Communarden horma |
ANARKISMOA ETA KOMUNISMOA
Evgeni Preobrazhensky
(itzulpena: F.Engels Fundazioa)
Aurkibidea:
-Sarrera
-Nobleziaren Estatu autokrata
-Estatu burgesa
-Estatu proletarioa
-Estatu proletarioa eta honen desagertze jarraitua
-Anarkistak eta Estatu proletarioa
-Ekonomia komunista eta ekonomia anarkista
-Anarkismoaren klase oinarriak
-Anarkisten taktika
-Anarkosindikalismotik komunismora
-Anarkismo errusiarra 1921ean
-Ondorioa
Marx eta Bakunin |
SARRERA
“Anarkia” terminoak, jatorri grekoan, botere eza esan nahi du.
Honela beraz, anarkistak inolako botere edo inposaketa motarik
existituko ez den eta askatasun absolutuak aginduko duen
erregimen sozial bat helburu duten pertsonak dira.
Baina akaso boltxebike-komunistek —galde dezake irakurleren
batek— askatasun absolutua okerragotzat al daukate inposaketadun
bizitza bat baino, honen jatorria edozein izanik ere?
Ez, erantzungo dute komunistek; gizakiarentzat eta gizartearentzat
askatasun absolutua askatasun mugatua baino
hobea da, egoera orotan biolentziagatik behartua eta borondatearen
aurka jarduteko beharra baino hobea. Baina, esate baterako,
liberal burges bati alderdi liberalaren askatasunaren
azken ideala zein den galdetuko bagenio, honek ere bere borrokaren
azken helburua gizakiaren eta gizateriaren askatasuna
dela erantzungo du. Honela “askatasun absolutuaren”
xedeak ez du inongo aukerarik ematen anarkista komunistatik
ezberdintzeko, eta gainera liberal burgesaren kidetza
onartzea behartzen du eta, orokorrean, inposaketaren eta biolentziaren
aurrean askatasunaren onurak onestuki onartzen
dituzten, edo askatasunaren inguruko berriketak eta hitzaldiak
erabilgarriak aurkitzen dituzten pertsona guztiena.
Horregatik, anarkisten eta komunisten artean ezberdintasun
nagusia zein den antzeman ahal izateko beste puntu
batzuetan bilatu behar dugu. Erabil dezagun, esate baterako,
anarkistek beren foileto, aldizkari edo diskurtso guztietan
errepikatzen duten honako esaldia hau: “Gu biolentzia ororen
etsaiak gara, gobernu botere ororen etsaiak gara hau biolentziazko
organoa den aldetik”. Baieztapen honen oinarriaren
gainean anarkistei ondorengo auzia planteatzen diegu: Baina
gobernu boterea masa langileek erdietsia izan bada, eta beren
etsaien deuseztapenerako aprobetxatzen badute, zuek botere
horren aurka ere egongo al zarete?
Hemen jada erantzun ezberdinak jasotzen ditugu anarkistengandik.
Batzuk erantzungo dute: “Gu ez gara botere horren
etsaiak izango, langile masen alde lan baliagarri bat egiten
duen bitartean”. Besteek ordea erantzungo dute: “Gu botere
ororen aurka gaude, eta suntsitzen saiatzen gara, edozein
izanik ere eta edozein egoeretan”.
Honela beraz, hona hemen boltxeike-komunisten eta
anarkisten arteko ezberdintasun erradikal bat: Estatuaz duten
ikusmolde ezberdina, ez hainbeste aurrerago ikusiko dugun
bezala orokorrean Estatuaren inguruan, Estatu-komunaren
inguruan baizik, langileen eta nekazarien Estatuaren inguruan.
Ikus dezagun bada zer den Estatua eta zein kontzeptu
daukaten honi dagokionean komunistek. Estatua biolentzia
organo bat dela edozein burges txikik daki zerga biltzailearen
bisita jasotzen duenean, edozein nekazarik bere behi bakarra
zergak ez ordaintzeagatik saltzen diotenean, edo edozein langilek
kapitalaren aurkako greba batean parte hartzea kartzelarekin
edo fusilamenduarekin ordaintzen duenean. Estatua
biolentzia organo bat dela gaur egun, zorionez, burgesiak ere
badaki gobernu sobietarrak bere bankuak, jauregiak, lantegiak
eta kapitala indarraren bidez kendu dizkionean.
