Páginas

'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 5. kapitulua, 2. puntua


2.- KAPITALISMOTIK KOMUNISMORAKO TRANTSIZIOA

“…Gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean —jarraitzen
du Marxek— lehenengotik bigarrenerako eraldaketa
iraultzaileko aldia dago. Aldi honi, halaber, trantsizioko aldi
politiko bat dagokio, zeinan Estatua proletalgoaren diktadura
iraultzailea bakarrik izan daiteke…”

Marxen ondorio hau proletalgoak egungo gizarte kapitalistan
jokatzen duen paperaren azterketan, gizarte honen garapenari
buruzko datuetan eta proletalgoaren eta burgesiaren
interes antagonikoen izaera eramangaitzean oinarritzen da.

Lehen, arazoa honela planteatzen zen: bere askapena lortzeko
proletalgoak burgesia eraitsi, botere politikoa konkistatu
eta bere diktadura iraultzailea ezarri behar du.

Orain modu ezberdinxeago batean planteatzen da: gizarte
kapitalistatik —komunismorantz garatzen dela— gizarte
komunistara iragaitea ezinezkoa da “trantsizio aldi politiko”
bat gabe, eta aldi honetako Estatua proletalgoaren diktadura
iraultzailea bakarrik izan daiteke.

Alabaina, zein da diktadura honek demokraziarekiko duen
jarrera? Ikusi dugu Manifestu Komunistak sinpleki batera
jartzen dituela bi kontzeptu: “proletalgoa klase dominatzaile bihurtzea”
eta “demokraziaren konkista”. Azaldua izan den guztiaren
oinarriaren gainean, xehetasun gehiagoz zehaztu daiteke
nola eraldatzen den demokrazia kapitalismotik komunismorako
trantsizioan zehar.

Gizarte kapitalistak, bere garapen baldintza onuragarrienetan
harturik, gutxi gorabehera demokrazia osatu bat eskaintzen
digu errepublika demokratikoan. Baina demokrazia hau
beti ere esplotazio kapitalistaren marko estuan zanpaturik
agertzen da eta, arrazoi horregatik da, betiere, esentzian, gutxiengo
batentzako, soilik klase jabedunentzako, soilik aberatsentzako
demokrazia. Gizarte kapitalistako askatasunak beti,
gutxi gorabehera, Greziako antzinako errepubliketan askatasuna
zena izaten jarraitzen du: esklabistentzako askatasuna. Esplotazio
kapitalistaren baldintzak direla eta, soldatapeko esklabu
modernoak gabezia eta miseriagatik hain ahiturik bizi dira,
ezen “ez daudela demokrazietarako”, “ez daudela politikarako”;
gertaeren bilakaera arrunt eta baketsuan, herritarren gehiengoa
bizitza politiko-sozialeko partehartze orotik at geratzen da.

Alemania da, agian, baieztapen honen zehaztasuna agerien
egiaztatzen duena, hain zuzen ere han legedi konstituzionala
aldi ikaragarri luze eta egonkorrean mantendu baitzen,
ia mende erdiz (1871-1914), eta aldi honetan zehar sozialdemokraziak
beste edozein herrialdeetan baino askoz gehiago
egiten jakin izan baitzuen “legedi hau erabiltzeko” eta alderdi
politikoan munduko beste edozein tokitan baino langileen zati
handiago bat antolatzeko.

Honela baina, zenbatekoa da politikoki kontzienteak eta aktiboak
diren soldatapeko esklabuen zati hau, gizarte kapitalistan ezagutu direnetan handiena izanik? Soldatapeko 15 milioi langiletik,
alderdi Sozialdemokratak milioi bat kide ditu! 15 milioietik
sindikalki 3 milioi daude antolaturik!

Demokrazia gutxiengo ziztrin batentzat, demokrazia aberatsentzat:
horixe da gizarte kapitalistako demokrazia. Demokrazia
kapitalistaren mekanismoa gertuagotik behatzen badugu,
beti eta alde guztietatik ikusiko ditugu demokraziaren
murrizketak eta murrizketak: xehetasun “txikiak”, ustez txikiak,
sufragiorako eskubidean (etxebizitza baldintza, emakumearen
bazterketa, etab.), instituzio ordezkatzaileen teknikan,
biltzeko eskubidearen aurka doazen traba eraginkorretan
(eraikin publikoak ez dira “miserableentzat”!), eguneroko prentsaren
egituraketa erabat kapitalistan, etab., etab. Behartsuei
inposaturiko murrizketa, salbuespen, bazterketa eta traba hauek
garrantzi gabeak dirudite, batez ere klase zapalduen gabezia
sufritu ez dutenentzat eta hauen eguneroko bizitzarekin kontaktuan
egon ez direnentzat (politikari eta publizista burgesen
hamarretatik bederatziri, ez bada ehuneko laurogeita hemeretziri,
gertatzen zaiona); baina, oro har, murrizketa hauek
behartsuak politikatik, demokraziaren partehartze aktibotik,
baztertzen dituzte.

