Páginas
▼
'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 5. kapitulua, 3. puntua
3.- GIZARTE KOMUNISTAREN LEHENENGO FASEA
Gotha-ko Programaren Kritikan, Marx-ek zehatz mehatz errefusatzen
du, sozialismoan, langileak “lanaren produktu osoa” jasoko
duela dioen ideia lassallearra. Marxek, gizarte guztiaren
lan sozial guztitik erreserbako fondo bat, ekoizpena handitzeko,
makina “gastatuak” berritzeko, etab.erako beste fondo bat,
eta kontsumorako objektuez gain, administrazio, eskola, hospitale,
zaharren egoitza, etab.entzat beste fondo bat deskontatu
beharko dela frogatzen du.
Lassalleren esaldi lauso, nahasi eta orokorraren ordez
(“langileari lanaren produktu osoa eman”), Marxek azterketa
zentzudun bat ematen du gizarte sozialistak bere aferak nola
administratu beharko dituenaren inguruan. Marxek, kapitalismoa
existituko ez den gizarte honen bizi baldintzen analisi
konkretuari heltzen dio, eta honela dio:
“Hemen” (langile alderdiaren programaren azterketan)
“kontua ez da bere oinarriaren gainean garatu den gizarte komunista
bat, baizik eta alderantziz, hain zuzen ere gizarte kapitalistatik
irten berria den bat eta, beraz, oraindik ere bere alderdi
guztietan, ekonomikoan, moralean eta intelektualean,
gizarte zaharraren zigilua aurkezten duena, zeinaren barrenetatik
sortua izan baiten”.
Gizarte komunista hau da, kapitalismoaren barrenetik
atera berria dena eta bere aspektu guztietan gizarte zaharraren
zigilua daramana, Marxek gizarte komunistaren “lehenengo”
fasea edo behe fasea deitzen diona.
Ekoizpen baliabideak jada gizabanakoen jabetza pribatu
izateari utzi diote gizarte guztiaren jabetza izateko. Bertako
kide bakoitzak, sozialki beharrezkoa den lanaren zati jakin bat
burutzean, gizartetik lan kopuru hau edo bestea egin izanaren
akreditazio agiri bat jasotzen du. Agiri honengatik, kontsumo
gaien biltegi sozialetatik dagokion produktuen kopurua eskuratzen
du. Behin fondo sozialera pasatzen den lan kopurua ondorioztatuta,
langile bakoitzak, beraz, gizartetik ematen dion
adina jasotzen du.
Dirudienez, “berdintasuna” da nagusi.
Baina Lassallek, ordena sozial honetaz mintzatzean (sozialismo
izendatu ohi dena eta Marxek komunismoaren lehen
fase izendatzen duena), hau “bidezko banaketa” dela dio, “bakoitzak
lanaren produktu berdinera duen eskubide berdina”
dela. Lassalle okertu egiten da, eta Marxek agerian uzten du
bere okerra.
Hemen “eskubide berdinak” —dio Marxek—, printzipioz,
oraindik “eskubide burgesa” izaten jarraitzen du, eskubide orok
bezala, desberdintasun bat aurresuposatzen duelarik. Eskubide
orok gizaki ezberdinei neurri berdina aplikatzea esan nahi du,
hauek benetan antzekoak ez direnean, elkarren artean berdinak
ez direnean; horrenbestez, “eskubide berdina” berdintasunaren
urratze bat eta bidegabekeria bat da. Egia esan, bakoitzak
bestearen lan sozialaren zati berdina egiten badu, produktu
sozialaren zati berdina jasotzen du (adierazitako ondorioak egin
ostean).
Hala ere, gizakiak ez dira berdinak: batzuk indartsuagoak
dira eta besteak ahulagoak; batzuk ezkondurik daude eta
besteak ezkongabe; batzuk besteek baino seme alaba gehiago
dituzte, etab.
“…Lan berdinarekin —amaitzen du Marxek— eta, beraz,
kontsumo fondo sozialeko partehartze berdinarekin, batzuk
besteek baino gehiago lortzen dute, batzuk besteak baino aberatsagoak
dira, etab. Eragozpen hauek guztiak ekiditeko, eskubideak
ez luke berdina izan behar, ezberdina baizik…”
Horrenbestez, komunismoko lehen faseak ezin du oraindik
justiziarik ez berdintasunik ezarri: aberastasun ezberdintasunek
irauten dute, ezberdintasun bidegabeek; baina jada
bazterturik geratuko da gizakiaren gizakiagatiko esplotazioa,
ez baita posible izango, jabetza pribatuko tituluarekin, ekoizpen
baliabideetaz, lantegietaz, makinetaz, lurraz, etab.etaz jabetzea.