Auzi garrantzitsuena beraz honakoa jakitean datza: zeinen
interesetan gauzatzen den biolentzia hau, zeinen eskuetan
dauden biolentzia organo horiek, eta zer gertatu den langileen
eta nekazarien gobernu boterearen aurka, kontrairaultzaile
guztiak eta burgesia guztia ez ezik, anarkistak ere altxa daitezen,
modu honetan hauen aliatu bihurtuz.
Frantziar Iraultza: Luis XVI, Frantziako eta Nafarroako erregea, gillotinaren bidean |
NOBLEZIAREN ESTATU AUTOKRATA
Estaturik existitzen ez zen garai bat egon zen. Klaseak ere existitzen
ez ziren garai bat, non gizakiak ez ziren banatzen aberatsetan
eta pobreetan, langileetan eta besteen lanaren esplotatzaileetan.
Baina kointzidentzia hau, klaseak existitzen ez zirenean
Estatua ere ez existitzearena, ez da kasuala.
Denak berdinak ziren nekazal Komunitate primitiboan,
lehenik pertsona aberatsagoen geruza bat nabarmentzen hasten
denean, geruza hau geroago komunitatearen indar militarren
buruan jartzen da, egoera honetaz baliatzen delarik bere
bizilagunekin gerra egitearen bidez bere jabetzak zabaltzeko,
bide-lapurreriaren bidez eta herrialde garaituen kontura lehenik,
eta bere herriaren kontura ondoren. Honela, Estatuaren
agerpenerako aukerako baldintzak sortzen hasten dira. Baroiak,
kondeak eta dukeak, tribuen buruzagi militar eta lurjabe
handi gisa, Estatuaren enbrioi bat adierazten zuten instituzioez
inguratzen hasten dira. Ikus dezagun.
Kondeak bere menpekoak epaitzen zituen eta, noski,
epaile bezala, bere interesei eta pribilegioei begiratzen zien
bere zerbitzari leialen gutiziatik askatuz. Hona hemen klaseko
auzitegia bere jatorrian.
Auzitegi honen erabakiak bere sateliteek gauzatzen zituzten.
Hona hemen poliziaren enbrioia.
Gerrarako edo lurraldearen barneko istilu garrantzitsuak
zapaltzeko, pikete armatuak erabiltzen ziren. Hona hemen etorkizuneko
indar militarrak.
Kristautasuna hartuz eta oparien eta lurren kontzesioen
bidez ordezkari erlijiosoen mesedea eskuratuz, kondeak edo
dukeak bere eskura polizia izpirituala zeukan, eta horrela
sostengatzen zituen esplotaziorako bere pribilegioak, ez zartailuaren
bidez bakarrik, baita gurutzearen eta ebanjelioaren
bidez ere. Hona hemen Elizaren eta Estatuaren batasunaren
jatorria, edo gauza bera dena, Eliza klase dominatzailearen
tresna batean bihurtzea, herria izpiritualki eta materialki esklabo
egiteko.
Geroago, konde, baroi eta duke ezberdinen arteko borroken
eta indartsuenaren garaipenaren ondoren, azken honek
duke handiaren, erregearen edo enperadorearen titulua hartzen
du, herrialde barnean botere goren bilakatuz eta modu honetan
Estatu enbrioia benetako Estatu monarkiko handi batean
eraldatzea gauzatuz. Lehen bere jaurerrian jopuen gainean
agintzen zuen baroia orain beste baroiekin, kondeekin eta dukeekin
batzen da; denak elkartzen dira “monarka maitearen”
tronuaren ondoan eta herria bateraturik zuzentzen dute eta
ez isolaturik lehen bezala. Noble, baroi, konde txiki ezberdinen
eta nobleziako lurjabe handien arteko batasunetik lurjabeen
eta aristokraten klase osoaren boterea sortzen da. Nolabait
esatearren, herriaren aurka zuzendutako batasun bakar
bat osatzen duten akzionisten sozietate bat sortzen da, non
kide bakoitzari, bertan sartzean, bere klaseko kideen babesa
ziurtatzen eta bermatzen zaion.