Trotsky eta Lenin


Marxek oso ongi hauteman zuen demokrazia kapitalistaren
esetzia hau Komunaren bere analisian ondorengoa estean:
zapalduei, zenbait urteetatik behin, Parlamentuan klase zapaltzaileko
zein agintarik ordezkatu eta zanpatu behar dituen
aukeratzen uzten zaie!

Baina, demokrazia kapitalista honetatik habiatuz —ezinbestean
itxia, behartsuak soka azpitik gaitzesten dituena eta,
beraz, demokrazia erabat hipokrita eta faltsua—, ez da garapen
jarrairik ematen modu sinple, zuzen eta lasai batean “gero
eta demokrazia handiago batera”, irakasle liberalek eta oportunista
burges txikiek sinestarazi nahi diguten moduan. Ez.
Garapen jarraia, hau da, komunismorako garapena, proletalgoaren
diktaduratik pasatzen da, eta honela bakarrik izan daiteke,
ez baitago esplotatzaile kapitalisten erresistentzia hausteko
beste indarrik ez beste biderik.

Baina proletalgoaren diktadura, hau da, zapaltzaileak azpiratzeko
klase dominatzaile bezala antolatutako zapalduen
abangoardia, ezin da soilik demokraziaren zabaltze sinplera zuzendu. Demokraziaren izugarrizko zabaltzearekin batera, lehen
aldiz behartsuentzako demokrazian, herritarrentzako demokrazian
bihurtzen dela, eta ez aberatsentzako demokrazian,
proletalgoaren diktadurak zenbait murrizketa inplikatzen ditu
zapaltzaileen, esplotatzaileen eta kapitalisten askatasunetan.
Hauek erreprimitu behar ditugu gizateria soldatapeko esklabutzatik
askatzeko; beren erresistentzia indarrez garaitu behar
da, eta begi bistakoa da errepresioa eta biolentzia dagoen
tokian ez dagoela ez askatasunik ez demokraziarik.

Engelsek honakoa bikain adierazten du Bebeli idatziriko
gutunean, irakurleak gogoratuko duen moduan, zera dioenean:
“proletalgoak oraindik Estatua behar duen bitartean, ez
du beharko askatasunaren interesetan, bere etsaiak menperatzeko
baizik, eta askatasunaz hitz egin daitekeen bezain laster
Estatuak bere gisan existitzeari utziko dio”.

Demokrazia herriaren gehiengo erraldoiarentzat eta errepresioa
indarrez, hau da, demokraziatik bazterketa esplotatzaileentzat,
herriaren zapaltzaileentzat: hona hemen demokraziak
jasango duen eraldaketa kapitalismotik komunismorako trantsizioan.

Soilik gizarte komunistan, kapitalisten erresistentzia jada
erabat apurtu denean, kapitalistak desagertu direnean, klaseak
egongo ez direnean (hau da, gizarteko kideen artean ekoizpen
baliabide sozialekiko ezberdintasunak existitzen ez direnean),
soilik orduan “desagertuko da Estatua eta askatasunaz
hitz egin ahalko da”. Soilik orduan izango da posible eta errealitate
egingo da benetako demokrazia osatu bat, hain zuzen,
murrizketarik inplikatzen ez duen demokrazia bat. Eta soilik
orduan hasiko da demokrazia iraungitzen, arrazoi sinple batengatik,
gizakiak, esklabutza kapitalistatik askatuak, esplotazio
kapitalistaren izugarrikeria, piztikeria, absurdo eta doilorkeria
zenbaezinetatik askatuak, pixkanaka, mendeetan barrena
ezagunak izan diren eta milaka urtetan zehar eredu guztietan
errepikatu izan diren bizikidetzako oinarrizko arauak betetzen
ohituko direlako; biolentziarik gabe, hertsapenik gabe,
menpekotasunik gabe, Estatua deritzon indarkeriazko aparatu
berezi hori gabe betetzen ohituko dira.

Esamolde hau, “Estatua iraungitu egiten da”, oso ongi hautatua
dago, prozesuaren izaera graduala eta honen berezkotasuna azpimarratzen baitu. Soilik ohituraren indarrak ezarri dezake
eta ezarriko du dudarik gabe influentzia hori, gure inguruan
milioika alditan ikusten baitugu zein erraztasunez ohitzen den
jendea bizikidetzako arauak betetzera, ez badago esplotaziorik,
ez badago ezer haserraraziko duenik, protestak eta altxamenduak
eragingo dituenik eta errepresioa ezinbesteko egingo
duenik.

