Páginas

Trotsky: "Gandhismoa defenditzen duena inperialisten lekaio bat da"

Arpilatzaile kapitalisten gerrak beti dira “defentsiboak”, nahiz-eta Japonia Shanghairen aurka jo eta Frantzia Siria edo Marokoren aurka. Proletalgo iraultzaileak zapalkuntza gerrak eta askapen gerrak baino ez ditu ezagutzen. Gerra baten izaera ez du faltsutze diplomatikoek determinatzen baizik-eta gerra aurrera daraman klaseak eta berarekin bilatzen dituen helburuak. Estatu inperialisten gerrak, beren aitzaki eta erretorika politikoa ahaztuta, zapaltzaileak, erreakzionarioak eta herriaren aurkakoak dira. Soilik askapen gerra gisa jo ditzakegu proletalgoak eta nazio zapalduek borrokatzen dituzten horiek. […]

Nazioen Liga [Nazio Batuen Erakundearen aitzindaria] bakezaletasun inperialistaren gotorlekua da. Estatu kapitalisten arteko behin-behineko hitzarmen historiko bat da non indartsuenek agintzen duten eta ahulenen ordez erabakitzen duten, Iparramerikaren aurrean makurtu edo berari eusten saiatzen diren, eta non den-denak Sobiet Batasunaren etsaiak diren, baina boteretsuenen eta harraparienen krimen oro isilean gordetzeko prest dauden. Soilik politikoki itsu daudenek, soilik erabat babesgabe daudenek edo nahita herriaren kontzientzia usteltzen dutenek onar dezakete, zuzenean edo zeharka, orainaldirako edo etorkizunerako, Nazioen Liga bakerako tresna gisa.[…]

Nazioen autodeterminazioaren aldeko borroka, herri guztien aldekoa, zapaldu guztien aldekoa eta euren independentziaren alde jo eta ke aritzen direnena gerraren aurkako borrokaren arlorik garrantzitsuenetakoa da. Kolonizazio eta protekturatuen sistema zuzenean sustengatzen duena, britaniar kapitalaren menperakuntza Indian, Japoniarena Korean edo Mantxurian, Frantziarena Indotxinan edo Afrikan; esklabotza koloniala borrokatzen ez duena eta ez duena nazio zapalduen altxamendua eta beren independentzia sustengatzen; gandhismoa defenditu edo idealizatzen duena, hau da, erresistentzia pasiboaren politika armen indarraren bidez soilik konpondu daitezkeen arazoei aplikatzea, da, intentzio onak edo txarrak izan, lekaio bat, apologo bat, inperialisten, esklabisten, militaristen agente bat eta helburu zaharrak edo berriak dituzten gerra berriak prestatzen laguntzen du.

Proletalgoa da gerraren aurkako indarrik garrantzitsuena. Soilik bere jarraibidearekin eta bere gidaritzapean nekazariak eta nazioaren beste klase herritarrak gerraren aurka altxa daitezke.

Trotsky, Deklarazioa Amsterdameko Gerraren Kontrako Biltzarrari, 1932ko uztailaren 2an
Irudia: Trotsky eta Langileen eta Nekazarien Armada Gorriko beste soldadu batzuk