Hemendik aurrera, nekazarien aurka auzi bat antolatzea
beharrezkoa denean, zergak ez ordaintzeagatik, jabetza pribatua
defendatzeko, etabar… jada ez du kondeak edo dukeak
bere kabuz jokatuko; orain honetaz Estatuak, hau da, noble
guztien batasunak izendaturiko epaile bat arduratuko da. Nekazari
behartsuaren zapalkuntzaren aurka protestatzen duena
zigortzea edo kondena bat betearaztea beharrezkoa denean,
ez dira arduratuko jada jauntxoaren lehengoko sateliteak,
Estatuaren polizia baizik, hau da, nobleen eta kondeen klase
osoaren agenteak. Monarkari dagokionean, botere gorentzat
hartzen den arren, errealitatean lurraren jabe handiek beste
herri guztiaren gainean duten autokrazia estaltzen du. Bide
batez nobleentzat estaltze hau onuragarria gertatzen da, Monarkak
bere aurrean denak berdinak direnaren papera jokatzen
duen heinean. Noizean behin, monarkak, justiziari kontzesio
ñimiño bat eginez, lurjabe bat edo beste zigortzen du, honela,
nobleziaren klase guztiaren probetxuan, errentaren, Estatuaren
zergen forman… milioika pertsonen esplotazioa are gehiago
errazteko xedearekin.
Nobleziaren batasun honekin, noski, zapaltzaileen klasea
indartu egiten da eta masa langileak zatituak eta sakaba21
natuak geratzen dira, altxamendu isolatuak porrotera kondenaturik
egonik. Honela, lehenago kondearen edo baroiaren
biolentziaren jomuga zen nekazaria barrutiko beste nekazari
guztiek babesten zuten bezala; jauntxoaren indar armatuak
mugimendua menperatzeko moduan egon ez zitezkeen bezala,
kasu batzuetan baroi eta kondeak beren herrietatik kanporatuak
izateraino iritsiz eta hauen lekuan hiri eta eskualde libreak
sortuz, orain hau guztia ezinezkoa zen. Esate baterako,
nekazari baten behiak noblearen jabetzako garia zapaldu
badu, epaileak nekazaria isun bat ordaintzera kondenatuko
du; nekazariak ez badauka isuna zerekin ordaindu edo injustua
iruditzen bazaio, fiskalak nekazariaren behia salduko du
isuna ordaintzeko. Nekazariak aurka egiten badu, poliziak atxilotu
egingo du. Herri edo probintzi guztia atxiloketa eragozten
saiatzen bada, polizia kopuru handiagoa, edo bestela armada
bidaliko da. Probintzia guztia edo probintzi taldeak altxatzen
badira, gobernuak eskuragarri dituen indar militar eta polizia
guztiak bidaliko ditu mugimendua jazartzeko helburuarekin.
Eta azkenik, sakrifizioaren ondoren, milaka hildakoren eta
milioikako galeren ondoren, nekazaria zapaldutako gariarengatik
isuna ordaintzera derrigortuko da. Aurrerantzean, nobleziaren
Estatu guztiak bere indar militarrak indartuko ditu,
auzirik txikiena izanik ere, nekazalgoaren aurka noble isolatu
oro babesteko helburuarekin.
Modu honetan, nobleak Estatu autokrata batean antolatzeak
ikaragarri indartu zuen klase hau, eta langile masak
ahuldu zituen bere esplotatzaileen aurrean beren burua defendatzeko
aukerarik gabe utziz.
Guzti honetatik beharrezkoa da bi ondorio ateratzea: lehenengoa
eta garrantzitsuena, orokorrean, Estatua gizartea klaseetan
zatitzearekin sortzen dela da; jabetza pribatua gutxi
batzuen eskuetan geratzen denean; jabetza hau jabeen klase
guztiek defendatzea beharrezkoa denean; masengandik salbatuz
pribilegio hauek defendatu behar dituen klase pribilegiatu
bat agertzen denean; eta klase “agurgarri eta aberats” horrek
bere aberastasun eta eskubideak defendatu ez ezik, herri langilearen
kontura handitu ere egiten dituenean.
