Páginas

'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 4. kapitulua, 4.puntua


Trotsky eta Lenin boltxebikeak
  4.- ERFURTeko PROGRAMAREN PROIEKTUARI KRITIKA

Erfurt-eko Programaren proiektuari kritika, Engelsek Kautskyri
1891ko ekainaren 29an bidalia izan zen eta soilik 10 urteren
buruan argitaratu zen Neue Zeiten. Idazlan hau ezin daiteke
aintzakotzat hartu gabe utzi Estatuaren inguruko teoria marxistaren
azterketa batean, Estatuaren antolakuntzari dagokionean
sozialdemokraziaren kontzepzio oportunistak kritikatzera
eskainia baitago.

  Bide batez seinalatuko dugu, Engelsek arazo ekonomikoen
puntuan, argibide oso garrantzitsu bat ere egiten duela,
hain zuzen ere kapitalismo modernoan ematen ari ziren aldaketak
zein adi eta pentsakor jarraitzen zituen eta nola horrek
puntu bat arte gure garaiko, garai inperialistako, eginkizunak
aurrikustea baimentzen zion erakusten duela. Hona hemen
aipaturiko argibidea: kapitalismoa deskribatzeko programaren
proiektuan erabilitako “plangintza falta” (Planlosigkeit)
hitzak direla eta, Engelsek zera idazten du:

  “…Sozietate anonimoetatik trustetara pasatzen bagara,
zeinak adar industrial osoak menperatzen eta monopolizatzen
baitituzte, hemen, ekoizpen pribatua ez ezik, plangintza falta
ere amaitzen dela ikusten dugu” (Neue Zeit, 20 urtera, t. l,
1901-1902, 8. orr.).

  Hemen dago ezkutatua kapitalismo modernoaren, hau
da, inperialismoaren ulermen teorikoaren funtsezkoena dena,
hots: kapitalismoa, kapitalismo monopolista batean bihurtzen
dela. Hau azpimarratzea komeni da, zeren akatsik orokortuena
baieztapen erreformista-burgesa izan ohi da, kapitalismo
monopolista edo Estatuko kapitalismo monopolista jada ez
dela kapitalismoa, “Estatuko sozialismoa” dei daitekeela eta
antzeko gauzak esaten dituena. Noski, trustek ez dute barnean
ekartzen, ez dute gaur arte ekarri eta ezin dute ekarri planifikazio
osatu bat. Baina zenbateraino diren beraiek planak
diseinatzen dituztenak, zenbateraino diren kapitalaren magnateak
aurretik ekoizpenaren bolumena eskala nazionalera
eta eskala internazionalera kalkulatzen dutenak, zenbateraino
diren beraiek planen arabera ekoizpena erregulatzen dutenak;
hala eta guztiz ere, kapitalismoaren barnean gaude —honen
fase berri batean, egia da, baina kapitalismoaren barnean,
dudarik gabe—. Halako kapitalismoak sozialismoarekiko
duen “hurbiltasunak”, proletalgoaren benetako ordezkarientzat,
iraultza sozialistaren gertutasunaren, erraztasunaren, bideragarritasunaren
eta premiaren aldeko argumentu bat osatu behar
du, baina ez, inondik inora, iraultza hau ukatzen dutenen
aurrean eta kapitalismoa apaintzen dutenen aurrean tolerantziazko
jarrera bat mantentzeko argumentu bat, erreformistek
egiten duten moduan.

  Baina bueltatu gaitezen Estatuaren auzira. Hiru motatakoak
dira Engelsek hemen egiten dituen azalpen bereziki baliagarriak:
lehenik, errepublikaren auziari buruzkoak; bigarrenik,
nazio arazoaren eta Estatuaren egituraren arteko erlazioei
eragiten dienak; eta hirugarrenik, herri autonomia administratiboaren
ingurukoak.

  Errepublikari dagokionean, Engelsek hau Erfurt-eko programaren
proiektuari egiten zion kritikaren erdigune bilakatu
zuen. Kontuan hartzen badugu Erfurt programak sozialdemokrazia
internazional guztian hartu zuen garrantzia eta programa
hau II. Internazionalarentzat eredu bilakatu zela, gehiegikerietan
erori gabe esan dezakegu, Engelsek hemen II.
Internazional guztiaren oportunismoa kritikatzen duela.

  “Proiektuaren erreibindikazio politikoak —idazten du Engelsek—
akats handi batez minberatuak daude. Ez dago bertan
(Engelsek berak azpimarratua) benetan esan behar zenik”.
 