Orokorrean “berdintasunari” eta “justiziari” buruzko
Lassalleren esaldi burges txikia birrinduz, Marxek gizarte komunistaren
garapenaren bilakaera seinalatzen du; lehenik,
behartua egongo da, soilik gizabanako isolatuek ekoizpen baliabideak
usurpatzean datzan “injustizia” hori suntsitzera,
baina ez da gai izango kolpetik beste injustizia ere suntsitzeko,
kontsumo gaiak “lanaren arabera” (eta ez beharren arabera)
banatzean datzan hura suntsitzeko.
Ekonomista zabarrek, irakasle burgesak barne, eta euren
artean “gure” Tuganek, sozialistei behin eta berriz gizakien
arteko ezberdintasuna ahazten dutela eta ezberdintasun
hau suntsitzea “amesten” dutela aurpegiratzen diete. Horrelako
gaitzespenek, ikusten dugun moduan, jaun ideologo burges
hauen erabateko ezjakintasuna bakarrik erakusten dute.
Marxek modurik zehatzenean hartzen du kontuan, ez
bakarrik gizakien ezberdintasun sahiestezina, baita ekoizpen
baliabideak gizarte guztiaren jabetza komun izatera pasatze
soilak ere (“sozialismoa”, hitzaren ohiko zentzuan) ez dituela
banaketaren akatsak eta “eskubide burgesaren” ezberdintasuna
ezabatzen, honek agintzen jarraitzen duela, produktuak
“lanaren arabera” banatzen diren heinean.
“…Baina akats hauek —jarraitzen du Marxek— ekidinezinak
dira gizarte komunistaren lehen fasean, gizarte kapitalistatik
jaiotzen baita erditze luze eta mingarri baten ondoren.
Eskubideak ezin du inoiz egitura ekonomikoaren ezta honek
baldintzatua den gizartearen garapen kultularalen gainetik
egon…”.
Honela beraz, gizarte komunistaren lehen fasean (sozialismoa
izendatu ohi dena), “eskubide burgesa” ez da erabat ezabatzen,
baizik eta soilik zati batean, soilik jada lorturiko eraldaketa
ekonomikoaren neurrian, hau da, soilik ekoizpen baliabideei
dagokienean. “Eskubide burgesak” gizabanakoen ekoizpen
baliabideen gaineko jabetza pribatua aitortzen du. Sozialismoak
hauek jabetza komun bihurtzen ditu. Zentzu honetan —eta
soilik zentzu honetan— desagertzen da “eskubide burgesa”.
Hala ere, eskubide honek bere beste aspektu batean ere
irauten du: gizarteko kideen artean produktuen banaketaren
eta lanaren banaketaren erregulatzaile bezala. “Lan egiten ez
duenak ez du jaten”: printzipio sozialista hau jada errealitate
bat da; “lanaren kopuru berdinari, produktuen kopuru berdina”:
printzipio sozialista hau ere jada errealitate bat da. Baina
hau ez da oraindik komunismoa, ez du oraindik “eskubide
burgesa” ezabatzen, honek produktu kopuru berdina ematen
baitie berdinak ez diren gizakiei eta lanaren kopuru ezberdinagatik
(ezberdina izatez).
Hau “akats” bat da, dio Marxek, baina komunismoaren lehen
fasearen akats ekidinezina, zeren, utopian erori gabe, ezin
pentsa daiteke, kapitalismoa eraistean, gizakiek berehala gizartearentzako
lan egiten ikasiko dutenik inongo eskubide arauri
heldu gabe; gainera, kapitalismoaren abolizioak ez ditu bat-
batean aldaketa honetarako premisa ekonomikoak ezartzen.
Beste arauak, “eskubide burgesetik” kanpo, ez dira existitzen
eta, horrenbestez, oraindik Estatuaren beharrak iraun
egiten du, ekoizpen baliabideen jabetza komuna zainduz, lanaren
berdintasuna eta produktuen banaketaren berdintasuna
zainduko duela.
Estatua kapitalistak ez dauden heinean, jada klaseak ez
dauden heinean iraungitzen da eta, honexegatik beragatik, ez
dago inongo klaserik erreprimitu beharrik.
Baina Estatua ez da oraindik guztiz iraungitu, zeren benetako
berdintasuna zigortzen duen “eskubide burgesaren”
babesak irauten du. Estatua erabat iraungitzeko beharrezkoa
da erabateko komunismoa.
-Lenin