Bigarren ondorioa da Estatua ez dela gizartea klase ezberdinetan
egotea eragiten duena, ezta ezberdintasuna eta pertsona
batek bestea esplotatzea sortzen duena ere, alderantziz baizik,
klase arteko zatiketa eta ezberdintasun ekonomikoa dira Estatua
esplotatzaileen erakunde bezala agertzea sorrarazten
dutenak. Eta behin sortua izan denean, Estatuak indartu egiten
ditu klase dominatzaileak eta geroz eta gehiago handiagotzen
du sorrarazi zuen ezberdintasun ekonomikoa.
ESTATU BURGESA
Baina nobleziaren Estatu autokrata (normalean Estatu feudala
bezala ezagutzen dena) ez da betierekoa, bera eraikia dagoen
indar ekonomikoa ere, jabetza latifundista handia, betierekoa
ez den bezala. Pixkanaka, nobleziaren Estatuaren barnean
beste klase bat sortzen eta hazten da: burgesia komertzial
eta industriala. Noblezia, luxuenganako eta plazerenganako
zuen zaletasunaren ondorioz, pobretzen hasten da eta burgesiak
gradualki jauntxo feudalen lurrak lortzen ditu, bere eskuetan
industria guztia, komertzio guztia eta nekazal ekonomiaren
zati bat biltzera iristen delarik. Burgesiak klase feudalaren
irabaziak jaso nahi ditu, azken honek lurraren
errentatik, jopuen betebehar ezberdinetatik eta, batez ere, Estatuaren
zergetatik jasotzen dituen irabaziak desira ditu. Irabazi
hauek guztiak nobleziaren eskuetara itzultzen dira herrialdea
gobernatzen duena bera den heinean. Burgesiak nobleziari
bere irabazien iturriak kendu behar dizkio hauek
kapitalaren jabetza bihurtzeko. Honakoa lortzeko helburuarekin
eta nobleziaren Estatuak zergen bidez, etabar… ezartzen
dizkion kargak saihesteko, hala nola, Estatua nobleziaren prozedurekin
bateraezinak diren esplotazio bide kapitalistetara
egokitzeko, burgesiak beharrezkoa du herri langilearen esplotatzaile
lehiakidea boteretik kentzea. Kanporatze hau iraultza
burgesen bidez gauzatzen da eta boterea burgesiaren eskuetara
pasatuz edo burgesiaren eta nobleziaren artean paktu bat
eginez amaitzen da. Modu batera edo bestera, Estatu berria
kapitalaren interesetara moldatzen da, honen metatzearen interesetara
eta langile masen erasoen aurkako defentsara.
Izan ere, auzia klase zapalduaren ikuspuntutik hausnartzen
badugu, proletalgoaren perspektibatik, Estatu burgesa
oso gutxi ezberdintzen da nobleziaren Estatu autokratatik.
Sare batean harrapaturiko txori batentzat kaiola estu batetik
beste zabalago batera pasatzeak oraindik askatasuna lortzea
esan nahi ez duen moduan, langile klasearentzat nobleziaren
Estatu autokrata Estatu burgesagatik ordezkatzea kaiolaren
zabaltze bat bakarrik da, ez ordea bere deuseztatzea.
Gelditu gaitezen lehenik bi Estatu mota hauen arteko ezberdintasunean.
Nobleziaren erregimen autokratan, klase honek
gobernatzen du herrialdea monarka baten atzean ezkutatuz,
esan ohi denaren arabera, monarka hau klase guztien gainetik
dagoelarik eta mundu guztiari zori onena opatzen diola
suposatzen delarik. Langile masek agintzen zaiena egin behar
dute arrazoitu gabe. Hemen, esplotatzaile aristokraten talde batek
langileen gehiengoaren gainean ezartzen duen biolentzia
ez da ezerekin ezkutatzen, begi bistakoa, irekia eta zabarra da.
