Páginas

'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 3. kapitulua, 3. puntua

Milicianas durante la Revolución Soviética
3.- PARLAMENTARISMOAREN ABOLIZIOA

“Komunak —idatzi zuen Marxek— ez zuen organismo parlamentario
bat izan behar, baizik eta lanaren korporazio bat, betearazlea
eta legegilea aldi berean…

…Hiru edo sei urtez behin aukeratu beharrean Klase dominatzaileko
zein kidek ordezkatu eta zapaldu (verund zertreten)
behar zuen herria parlamentuan, sufragio unibertsalak
komunetan antolatutako herriari zerbitzatu behar zion, bere
enpresara zuzendutako langile, ikuskatzaile eta kontulariak
aurkitzeko, edozein nagusiri banakako sufragioak helburu berdinerako
balio dion bezala”.

Parlamentarismoaren pasarte bikain hau ere, 1871an
egina, sozial chauvinismoaren eta oportunismoaren nagusitasunari
esker, gaur egun marxismoaren “ahaztutako hitzen” artean
aurkitzen da. Ministro eta parlamentari profesionalek,
proletalgoaren traidore eta gure garaietako “purtzilari” sozialista
direnek, anarkistei utzi diote osorik parlamentarismoaren kritika,
eta izugarri burutsua den arrazonamendu honen gainetik
deklaratu dute, parlamentarismoari eginiko kritika oro,
“anarkismoa” dela!! Ez du arrarotik ezer herrialde parlamentario
“aurreratuetako” proletarioek nazkaz beterik ikustean
Scheidemandarrak, Davidarrak, Legiendarrak, Sembatarrak,
Renadueltarrak, Hendersontarrak, Vanderveldetarrak, Stauningtarrak,
Brantingatarrak, Bissolatitarrak, etab., beren begiradak
geroz eta gehiago anarkosindikalismoan jarri izana,
nahiz eta hau oportunismoaren odolezko anaia den.

Marxentzat ordea, dialektika iraultzailea inoiz ez zen
izan modako esaldi hutsal hori, Plejanovek, Kautskyk eta beste
batzuek bihurtu duten zirtzileria hori. Marxek bazekien
anarkismoarekin gogor mozten, parlamentarismo burgesaren
“ukuilua” ere aprobetxatzeko bere ezintasuna dela eta —batez
ere jakina denean ez gaudela egoera iraultzaile baten aurrean—,
baina, aldi berean bazekien parlamentarismoaren kritika
benetan iraultzailea, proletarioa, egiten.

Urte jakin batzuez behin, Parlamentuan, klase dominatzailearen
zein kidek zapaldu eta esplotatu behar duten herria
erabakitzea: hona hemen parlamentarismo burgesaren benetako
esentzia, ez bakarrik monarkia konstituzionaletan, baita
errepublika demokratikoenetan ere.

Baina Estatuaren auzia planteatzen badugu, eta parlamentarismoa
—Estatuko instituziotzat hartuz— proletalgoak
eremu honetan dituen eginkizunen ikuspuntutik aztertzen badugu,
non dago orduan parlamentarismoaren irtenbidea? Nola
da posible bera gabe moldatzea? Behin eta berriz esan behar
da: Komunaren esperientzian oinarritutako Marxen ikasgaiak,
hain ahaztuak daude, ezen “sozialdemokrata modernoari”
(irakur: sozialismoren egungo traidoreari) sinpleki ulertezina
egiten zaiola anarkista edo erreakzionarioa ez den parlamentarismoaren
beste kritika bat.

Parlamentarismoaren irtenbidea ez dago, noski, instituzio
ordezkatzaileak eta hautagarritasuna abolitzean, instituzio
ordezkatzaileak hitzontzikerien toki izatetik “lanaren” korporazio
izatera eraldatzean baizik.

“Ez korporazio parlamentario bat, lanaren korporazio bat
baizik”: tiro hau zuzenean doa parlamentari modernoen eta
sozialdemokraziako “gonapeko txakur” parlamentarien bihotzera!

Jar ezazue arreta edozein herrialde parlamentarietan, Iparramerikatik
Suitzara, Frantziatik Ingalaterrara, Norvegia, etab.:
benetako “Estatuko” eginkizunak atzetik isilpean egiten dira
eta ministerioek, ofizinek, Estatu Nagusiek burutzen dituzte.
Parlamentuetan ez da berriketa besterik egiten, “jende xehea”
liluratzeko helburu bereziarekin. Eta hain egiazkoa da hau,
ezen Errusiako Errepublikan ere, errepublika demokratiko
burgesa bera, benetako Parlamentu bat osatzea lortu aurretik,
parlamentarismoaren gaitz guzti hauek agerian jarri direla.
Skobelevtarren eta Tseretelitarren, Chernovtarren eta Avxentievtarren
moduko filisteismo ustelduaren heroiak, Sovietak parlamentarismo
burges miserableenaren ereduaren arabera zabartzeko
ere moldatu dira, hauek hitzontzikeria hutsalerako
toki bihurtuz. Sovietetan, ministro “sozialista” jaunek herritar
inuzenteak engainatzen dituzte esaldiekin eta erresoluzioekin.
Gobernuan etengabeko nahastea gertatzen da, alde batetik,
ahal diren mentxebike eta sozial iraultzaile gehien txandaka
ondo ordaindutako postutxo ohoretsuekin “asebetetzeko” eta,
bestetik, herriaren arreta “desbideratzeko”. Bien bitartean, bulegoetan
eta Estatu Nagusietan “Estatuko” eginkizunak “gauzatzen
dira”!