Horrenbestez, gizarte kapitalistan demokrazia anputatu,
zeken, faltsu bat daukagu, soilik aberatsentzako, gutxiengoarentzako,
den demokrazia bat. Proletalgoaren diktadurak, komunismorako
trantsizio aldiak, lehen aldiz herriarentzako,
gehiengoarentzako, demokrazia bat ekarriko du, gutxiengoaren,
esplotatzaileen, beharrezko errepresioarekin batera. Soilik
komunismoak eman dezake benetako demokrazia osatu bat,
eta zenbat eta osatuagoa izan, orduan eta lehenago utziko dio
beharrezko izateari eta bere kabuz iraungituko da.

Beste hitz batzuetan esanda: kapitalismoan Estatu bat
daukagu hitzaren zentzu hertsian, klase batek bestea erreprimitzeko
eta, gainera, gutxiengoak gehiengoa erreprimitzeko
makina berezi bat. Begi bistakoa da, zapaltzaileen gutxiengo
batek zapalduen gehiengoa sistematikoki erreprimitzea bezalako
eginkizun bat aurrera eramateko beharrezkoa dela krudelkeria
izugarri bat, errepresio basati bat, beharrezkoak direla
odolezko itsasoak non gizateria hauetan zehar joaten den
esklabotzak, morrontzak, soldatapeko lanak azpiraturik.

Karl Marx

Geroago, kapitalismotik komunismorako trantsizioan zehar,
errepresioa oraindik ere beharrezkoa da, baina jada esplotatuen
gehiengoak esplotatzaileen gutxiengoa erreprimitzean
datza. Oraindik beharrezkoa da aparatu berezi bat, errepresiorako
makina berezi bat: “Estatua”. Baina jada trantsiziozko
Estatu bat da, ez da jada Estatu bat hitzaren zentzu hertsian,
zeren atzoko soldatapeko esklaboen gehiengoak esplotatzaileen
gutxiengo bat erreprimitzea hain erlatiboki erraza,
sinplea eta naturala izango da, ezen esklaboen, jopuen eta soldatapeko
langileen altxamenduen errepresioa baino askoz
odol gutxiago isuriko baita eta gizateriari askoz gutxiago kostako
baitzaio. Eta hau demokrazia herritarren gehiengo hain
handiarengana zabaltzearekin bateragarria denez, errepresiorako
makina berezi baten beharra desagertzen hasten da. Normala den bezala,
esplotatzaileek ezin dute herria erreprimitu
zeregin hau gauzatzeko bidea emango dien aparatu izugarri
konplikatu bat gabe, baina herriak oso “makina” sinple
batekin erreprimitu ditzake esplotatzaileak, ia “makinarik” gabe,
aparatu berezirik gabe, masa armatuen antolakuntza sinplearekin
(langile eta soldadu diputatuen Sovietak diren bezala,
esan dezagun, zertxobait aurreratuz).

Azkenik, komunismoak bakarrik ezabatzen du erabat
Estatuaren beharra, ez baitago inor erreprimitzeko, “inor” klaseko
zentzuan, herritarren zati jakin baten aurkako borroka
sistematikoaren zentzuan. Ez gara utopistak eta ez dugu ukatzen
inola ere, gizabanako batzuk gehiegikeriak egitea posiblea
eta ekidinezina denik, gehiegikeria horiek erreprimitzeko
beharra ere ukatzen ez dugun bezala. Baina, lehenik eta behin,
horretarako ez da beharrezkoa makina berezi bat, errepresiorako
aparatu berezi bat; hori herri armatuak berak egingo du,
pertsona zibilizatuen edozein taldek egin dezakeen sinpletasun
eta erraztasun berarekin; egungo gizartean ere, banandu
egiten dira borrokan ari direnak edo eragotzi egiten da emakume
bat erasotua izan dadin. Eta, bigarrenik, badakigu bizikidetzako
arauen hausturan oinarritzen diren gehiegikerien
kausa sozialik sakonena, masen esplotazioa, beren eskasia eta
beren miseria direla. Funtsezko kausa hau ezabatzean, gehiegikeriak
ere ezinbestean “iraungitzen” hasiko dira. Ez dakigu
zein azkartasunekin eta mailaketarekin, baina badakigu iraungitu
egingo direla. Eta berarekin batera Estatua ere iraungitu
egingo da.

Utopietan sartu gabe, Marxek, xehetasunez zehaztu zuen
etorkizun honi dagokionean orain zehaztea posible dena, hots:
gizarte komunistako fase (gradu edo etapa) behe eta gorena.

-Lenin