Aldiz, Estatu burgesean gutxiengo aberatsak gehiengoaren
gainean ezartzen duen biolentzia modu miresgarri batean
dago mozorrotua, batez ere gobernuko boterea sufragio unibertsalaren
edo honen hurbileko prozedura baten bidez aukeraturiko
Parlamentu batengan kontzentraturik badago. Burges
garaikideak masa langileen “zuzendaritza” lana nobleak
baino modu sotilagoan gauzatzen du, hauek bahiketa fiskalaren
bidez bakarrik jarduten baitzekiten. Hemen, biolentzia askatasun
formalaren itxuran dago mozorrotua, arlo ekonomikoan
kapitalistek langile klasea esplotatzen duten moduaren
mozorro berberarekin. Honela, joputzaren erregimenean zehar,
nekazaria behartuta zegoen, esate baterako, asteko hiru
egun zuzenean jauntxoarentzat lan egitera, eta denentzat argi
zegoen modu honetan beharturik zegoela bere lanaren erdia
lurjabe bizkarroiari entregatzera. Aldiz, erregimen kapitalistan,
langileak aukera dauka gosez hiltzearen artean edo kapitalistarentzat
honek esandako soldataren truke lanera joatearen
artean “askatasunez aukeratzeko”. Hemen, ustezko askatasun
batez baliatuz, mozorrotu egiten da esplotazioa bera eta
lanaren zati bat, lehen jopuek lurjabeari bezala, langileak kapitalistari
ordaindu gabeko lan moduan entregatzen diola.
Berdina gertatzen da biolentziaren antolakuntzaren inguruan,
gizarte burgesean hau adierazten den moduaren edo,
hobe esanda ezkutatzen saiatzen den moduaren inguruan. Behingoan
herritarren gehiengoak hautaturiko Parlamentua, laburbilduz,
langileen gehiengoa menderatzeko zereginean kapitalisten
osotasunaren sostenguzko organoa dela frogatzea ez
da hain erraza. Langile klaseari bere esperientziak bakarrik
erakusten dio kapitalismoaren mekanika ezkutu guztia ulertzen
eta kapital garailearen interesei eta eskariei erantzuten
dien Estatua bere benetako balioan aintzat hartzen.
Gizarte burgesean, botere gorena parlamentuarena da.
Nobleziaren erregimen autokratikoan langileek eta nekazariek
soilik aginduak jasotzen zituzten heinean eta, aurre egiteko
kasuan, eztabaidarik gabe zigortuak izaten ziren bitartean,
orain langile klaseei ere galdetzen zaie hiru edo lau urtez
behin parlamentura nor eraman nahi duten.
Zein ohore handia! Nola liteke posible serioski gizaki asketzat
hartzeko desirari eustea?
Egia da lau edo bost urtez behin langileei hau galdetzen
zaiela, hauteskundeetan bakarrik, aldez aurretik ezagutzen
baitute zein izango den erantzuna; badakite nekazariak apaizen
bat edo “hezitako” kulak bat aukeratuko duela, orain arte
Mendebaldean gertatu den moduan. Badakite langileek parlamentura
sozialistaz doazen abokatuak edo Scheidemannen
moduko sozial-abertzaleak eta burgesiaren agenteak bidaliko
dituztela, eta langileen gutxiengo batek soilik emango diela
beren bozka benetako sozialista iraultzaileei.
Burgesiak badaki hau guztia eta horregatik nahiago du,
masen aurkako biolentzia zuzena baino lehenago, gobernua
goitik izendatu baino lehenago, gizarte bat antolatzea non masek
euren buruak zapalduko dituzten autoritateak aukeratuko
dituzten.
Baina Parlamentura, ez jada benetako sozialisten, baizik
eta besterik gabe elementu adiskidetzaileen gehiengo bat iristeko
arriskua dagoenean, burgesiak ez du atzera egiten eta kontsekuenteki
jarduten du, bai sufragio unibertsala ezabatuz, adibidez
Sajonian bezala, edo baita mesedegarria ez den parlamentua
deseginez ere, Kerenskyk parlamentu finlandiarrarekin
egin zuen moduan, etabar. Kasu hauetan, derrigorrezko bozka
eskubide orokorraren ordez, jabe handientzako eta txikientzako
soilik den sufragioa sartzen da. Parlamentua herri borondatearen
adierazle denaren gezur eta engainu guztia airean desagertzen
da. Parlamentua horretarako existitzen da, eta burgesiak
guztiz bere borondateari erantzuten dion bitartean bakarrik
onartzen du. Eta orduan boto eskubidea jabedunek bakarrik
badute, modu ireki batean gizarte kapitalistan boterea dirua
daukatenena dela adieraziz, honek ez du esan nahi sufragio
unibertsala indarrean dagoen bitartean auzia beste modu batean
planteatzen denik, gertatzen dena da besterik gabe egoerak
ez duela burgesia hau onartu behar izatera derrigortzen.