  Eta aurrerago argitzen da Konstituzio alemaniarra, zehatz-
mehatz, 1850eko Konstituzioaren kalko bat dela, erreakzionarioa
muturrean; Reichstaga ez dela, Wilhelm Liebknechten
esamoldearen arabera, “absolutismoaren mahasparra hostoa”
besterik eta “begi bistako absurdu bat” dela “lan bitarteko
guztiak jabetza komunean eraldatzea”, Estatu txikiak eta Estatu
alemaniar txikien federazioa legeztatzen duen Konstituzio
batean oinarrituz.

  “Hau ukitzea arriskutsua da”, gehitzen du Engelsek, oso
ongi baitaki Alemanian ezin dela legez programaren barnean
errepublikaren errebindikazioa sartu. Hala ere, Engels ez da
asebetetzen “denak” gustura uzten dituen bistako burutapen honekin.
Engelsek jarraitzen du: “Eta, nolanahi ere, ez dago auzi
honi modu batera ala bestera heldu beste erremediorik. Zein
punturarte den beharrezkoa oportunismoak erakusten du, hain
zuzen ere orain, prentsa sozialdemokrataren zati handi batean
zabaltzen (einreissende) ari den honetan. Sozialisten aurkako
legea berrezartzearen beldurrez, edo inperiopean egindako
lege haren adierazpen heldugabe ezberdinen beldurrez, orain
alderdiak Alemanian indarrean den legezko ordena bere errebindikazio
guztiak bide baketsuetatik gauzatzeko nahikoa dela
aitortu dezan nahi da…”

  Engelsek lehen mailan nabarmentzen du funtsean sozialdemokrata
alemaniarrek salbuespen legea berrezartzearen
beldurrez jarduten zutela, eta hau, itzulingururik gabe, oportunismo
bezala kalifikatzen du, bide “baketsu” baten ametsak
erabat absurdu bezala adieraziz, hain zuzen ere Alemanian ez
direlako ez errepublika ezta askatasunak ere existitzen. Engels
eskuak ez lotzeko bezain zuhurra da. Onartzen du, errepublikadun
herrialdeetan edo askatasun oso handia dutenetan
“imajinatu daitekeela” (“imajinatu” bakarrik!) sozialismoranzko
garapen baketsu bat, baina Alemanian, errepikatzen du:

  “…Alemanian, non gobernua ia ahalguztiduna den eta
Reichstagak eta instituzio ordezkatzaile guztiek botere eraginkorrik
ez duten, horrelako zerbait aldarrikatzea eta, gainera,
inolako beharrik gabe, absolutismoari mahasparrako hostoa
kentzea eta norbera bere biluztasuna estaltzen hastea esan
nahi du…”

  Eta, izan ere, gertatu zen, azalpen hauek “artxibatu” zituen
Alderdi Sozialdemokrata Alemaniarreko buruzagi ofizialak,
beren gehiengo zabalean, absolutismoaren estaltzaileak
zirela.

  “…Halako politikak alderdia bera bide okerrean jarri bakarrik
egin dezake. Lehen mailara pasarazten dira auzi politiko
orokorrak, abstraktuak, eta modu honetan auzi konkretuenak,
berehalakoenak, ezkutatzen dira, apenas lehen gertaera
handiak ematen direnean, lehen krisi politikoan, bere kabuz
eguneko gai zerrendan jartzen direnak. Eta honekin lortzen
den gauza bakarra, momentu erabakiorra ailegatzen denean,
alderdia bat batean nahasita sentitzea da, arazo erabakigarrien
aurrean bere barnean nahasmenak eta desadostasunak
agintzea, inoiz eztabaidatu ez izanagatik…”

  Eguneroko berehalako interesen mesedetan eginiko hausnarketa
handien eta funtsezkoen ahazmen honek, etorkizuneko
ondorioetaz ohartu gabe arrakasta iragankorrak jarraitze
eta horien alde borrokatze honek, mugimenduaren etorkizuna
orainaren mesedetan sakrifikatze honek, arrazoi “zintzoak”
jarraituko ditu, baina oportunismoa da eta izaten jarraituko
du, eta oportunismo “zintzoa” da agian denetan arriskutsuena
dena…

  Zerbait ukaezina badago, gure alderdia eta langile klasea
boterera soilik errepublika demokratikoaren forma politikopean
ailegatu daitezkeela da. Hau da, forma zehatza proletalgoaren
diktadurarako ere, Frantziako iraultza handiak jada agerian
utzi duen bezala…”.

