. 1912ko Balkanetako gerrak Estatu nazionalen eraketaren amaiera islatzen du Europa hego-ekialdean. Jarraitu zion gerra inperialistak eskukada batez amaitu zuen iraultza nazional europarren obra osagabea, Austro-Hungariaren zatibanaketa, Polonia independente baten eta tsarren Inperiotik askatu ziren Estatu mugakideen sorrera eragitean.

Errusia ez zegoen Estatu nazional gisa antolatuta, nazionalitateen Estatu gisa baizik. Hau bere izaera atzeratuari zegokion. Nekazaritza estentsiboaren eta landako artisautza baten oinarriaren gainean, merkatal kapitala, ekoizpena eraldatuz sakontasunean garatu beharrean hedaduran garatzen zen, bere operazioen erradioa zabalduz. Merkataria, jabea eta funtzionarioa erdigunetik periferiara lekualdatzen ziren, nekazarien dispertsioa lagun zutela eta lur berriak eta salbuespen fiskalak bilatuz lurralde berrietan sartzen ziren, hauetan populazio oraindik ere atzeratuagoak topatzen zirelarik. Estatuaren hedatzea funtsean nekazal ekonomiaren hedatzea zen, zeinak, primitiboa izanagatik ere, bere gailentasuna erakusten zuen  hegoaldeko eta Ekialdeko nomaden gainean. Halako oinarri neurrigabearen eta etengabeki zabaltzen zen baten gainean eratutako kasten eta burokraziaren Estatu hau Mendebaldeko zenbait nazio azpiratzeko behar adina botere izatera iritsi zen, nazio hauek, euren kultura aurreratuagoa izanik ere, ez baitziren gai, euren biztanleria murritzagatik edota barne krisiengatik, euren independentzia defendatzeko (Polonia, Lituania, Baltikoko probintziak, Finlandia).

Herrialdearen mendigune zentrala osatzen zuten hirurogeita hamar milioi errusiar handiei laurogeita hamar milioi “alogeno” gehitu zitzaizkien, argiki bi taldetan bereizten zirenak: mendebaldarrak, euren kulturagatik errusiar handien gainetik zeudenak, eta ekialdekoak, maila baxuagokoak. Honela bertako nazionalitate agintariak biztanleriaren %43a baino gehiago suposatzen ez zuen Inperio bat osatu zen, %57a (hauetatik %17 ukrainarrak, %6 poloniarrak, %4,5 errusiar zuriak) hala euren kultur mailagatik nola euren eskubide desberdintasunengatik beraien artean ezberdinak ziren nazionalitateei zegokien bitartean.

Trotsky, bandera gorriaren aitzinean, tren blindatu batean
 Estatuaren exijentzia gutiziatsuek eta klase agintarienpean nekazal klaseak jasaten zuen txirotasunak esplotazioaren formarik basatienak sorrarazi zituzten. Zapalkuntza nazionala infinituki ankerragoa zen Errusian auzoko Estatuetan baino, ez mendebaldeko mugako herrialdeekin alderaturik bakarrik, baita ekialdeko mugakoekin erkatuta ere. Euren eskubideak kalteturik zituzten nazioen kopuru handiak eta euren egoera juridikoaren larritasunak indar lehergarri itzela ematen zien Errusia tsaristako arazo nazionalari.

Nazionalitate homogeneoko Estatuetan iraultza burgesak joera zentripeto boteretsuak garatzen zituen bitartean, Frantzian partikularismoaren aurkako borroka gisa islatu bezala, edota Italian eta Alemanian zatiketa nazionalaren aurkako jarrera moduan agertuz, Turkia, Errusia edota Austro-Hungaria bezalako Estatu heterogeneoetan, burgesiaren iraultza berantiarrak, bestalde, indar zentrifugoak bultzatu zituen. Prozesu hauen arteko oposizioa, mekanikari dagozkion hitzak erabiliz, begi bistakoa bada ere, hauen funtzio historikoa berbera da, bi kasuetan batasun nazionala errezeptakulu ekonomiko garrantzitsu bezala erabili nahi den heinean: honek Alemaniaren batasuna burutzea exijitzen zuen, eta beste aldetik, Austro-Hungaria zatibanatzea.

Leninek behar besteko aurrerapenez kalkulatu zuen Errusiako mugimendu nazionalen ezinbesteko izaera zentrifugoa, eta urteetan zehar temati egin zuen borroka, bereziki Rosa Luxemburg-en aurka, alderdiaren programa zaharreko bederatzigarren paragrafo famatuaren alde, zeinak nazioek euren buruaren jabe izateko eskubidea, hau da, Estatutik erabat bereiztekoa, formulatzen zuen. Honekin, alderdi boltxebikeak ez zuen inolaz ere propaganda separatista egiteko konpromisoa hartzen. Hartzen zuen konpromiso bakarra zapalkuntza nazional mota ororen aurka, Estatu komun baten mugen barnean edozein nazionalitate indarrez egonaraztearen aurka barne, amorerik eman gabe borroka egitekoa zen. Bide honetatik bakarrik konkistatu ahal izan zuen proletalgo errusiarrak, gradualki, nazionalitate zapalduen konfiantza.

Baina hau arazoaren aspektu bat besterik ez da. Arazo nazionalaren inguruko boltxebismoaren politikak beste aspektu bat zuen, itxuraz lehenarekin kontraesanean bazegoen ere errealitatean osatu egiten zuena. Alderdiaren esparruan, eta orokorrean langile erakundeenean, boltxebismoak zentralismorik zorrotzena aplikatzen zuen, langileak elkarren aurka ipini edota zatitzeko gauza zen kutsadura nazionalista ororen aurka zorroztasunez borroka eginez.

Estatu burgesari gutxiengo nazional bat bertan indarrezko egonaraztea edota honi hizkuntza ofizial bat inposatzeko eskubidea errotik ukatuz, boltxebismoak, aldi berean, eginkizun sakratutzat jotzen zuen ahal besteko modurik estuenean osotasun handi bat osatuz nazionalitate ezberdinetako langileak batzea, klase izaerako borondatezko diziplina baten bitartez. Honela, huts eta soilki, alderdia egituratzeko printzipio nazional federatiboa baztertu egiten zen. Erakunde iraultzaile bat ez da etorkizuneko Estatuaren prototipoa, hau eratzeko instrumentu bat baizik. Erremintak produktua fabrikatzeko egokia izan behar du, baina inola ere ez zaio azken honi berdindu behar. Erakunde zentralista batek bakarrik segurta dezake borroka iraultzailearen arrakasta, auzia nazioen gaineko zapalkuntza zentralista suntsitzearen ingurukoa baldin bada ere.

--L.Trotsky, Errusiar Iraultzaren historia. (Euskalherriasozialista.net-etik kopiatua)