Praktikan, oso arraroa da gizarte burgesean sufragio unibertsala
aurkitzea. Burgesiak, behin noblezia garaitutakoan edo
honekin tratuan sartutakoan, sufragio unibertsalaren antza
eduki nahi duten egungo formak ere, edo esperimentu arriskutsu
bat direla edo erabat alferrikakoak direla irizten du. Geroago,
burgesia konbentzitu egiten da masei libreki hauteskunde
eskubideak ematea arriskutsua ez dela; kapitalagatik zapaldurik
dauden masei hiru edo lau urtez behin hautatzeko
eskubidea eman daitekeela, batez ere masak beren egoera esklabutzarena
izan arren honako hau lortzen saiatzen direnean
eta hauteskunde erreformen aldeko borroka hasten dutenean.
Eta soilik aldi aurre iraultzaileetan, langile klasearen
eta nekazarien esnatzea gertatzen zen momentuetan, burgesia,
berriz ere bere ahultasuna sentituz, beharturik zegoen
bere arropa demokratikoak baztertzera eta parlamentua hizketa
saio antzuen instituzio batetara murriztera, edo biolentzia
lotsagabeenaren bidez masen zapalkuntza ezartzera.
Hala ere, burgesiak, orokorrean, beharrezkoa du Parlamentua,
ez soilik herria engainatzeko (bitarteko honek balio
duen bitartean), baita beste hainbat arrazoigatik ere. Lehenik
eta behin, parlamentuaren eskuineko aldean bere etsai zaharra,
aristokrazia latifundista, zokoratzeko eta herriaren gehiengoa
ez dagoela nobleziaren alde erakusteko. Bigarrenik, parlamentua
burgesiarentzat garrantzitsua da gizarte kapitalistako
klase aberatsen talde ezberdinen arteko operazioetarako
burtsa politiko bezala.
Kontuan hartu behar da burgesia proletalgoaren aurka
esku hartzen duenean bakarrik egoten dela bateratua. Burgesiaren
beraren barnean interes ezberdinak dituzten talde ezberdinak
existitzen dira: burgesia finantzarioa (bankuen jabeak),
burgesia industrial handia, burgesia ertaina eta proletalgora
elkartzen ez den burgesia txikiaren zatia.
Talde hauei guztiei, etsai komunaren aurrean, hau da, herri
langile eta zapalduaren gehiengoaren aurrean, beren ezta-
baidak enfrentamendu ireki batera irits ez daitezen interesatzen
zaie, hauek parlamentuko borrokara eta espekulaziora
mugatzea nahiago dutelarik. Azkenik, parlamentua bitarteko
miresgarri bat da masen arreta marrazo kapitalisten politika
harraparitik desbideratzeko, hauek herria pobretzeko lana isilean
gauzatzen duten heinean eta parlamentuaren gehiengoa
txotxongiloez osaturik balego bezala zuzenduz. Eta beraien
maniobrak honela gauzatzen dituzten bitartean, lapurreta
plan ezberdinak hausnartzen eta burutzen dituzte, masa inkontzienteek
ahoa zabalik entzuten dituzte parlamentuko hizlari
baten edo bestearen hitzaldiak, bertan herriaren borondatea
gauzatzen ari dela imajinatuz. Auto-engainu hau larriagotu
egiten da parlamentuan kapitalaren aurkako atsedenik
gabeko oposizioaren papera jokatzen duten hainbat Scheidemann
egotearen ondorioz, langileei beren interesak ere bertan
ordezkatuak daudela sinestarazten baitie. Soilik kapitalaren
aurkako benetako erasoa hasten denean, gure artean Urriko
Iraultzan gertatu zen bezala, soilik orduan desagertzen da iruzur
parlamentario guzti hau eta bere kutsu gorrizka galtzen
dute hitzontzi sozialista guztien fisonomiek.
Honela beraz, Estatu feudalaren eta Estatu burgesaren
arteko ezberdintasuna azken honetan herriaren aurkako biolentzia
hobeto disimilatua egotean datza.