Dielo Narodak, gobernuan dagoen “sozlialista iraultzaileen”
alderdi organoak, orain dela ez asko editorial batean onartzen
zuen —prostituzio politikoan aritzen diren “gizarte oneko”
jendearen egiazaletasun imitaezinarekin— “sozilalistek”
(barka adierazpidea) gobernaturiko ministerioetan ere, aparatu
burokratiko guztiak, izatez, zaharra izaten jarraitzen duela,
modu zaharrean funtzionatzen duela eta ekimen iraultzaileak
“askatasun” osoz saboteatzen dituela! Eta aitormen hau
edukiko ez bagenu ere, akaso ez al du hau erakusten mentxebikeen
eta sozial iraultzaileen gobernuko parte-hartzearen benetako
historiak? Hemen berezitik dagoen gauza bakarra da Chernov,
Rusanov, Zenzinov eta Dielo Narodako beste erredaktoreek,
demokrata konstituzionalistekin ministerioetan elkartean egonik,
hainbesteraino galdu dutela lotsa, non ez direla lotsatzen,
txikikeria bat balitz bezala, “beraien” ministerioetan
dena lehen bezala dagoela publikoki esateaz! Nekazari gizagaixoak
engainatzeko esaldi iraultzaile-demokratikoak, eta kapitalistak
gustura uzteko bulegoko paper nahaste burokratikoa:
horra hor koalizio “ohoragarriaren” esentzia.

Komunak gizarte burgeseko parlamentarismo saldu eta
usteldua, iritzi askatasuna eta eztabaida iruzurrean degeneratzen
ez diren instituzioengatik ordezkatzen du, hemen parlamentariek
beraiek egin behar baitute lan, eurek betearazi
behar baitituzte euren legeak, eurek egiaztatu behar baitituzte
emaitzak eta zuzenki erantzun behar baitute euren hautatzaileen
aurrean. Instituzio ordezkatzaileek jarraitzen dute,
baina parlamentarismoa desagertu egiten da sistema berezi
bezala, lan legegilearen eta betearazlearen arteko banaketa
bezala, diputatuentzako egoera pribilegiatu bezala. Instituzio
ordezkatzailerik gabe ezin daiteke demokraziarik ulertu, ezta
langile demokraziarik ere; baina bai uler daiteke eta ulertu
behar da parlamentarismorik gabe, guretzat gizarte burgesaren
kritika ez bada esaldi hutsal bat, burgesiaren agintea
eraisteko xedea guregan helburu serio eta egiazko bat bada,
eta ez langileen botoak hartzeko esaldi “elektoral” bat mentxebike
eta sozial iraultzaileen ezpainetan den bezala, Scheidemanndarren
eta Legiendarren, Sembatdarren eta Vanderveldetarren
ezpainetan den bezala.

Bereziki hezigarria da, Marxek, Komunak eta langile demokraziak
behar duen burokrazia haren eginkizunetaz hitz
egitean, konparazio puntu bezala “beste edozein nagusiren”
enplegatuak hartzea, hau da, ohiko enpresa kapitalista bat,
“langileekin, ikuskatzaileekin eta kontableekin”.

Marxengan ez dago utopismo arrastorik, ez baitu bere fantasiatik
gizarte “berri” bat asmatzen ez ateratzen. Ez, Marxek,
prozesu historiko natural bezala, gizarte berria zaharretik
nola jaiotzen den aztertzen du, bigarrengotik lehenengorako
trantsizio formak aztertzen ditu. Masen mugimendu proletarioaren
benetako esperientzia guztia hartzen du eta hemendik
ikasgai praktikoak ateratzen ahalegintzen da. Komunatik
“ikasi” egiten du, pentsalari iraultzaile guztiek klase zapalduaren
mugimendu handietatik ikasteko beldurrik izan ez zuten
moduan eta sermoi “pedanteak” bota ez zizkien moduan (Plejanoven
“Ez ziren armak hartu behar”, edo Tsereteliren “klase
batek moderatzen jakin behar du” bezala).

Burokrazia kolpetik, alde guztietan eta bere azken erroetaraino
abolitzeaz hitz egitea lekuz kanpokoa da. Hau utopia
bat da. Baina makina burokratiko zaharra kolpetik suntsitzea
eta jarraian, burokrazia guztia gradualki ezerezera murriztea
ahalbidetuko duen berri batekin hastea, ez da utopia bat; komunaren
esperientzia da, proletalgo iraultzailearen berehalako
eginkizun zuzena.

