Páginas

'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 4. puntua, 6. kapitulua

Trotsky, James P. Cannon, Engels eta Marx, Diego Riveraren mural batean
"[Workers of] the World unite in the IVth International"

6.- ENGELS ETA DEMOKRAZIAREN GAINDITZEA

Engelsek honi buruz, “sozialdemokrata” izenaren zehaztasun
zientifiko eza aipatuz hitz egin behar izan zuen.
70. hamarkadako gai ezberdinei buruzko Engelsen artikuluen
argitalpenaren hitzaurreak, batez ere izaera “internazionalekoak”
direnak (Internacionales aus dem Volksstaat), 1894ko urtarrilaren
3aren data darama, hau da, hil baino urte
eta erdi lehenago idatzi zuen; bertan Engelsek artikulu guztietan
“komunista” hitza erabiltzen zela eta ez “sozialdemokrata”
nabarmentzen zuen, garai haietan, sozialdemokratak Frantzian
proudhondarrak eta Alemanian lassallearrak baitziren.

“…Marxentzat eta niretzat —jarraitzen du Engelsek—,
beraz, sinpleki ezinezkoa zen hain hitz malgua erabiltzea
gure ikuspuntu berezia izendatzeko. Gaur egun, egoera beste
modu batetara aurkezten da, eta hitz hau (“sozialdemokrata”),
agian, pasa (mag passieren) daiteke, nahiz eta ezegokia (unpassend)
izaten jarraitzen duen alderdi batentzat, zeinan programa
ekonomikoa ez den programa sozialista sinple bat orokorrean,
baizik eta programa komunista bat zuzenean eta zeinan
helmuga politikoa Estatuaren erabateko gainditzea den,
eta ondorioz, baita demokraziarena ere. Baina benetako Engelsek
azpimarratua) alderdien izenak ez dira inoiz erabat
egokiak izaten; alderdia garatu egiten da eta izena geratu egiten
da”.

Engels dialektikoak, bere existentziaren ilunabarrean,
dialektikari leiala izaten jarraitzen du. Marxek eta neuk —esaten
digu— izen eder bat geneukan alderdiarentzat, izen zientifikoki
zehatza, baina ez geneukan benetako alderdi bat, hau
da, masen alderdi proletario bat. Gaur egun (XIX. mendearen
amaieretan) benetako alderdi bat existitzen da baina bere izena
ez da zientifikoki zehatza. Ez du axola, “pasa daiteke”: garrantzitsua
den bakarra alderdia garatzea da, ez dezala bere
izenaren zehaztasun eza ezagutu gabe utzi eta honek ez diezaiola
norabide zuzenean garatzea eragotzi!

Agian badago gu ere, boltxebikeok, Engelsen modura
kontsolatu nahi gaituen adarjotzaileren bat: benetako alderdi
bat daukagu, modu bikainean garatzen ari dena; beraz “boltxebike”
bezalako hain hitz zentzugabe eta itsusi bat ere pasa
daiteke”, ez duela ezer adierazten, 1903ko Bruselas-Londreseko
Kongresuan gehiengoa lortu genuen guztiz halabearrezko
egoeratik kanpo… Agian gaur, uztailean eta abuztuan errepublikarrek
eta demokrazia “iraultzaile” filistearrak gure alderdiaren
aurka aurrera eramandako jazarpenek “boltxebike”
hitza hain famatu eta ohoretsu egin duten honetan eta, gainera,
jazarpen horiek hain aurrerapen izugarria, gure alderdiaren
benetako garapenean aurrerapen historiko bat, markatu
duten honetan, agian gaur, nik ere zalantzak edukiko nituzke
gure alderdiaren izena aldatzeko egin nuen apirileko proposamenaren
inguruan. Beharbada nire kamaradei “transakzio” bat
proposatuko nieke: Alderdi Komunista deitzea eta boltxebike
hitza parentesi artean uztea…

Baina izenaren arazoa konparaziorik gabe askoz garrantzia
gutxiagokoa da proletalgo iraultzaileak Estatuarekiko duen
jarrera baino.

Estatuari buruzko hausnarketa arruntetan, behin eta berriz
aipatzen da Engelsek hemen eta gure aurreko azalpenean
pasadaz azpimarratu dugun akatsa, hots; behin eta berriz ahazten
da Estatuaren suntsiketa demokraziaren suntsiketa ere
badela, Estatuaren iraungipenak demokraziaren iraungipena
ere inplikatzen duela.

Lehen begiradan, baieztapen honek erabat arraroa eta
ulergaitza dirudi; agian, baten bat beldurtzera ere hel liteke,
gutxiengoa gehiengoren menpe jartzea onartzen ez duen antolakuntza
sozial baten etorrera espero dugula pentsatuz, zeren
demokrazia, hain zuzen ere, printzipio honen aitorpena baita.

Ez. Demokrazia ez da gutxiengoa gehiengoaren menpean jartzearen
berdina. Demokrazia, gutxiengoa gehiengoaren menpe
jartzea onartzen duen Estatua da, hau da, klase batek bestearen
aurka, herritarren zati batek bestearen aurka, biolentzia
sistematikoki erabiltzera bideraturiko erakunde bat da.

Guk azken helmuga bezala Estatuaren suntsiketa hartzen
dugu, hau da, biolentzia antolatu eta sistematiko ororen, orokorrean
gizakien gaineko biolentzia ororen deuseztea. Ez dugu
itxoiten gutxiengoa gehiengoaren menpe jartzearen printzipioa
aitortuko ez duen ordena sozial baten etorrerarik. Baina,
sozialismoa xede izanik, konbentziturik gaude hau gradualki
komunismoan bihurtuko dela, eta honekin elkarloturik gizakiengan
orokorrean biolentziaren beharra desagertuko dela,
gizaki batzuek besteei dien menpekotasun oro desagertuko
dela, zeren gizakiak elkarbizitza sozialeko funtsezko arauak
behatzera ohituko dira biolentziarik eta menpekotasunik gabe.

Ohituraren elementu hau azpimarratzeko hitz egiten du
Engelsek belaunaldi berri batetaz, “baldintza sozial berri eta
askeetan hezia izanik, Estatu zaharraren traste guzti horretaz
libratu ahalko dela”, Estatu oro, baita Estatu demokratiko-
errepublikarra ere deuseztatu ahalko duela.

Hau azaltzeko helburuarekin, beharrezkoa da Estatuaren
iraungipenaren oinarri ekonomikoen auzia aztertzea.

Vigo (Galizia): Metalurgiako langileen greba