Nobleziaren gobernu autokratikoan, langilea eta nekazaria
zuzenean eta zeremoniarik gabe lumatzen dira; aldiz, parlamentarismo
burgesean prozedura hau burutzeko “bere adostasuna
adierazten” uzten zaio.
Bi Estatuen arteko antzekotasuna gobernuko geruza altuenaz
gain (kasu batzuetan monarka, besteetan hauteskunde
bidezko parlamentua), gobernuko aparatu guztia ere, hobe
esanda, zapalkuntzako aparatu guztia, toki berberean geratzen
dela da.
Tribunalak geratzen dira, nahiz eta zigor-legeak kapitalaren
interesetan berrikusiak izan diren.
Polizia eta jendarmeria geratzen dira, aldaketa da orain
nagusi berrien taktikaren arabera jarduten dutela.
Armada iraunkorra geratzen da, aldaketa da ofizialtasuna
berritu egiten dela, nahiz eta ez toki guztietan, burgesiaren
elementuekin.
Kasuen gehiengo zabalean eliza geratzen da, kapitalaren
jendarme izpiritual moduan, azkar egokitzen delarik honen
eskakizunetara. Eta kapitalistek beraientzat erlijioa ez dela
beharrezkoa uste badute, herriarentzat, aldiz, arrakastarekin
erabiltzen dute.
Goitik izendaturiko funtzionarioen jendetza ikaragarria
geratzen da.
Diplomazia sekretua geratzen da, aldaketa da kanpo politika
orain ez dela horrenbeste monarka baten edo bestearen
interes pertsonalen mesedetan egiten, burgesiaren talde indartsuenen
interesetan baizik. Horrenbestez, aginte burgesean
gerra, Estatu autokratikoan bezala, herriaren adostasunik
gabe deklaratzen da, kapitalista handikien talde txiki batek
gobernuko aparatu burges guztia erabiliz, biolentziarik handienak
burutzen dituztelarik milioika langileren gainean.
Estatu feudalaren eta Estatu burgesaren arteko antzekotasun
hau guztia oso erraz azaltzen da. Bata zein bestea gutxiengo
ziztrin batek herriaren gehiengoa dominatzeko aparatu bat
dira. Konbinaketa hau, beste modu batean, ezingo zen aurrera
eraman. Honegatik, burges kontziente bati galdetzen badiogu
bere interesei dagokionez zein estimatzen duen gehiago,
parlamentua edo polizia, beti polizia esango du.
“Nik konstituzioa maite dut, baina bien artean aukeratu
behar banu, argi dago platerik gozoena aukeratuko nukeela”.
Azken finean, jakina da parlamentua huts egitera iritsiko balitz,
poliziak modu seguruago batean defendatuko lukeela burges
litxarreroen plater “gozoa”.
Denak ados egongo dira, esate baterako Frantzian, masen
zapalkuntzara eta ordena burgesa sostengatzera bideraturiko
aparatu guztia, askoz hobeto prestatua dagoela Errepublikan
kapitala defendatzeko, iraultzaren aurretik aristokrazia
latifundista eta eliza defendatzeko egon zena baino. Orain
langabetuak ez badio etxearen jabeari alokairua ordaintzen,
nazioko aparatu juridiko, polizial eta, beharrezkoa bada, aparatu
militar guztia martxan jarriko dira burgesari bere jabetza
pribatuaren interesak bermatzeko. Lanik gabeko kide bat
lagunduko zuten langileek errazagoa lukete iraultza sozial
osoa aurrera eramatea, isunaren inguruan epaileak emandako
erabakia atzera botatzea lortzea baino.
Honela beraz, Estatu burgesak ere masa langileen gaineko
klase burgesaren biolentzia antolatua ordezkatzen du. Burges
liberalarentzat, nobleziaren autokraziaren eta Estatu parlamentario
nazionalaren arteko ezberdintasuna izugarria da.
Langilearentzat aldiz, ezberdintasun hau bi hitzetan azaldu
daiteke: kaiola zabalagoa da, zartailua leunagoa, eta kolpeak
konstituzioaren aurre akordioarekin ematen dira*.
(*) Baina proletalgoaren alderdiak beti aitortu izan du kaiola zabalago edo estuago
baten arteko ezberdintasuna, eta honegatik, monarkiak eta parlamentarismo burgesak
elkarren artean borrokatzen zutenean, beti parlamentarismo burgesa babesten
zuen monarkiaren aurka, eta borroka parlamentarioaz baliatzen zen, gero
parlamentarismotik proletalgoaren eta nekazari behartsuen diktadurara joateko.
