Hungariar iraultzaz. (Lenin, 1919)


Ederki ezagutu nuen Béla Kun burkidea oraindik ere gerrako preso zenean Errusian, eta berak ere askotan bisitatu ninduen komunismoaz eta iraultza komunistaz eztabaidatzeko.
Beraz, hungariar iraultza komunistaren berriak heldu zirenean, eta Béla Kun burkideak sinatutako mezua jaso genuenean berekin mintzatzen saiatu ginen iraultzaren egoera zehazki aztertzeko.
Jasotako lehenengo mezuak kezkatzeko zenbait arrazoi utzi zizkigun, ustezko sozialistak, sozialtraidoreak, agian komunisten inguruan ibili zirelako, hauek engainatzeko asmoz, are gehiago espetxeratuak zeudela kontuan harturik. Beraz, hungariar iraultzaren lehenengo mezua jaso eta biharamunean, Budapestera irrati-telegrama bat bidali nuen, Béla Kun aparatura jar zedila eskatuz, eta zinez berekin ari nintzela zihurtatzeko galdera sorta berezi bat luzatu nuen.

Bertan den gobernuaren izaera eta momentuko bere politikarako dituen benetako bermeei buruz galdetu nion. Béla Kun burkidearen erantzuna osoki pozgarria izan da eta gure zalantza guztiak baztertu ditu. Badirudi Ezkerreko Sozialistek Béla Kun espetxean bisitatu eta gobernua osatzeko kontsultak egin dizkiotela. Eta komunistei jarraitzen dieten Ezkerreko Sozialista horiek, eta baita zentroko jendeak ere, izan dira gobernu berria osatu dutenak.
Eta bitartean, Eskuineko Sozialistak, sozialtraidoreak, kontziliaezinak eta zuzenezinak alegia, partidua utzi eta langilerik ez da joan haien atzetik.

Azkeneko komunikazioek erakutsi dute hungariar gobernuaren politika hain sendo eta joera komunistakoa direla ezen gu langile-kontrolaz hasi eta emeki industria sozializatzen joan ginen bitartean, Béla Kun, bere izen onarekin eta jende askoren babesaren jabe denaren ziurtasunaz azkenean ahal izan duen lege bat onartu kapitalistek Hungarian zeuzkaten industriak jabego publikoko bihurtzeko.
Bi egun beranduago guztiz konbentziturik gelditu gara Hungariar Iraultzak hartu egin duelako —azkenean eta ezohizko azkartasunaz— komunismoaren bidea.
Burgesiak Hungariako komunistei boterea eman die. Burgesiak mundu guztiaren aurrean agerian utzi du krisi larri batean, edo nazioa arriskuan dagoenean, ez dela gobernatzeko gai. Eta hemen bakarrik dagoela gobernu bat herri-gobernu dena, herriak zinez maite duena: Langile, Soldadu eta Nekazarien diputatuen gobernua.

Bizi bedi Soviet boterea Hungarian!

Ejerzito Gorriaren betebehar sakratua. (Trotsky, 1920)



Ejerzito Gorriko burkide soldaduak!

Aurtengo martxoaren 8an, Samarako probintzian jaiotako Kurmayev izeneko tartaro zahar bat ni ikusteko asmoz etorri zen Afera Militarretako Herri Komisariatura. Moskura etorri da bere nekazari langile tartaro herrikideek eskatua, eta, malkoak begietan, Soviet Botereak Dutov-en taldeetatik Samarako probintzia askatzea eskertu du.

Hauxe da esan didana:

«Zorigaitz asko jasan ditugu kosakoak gure herriskan egon diren bitartean. Ofizial kosakoek ez dituzte soilik gure zaldiak, abereak eta aleak hartu ezer ordaindu gabe —bereziki nekazariak kezkaturik zeudenean; are okerrago, gutaz barre egin eta jazarri, jipoitu eta tirokatu gaituzte. Tartarook inor baino okerrago izan genuen.

Ejerzito Gorria aurrera zihoala entzun genuen, baina ez genekien horrek garai onagoak ala txarragoak ekarriko zituen. Kosakoek gure herriska utzi eta Ejerzito Gorria etorri zenean ikusi genuen beste mota bateko jendea zela. Ez genuen irain gehiagorik jaso. Soldadueak adiskidetasunez mintzatzen ziren gurekin, eta ordena ezarria izan zen herriskan eta inguruetan. Arnasa lasai hartu eta Ejerzito Gorria bedeinkatu genuen».

Hori da familia ugari baten aita den tartaro zaharrak esan zidana. Eta hitz horiek entzun nituenean, burkide soldaduak, harro sentitu nintzen Langile eta Nekazarien Ejerzito Gorriaz.

Adibide txiki horretan indar iraultzaileen benetako izaera ageri da, baita borrokatzera behartuta gauden gerra honen esanahia.

Alde batetik burges eta lurjabeen tropak praktikan berrezartzen dute, edonora doazela, tsarrekin nagusitzen zen justizia beltza, alegia pobreen zapalkuntza —eta bereziki beste hizkuntza bat hitz egin edota beste nazio edo erlijio batekoak diren guzti horientzat.

Avdat-eko herriskan biztanleak musulmanak dira, beraz…jazarri, zapaldu, arpilatu eta txikitu itzazue! Hori da ohoregabeko kontrairaultzaileen taldeen jardunaren printzipioa.
Indar gorri iraultzaile kontzienteak ez dira halakoak. Eurek badakite langileria, edozein naziotakoa izanik, beraien anai-arrebak direla. Badakite jendea ez dela nazioen arabera banandu behar baizik-eta klaseen arabera.
Edozein langile zintzok familia bat osatzen du, edozein hizkuntza duelarik eta edozein delarik bere gurasoek otoitzeko erabiltzen duten lekua.

Zapaltzaile, esplotatzaile, parasito, eta erasotzaile guztiak langileen etsai dira, nazionalitateak axola gabe. Ejerzito Gorriko soldaduen betebeharra —beren betebehar sakratua— pobreak aberatsengandik defendatzea da. Horixe da gure ejerzitoa munduko beste ejerzito guztietatik bereizten duena. Baina oraindik ez dute denek hori ulertu. Badago atzeratua, ezjakina eta zanpatua den jende multzo bat ez dakiena zer den Ejerzito Gorria ezta zein den bere xedea. Zuen betebeharra da —burkide soldaduak— hori guztia denei azaltzea, eta are garrantzitsuagoa dena, praktikan frogatzea.

Edozein nekazari pobrek, edozein langilek, edozein etxekoandre zanpatuk, edozein etxegabeko agurek edo sostengurik gabeko umezurtzek behar du ikusi Ejerzito Gorria bere defendatzaile gisa.

Soldadu gaixoa bere eginbeharra ulertu ez eta boterea bere anai-arrebak zapaltzeko erabiltzen duenak!

Baina Ejerzito Gorriko zinezko soldaduarentzat, pobreen interesak eta eskubidek ausarki eta ohorez defenditzen dituenarentzat, ohorea eta aintza, eta langileen esker ona.

Mosku, 1920ko martxoak 10.