  Engelsek hemen, garrantzia bereziz, Marxen obra guztietan
zehar lotura hari bezala doan funtsezko ideia errepikatzen
du: errepublika demokratikoa proletalgoaren diktadurarako
bide gertukoena da, zeren errepublika honek, nahiz eta inondik
ere ez duen kapitalaren dominazioa kentzen ezta, beraz, masen
zapalkuntza ez klase arteko borroka ere, ezinbestean borroka
honen zabaltzera, hedatzera, nabarmentzera eta areagotzera
eramaten du, hanibestekoa ezen behin masa zapalduen
bizitzeko interesak asetzeko aukera sortzen denean, aukera
hau, nahitaez eta esklusiboki proletalgoaren diktadurarekin
gauzatzen dela, hau da, proletalgoak masa hauen zuzentzearekin.
II. Internazional guztiarentzat, hauek ere marxismoaren
“ahazturiko hitzak” dira, eta ahazmen hau gardentasun
harrigarri batez agertu zen mentxebikeen alderdiaren historian
1917ko iraultza errusiarraren lehen seihilekoan.

  Errepublika federalaren arazoaren inguruan, hau herritarren
osaera nazionalarekin erlazionatuz, Engelsek zera idazten
zuen:

  “Zer da egungo Alemaniaren postua ordezkatu behar duena?”
(Bere Konstituzio monarkiko-erreakzionarioarekin eta era
berean erreakzionarioa den bere Estatu txikien sistemarekin,
“prusianismoaren” berezitasunak betierekotzen dituela, hauek
osotasun bat eratzen duen Alemania batean desegin beharrean.)
“Nire iritziz, proletalgoak errepublika bakar eta zatiezinaren
forma bakarrik erabili dezake. Errepublika federala
gaur egun oraindik ere, orokorrean, behar bat da Estatu Batuetako
eremu erraldoiean, nahiz eta Ekialdeko herrialdeetan
jada oztopo batean bihurtzen ari den. Aurrerapen bat adieraziko
luke Ingalaterran, non bi irletan lau nazio bizi diren eta
non, parlamentu bat besterik egon ez arren, aldi berean hiru
legegintza sistema existitzen diren. Suitza txikian denbora da
jada oztopo batean bilakatu dela, eta han oraindik errepublika
federala jasan badaiteke, Suitzak Estatu europearren sisteman
erabat kide pasiboa izatearekin nahikoa duelako da.
Alemaniarentzat, Suitzaren moduko erregimen federalista batek
atzerapen ikaragarria esan nahiko luke. Bi puntu dira Estatu
federal bat eta Estatu unitario bat bereizten dituztenak,
hots: federazioko Estatu partaide bakoitzak bere legegintza zibila
eta kriminala eta bere antolakuntza judiziala duela; eta
herri ganbara batez gain, ganbara federal bat existitzen dela,
non kantoi bakoitzak bere gisara bozkatzen duen, izan handia
ala txikia”. Alemanian, Estatu federala Estatu erabat baturako
trantsizioa da, eta 1866eko eta 1870eko “goitiko iraultzak”
ez du zertan ezeztatua izan behar, “behetiko mugimendu” baten
bidez osatua baizik.

  Engels ez da soilik Estatuaren formen arazoaren aurrean
axolagabekeriarik gabe agertzen; alderantziz, hain zuzen
ere trantsizio formak zehaztasun harrigarriarekin aztertzen
ahalegintzen da, kasu bakoitzean, bereizgarritasun historiko
konkretuen arabera, emandako formak zein motatako igarotzea
zertatik zertara— aurresuposatzen duen zehazteko.

  Engelsek, Marxek bezala, proletalgoaren eta iraultza
proletarioaren ikuspuntutik, zentralismo demokratikoa defendatzen
du, errepublika bakar eta zatiezina. Errepublika federala,
bai garapenerako salbuespen bezala edo oztopo bezala,
edo baita monarkiatik errepublika zentralizaturako trantsizio
bezala ikusten du, “aurrerapauso” bezala baldintza jakin berezi
batzuetan. Eta baldintza berezi horien artean arazo nazionala
nabarmentzen da.

  Engelsek, Marxek bezala, Estatu txikien erreakzionarismoari
eta kasu jakin batzuetan erreakzionarismo hau arazo
nazionalarekin estaltzeari egin zion kritika zorrotzaz gain, beragan
ez dugu arazo nazionala baztertzeko joera izpirik aurkitzen.
Sarritan Holandako eta Poloniako marxistak joera honetan
erortzen dira, “beren” Estatu txikietako nazionalismo filistear
estuaren aurkako borroka oso legitimotik habiatzean.

  Ingalaterran ere, non baldintza geografikoek, hizkuntzaren
erkidegoak eta mende askotako historiak herrialdeko lurralde
zatiketa txikietan arazo nazionala “desegin” behar zuela
dirudien arren, hemen ere Engelsek kontuan hartzen du,
begi bistakoa dela oraindik arazo nazionala gainditu gabe dagoela,
arrazoi honengatik aitortzen duelarik “aurrerapauso”
bezala errepublika federala. Argi ulertzen da hemen ez dagoela
ukapen izpirik ere errepublika federalen akatsak kritikatzeari,
ez progagandari, ezta errepublika unitarioaren, errepublika
zentralizatu baten, aldeko borroka tinkoenari ere.