Kapitalismoak sinplifikatu egiten ditu “Estatuaren” administrazio
eginkizunak; posible egiten du “administrazio iherarkikoa”
desegitea eta proletarioen erakunde batera murriztea,
proletalgoak (klase dominatzaile bezala) gizartearen izenean,
bere zerbitzura “langile, ikuskatzaile eta kontableak”
hartzen dituelarik.

Ez gara utopistak. Ez dugu “amesten” nola baztertu ahalko
den kolpetik gobernu oro, menpenpekotasun oro; amets anarkista
hauek, proletalgoaren eginkizunak ez ulertzean oinarrituak,
arrotzak zaizkio funtsean marxismoari eta, izatez, iraultza
sozialista gizakiak ezberdinak izango diren momentura
arte atzeratzeko bakarrik balio dute. Ez, guk iraultza sozialista
gaur egungo gizakiekin nahi dugu, menpekotasunik gabe,
kontrolik gabe, “ikuskatzailerik eta kontablerik” gabe moldatu
ezin diren gizakiekin.

Baina menpekotasuna esplotatu eta langile guztien
abangoardia armatuarenganakoa da, hau da, proletalgoarenganakoa.
Estatuko funtzionarioen “administrazio hierarkiko”
espezifikoa berehala ordezkatzen has daiteke eta hasi behar
da, gauetik goizera, “ikuskatzaile eta kontableen” eginkizun
sinpleengatik, gaur egun jada hirietako biztanleen garapen mailarako
erabat eskuragarriak diren eta “langile baten soldatagatik”
ezin hobeki eginak izan daitezkeen eginkizunak.

Antolatu dezagun ekoizpen handia guk geuk, langileok,
kapitalismoak jada sortu duenetik abiatuz, gure lan esperientzian
oinarrituz, langile armatuen estatu botereak mantendutako
diziplina oso zorrotz, burdinazko, bat ezarriz; murriztu dezagun
funtzionario publikoen papera gure argibideen betetzaile
sinpleen paperera, “ikuskatzaile eta kontable arduradunen,
kargu kengarrien eta apalki ordaindutakoen paperera (noski,
genero, mota eta gradu guztietako teknikariekin batera): hori
da gure eginkizun proletarioa, puntu horretatik has daiteke
eta hasi behar da iraultza proletarioa gauzatzen denean. Hasiera
honek, ekoizpen handiaren oinarriaren gainean, bere kabuz
eramaten du burokrazia ororen “iraungipen” gradualera,
ordena baten sorkuntzara —ordena kakotxik gabe, soldatapeko
esklabotzaren antzik ezertan edukiko ez duen ordena—
non ikuskapeneko eta kontabilitateko eginkizunak, geroz eta
sinpleagoak izanik, denek burutuko dituzten txanda bati jarraituz,
gero ohitura bihurtuko diren eta, azkenik, desagertu
egingo diren herritarren geruza berezi baten zeregin berezi
bezala.

Joan den mendeko 70. hamarkadako sozialdemokrata burutsu
batek, posta ekonomia sozialistaren eredu bat zela esan
zuen. Hau oso zehatza da. Gaur egun, posta Estatuaren monopolio
kapitalista bezala antolaturiko enpresa bat da. Inperialismoa
pixkanaka trustak mota honetako erakundeetan eraldatzen
ari da. Hauetan, lanagatik ahitutako eta goseak dauden
langile “sinpleen” gainetik tronuratuta, burokrazia burges
bera ikusten dugu. Behin kapitalistak eraitsita, langileen burdinazko
eskuaz esplotatzaileen erresistentzia suntsituta, Estatu
modernoaren makinaria apurtuta, gure aurrean perfekzio
tekniko handiko mekanismo bat edukiko dugu, “bizkarroiez”
askea eta elkartutako langileek beraiek ezin hobeki
martxan jartzeko modukoa, teknikariak, ikuskatzaileak eta kontableak
kontratatuz eta guzti hauen lana, orokorrean “Estatuko”
funtzionario guztiena bezala, langile baten soldatarekin
ordainduz. Hona hemen zeregin zehatz bat, zeregin praktiko
bat, trust guztietan berehala egin daitekeena, langileak esplotaziotik
askatzen dituena eta jada Komunak praktikoki hasi
zuen esperientzia (batez ere Estatuaren antolakuntzaren eremuan)
kontuan hartzen duena.

Ekonomia nazional guztia posta bezala antolatzea, teknikoek,
ikuskatzaileek, kontableek eta orokorrean funtzionario
guztiek “langile baten soldata” baino handiagoa ez jasotzeko,
guztia proletalgo armatuaren kontrolpean eta zuzendaritzapean:
hori da gure berehalako helburua. Hori da behar dugun Estatua
eta oinarri ekonomiko hau izan behar da bere euskarria.

Hori da parlamentarismoa abolitzeak eta instituzio ordezkatzaileak
mantentzeak emango duena; hori da langileen klase
ezberdinak burgesiak instituzio hauekiko egiten duen prostituziotik
askatuko dituena.

--Lenin