  Baina Engelsek ez du inola ere zentralismo demokratikoaren
kontzeptua, ideologo burgesek eta burges txikiek, anarkistak
barne, kontzeptu hau erabiltzen duten zentzu burokratikoan
ulertzen. Engelsentzat, zentralismoak ez du baztertzen,
inondik ere, herri autonomia zabal hori; kontuan hartuz “komunek”
eta eskualdeek Estatuaren batasuna borondatez defendatzen
dutela, zentralismo honek erabat ezabatzen ditu burokratismo
oro eta “goitiko” aginte oro.

  “…Honela beraz, errepublika unitarioa —idazten du Engelsek,
Estatuari buruzko marxismoaren ideia programatikoak
garatuz—, baina ez egungo Frantziako Errepublikaren zentzuan,
ez dela 1789an fundatutako enperadorerik gabeko inperio
bat besterik. 1792tik 1798ra, Frantziako departamentu
orok, komuna (Gemeinde) orok erabateko autonomia zuen,
eredu iparramerikarra bezala, eta hori da guk ere eduki behar
duguna. Iparramerikak eta lehenengo Frantziako Errepublikak
erakutsi ziguten, eta Kanadak, Australiak eta beste antzeko
kolonia ingelesek erakusten digute gaur oraindik, nola
antolatu behar diren autonomiak eta nola baztertu daitekeen
burokrazia. Eta probintzi eta udalerrietako autonomia hau askoz
ere askeagoa da, adibidez, federalismo suitzarra baino,
non kantonamendu suitzarrak benetan independentzia handia
duen federazioarekiko” (hau da, Estatu federalarekiko osotasunean),
“baina baita barrutiarekiko (Bezirk) eta herriarekiko
ere”. Gobernu kantondarrek barrutiko polizia buruak (Bezirksstatthalter)
eta prefektuak izendatzen dituzte, erabat
ezezaguna hizketa ingeleseko herrialdeetan, eta guk etorkizunean
Prusiako Landartak eta Regierungsratak ezabatu ziren
energia berarekin ezabatu beharko ditugu” (komisario, polizia
buru, gobernatzaile eta, orokorrean, gohitik izendaturiko funtzionario
guztiak).   Honekin batera, Engelsek autonomiaren
inguruko programaren puntua ondorengo moduan formulatua
izan dadila proposatzen du: “Erabateko autonomia probintziarentzat”
(probintzia edo eskualdea), “barrutiarentzat eta herriarentzat,
sufragio unibertsalez aukeraturiko funtzionarioekin.
Estatuak izendaturiko autoritate lokal eta probintzial
guztien ezabatzea”.

  Kerenskyren eta beste ministro “sozialista” batzuen gobernuak
geldiarazi duen Pravdan (68. Zenb., 1917ko maiatzaren
28a), azpimarratu behar izan nuen, puntu honetan —ongi ulertuz
ez dela, inondik ere, puntu honetan bakarrik—, sasidemokrazia
sasiraultzaile bateko gure ordezkari sasisozialistak modu
ikaragarrian aldendu direla demokraziatik. Normala da burgesia
inperialistari “koalizioz” loturiko gizonek argibide hauei
entzungor egin izana.

  Bereziki garrantzitsua da nabarmentzea, Engelsek, gertaerekin
argudiatuz eta adibiderik zehatzenetan oinarrituz,
errefusatu egiten duela demokrata burges txikien artean izugarri
zabaldurik dagoen aurreiritzia, errepublika federalak,
dudarik gabe, errepublika zentralistak baino askatasun gehiago
inplikatzen duenaren aurreiritzia. Hau faltsua da. Engelsek
aipatzen dituen 1792tik 1798rako Frantziako errepublika
zentralistaren eta Suitzako errepublika federalaren inguruko
gertaerek gezurtatu egiten dute aurreiritzi hau. Errepublika
zentralista benetan demokratikoak errepublika federalak baino
askatasun gehiago eman zuen. Edo beste termino batzuetan
esanda: historian ezagutzen den herrietako, probintzietako, etab.eko
askatasun handiena, errepublika zentralistak eman zuen eta
ez errepublika fedelak.

  Gure alderdiko propagandak eta agitazioak ez du eskaini
eta ez dio eskaintzen nahikoa arreta honi, ezta orokorrean
errepublika federal eta zentralistaren eta herri autonomia administratiboaren
auziari ere.

--Lenin, Estatua eta Iraultza