(Idazlearen oharra)
Errusiar Iraultza Sozialista: Guardia Gorria Moskuko kaleetan |
ESTATU PROLETARIOA
Ikusi dugu nobleziaren Estatu autokratikoa, egia esan, nobleziaren
maila nazionaleko erakunde bat dela, hasieran indar
militar bakar, ahaltsu eta batu bat irudikatzen duena, eta
gero, poliziaren eta armada iraunkorraren forma hartzen duten
indar zapaltzaile antolatu ikaragarrien buruan ezarriz,
milioika langile bere tresna bilakatzeko gai den indar bat dela.
Nobleziaren Estatua honen pribilegioen zaintzarako zentinela
bat da, pribilegio hauek herri langile esplotatuaren erasotik
defendatzeko, honetarako sarritan herriaren beraren indarrak
erabiltzen dituelarik.
Estatu burgesa ere langile masak menperatzeko tresna
bat da, baina orain kapitalaren eta nobleziaren interesetan,
zeinaren eskubideak burgesia guztiaren eskubideekin berdindu
diren.
Aparatu honek gutxiengo baten interesetan jarduten du
herritarren gehiengo zabalaren erresistentzia zapalduz. Ikus
dezagun orain zer den Estatu proletarioa eta zertan ezberdintzen
den aipatu ditugun bi Estatuen formetatik, lapurreriaren
eta esplotazioaren formetatik.
Estatu proletarioa iraultza proletarioaren garaipenaren
emaitza gisa sortzen da. Proletalgoaren destakamendu isolatuak
porrotera kondenaturik daude gobernu burgesaren aurka
modu sakabanatu batean esku hartzen badute, zeren burgesia
(bere kabuz ez duena indar oso handia errepresentatzen
milioika langilerenarekin konparatuz) nahiko indartsua baita
destakamendu hauek gobernu aparatuaren laguntzarekin banan
bana desegiteko. Berebiziko garrantzia du honako hau gogoratzeak,
izan ere, klase etsaiaren aurkako borrokan klaseko
gobernu antolakuntzak duen nagusitasun handiaren datu honek
bere kabuz eta erabat baliogabetzen baititu etsaiaren aurkako
borroka zentro buruzagi batek, diziplina batek eta plan
komun batek lotu gabeko destakamenduen bidez egin behar
denaren inguruko hitzontzikeria anarkista guztiak. Gure Urriko
langileen eta nekazarien iraultzak Errusian botere burgesa
garaitu bazuen, proletalgoak antolakuntzarik handiena
erabili zuelako eta klase burgesaren gobernuko batasunari,
maila nazionalean sobietetan eta boltxebikeen alderdi panerrusiarrean
antolaturiko proletalgoaren indar guztien batasunarekin
aurre egin zitzaiolako bakarrik izan zen. Antolakuntza
burgesak antolakuntza proletarioaren aurka talka egin
zuen, eta garaitua izan zen.
Honela, Estatu proletarioa jada enbrioi moduan existitzen
da alderdian, boterea eskuratzeko borroka zuzentzen
duela, eta proletalgoaren masa erakundeetan, hasiera batean,
hauen eginkizuna proletalgoaren borroka bere atzean jartzea
dela, hau da, proletalgoari helburu zehatzak dituen klase bezala
eratzen eta talde ezberdinen ekintzak helburu hauen
menpe jartzen laguntzen baitiote. Proletalgoak, klaseko batasun
jakin batean burgesia garaitzen duenean eta boterea lortzen
duenean, bere erakunde guztiak gobernu erakundeetan
eraldatzen dira.
Honek esan nahi du, sobietak proletalgoa batzeko organo
izatetik herrialdeko beste klase eta talde guztiak botere proletarioaren
menpe jartzen dituzten organo bihurtzera pasatzen
direla.
Berdin gertatzen da, nahiz eta mantsoago, sindikatu iraultzaileen
moduko klaseko erakundeekin.
Modu honetan, Estatu proletarioa borrokan jaiotzen dela
ikusten dugu, klase borrokaren berotasunean sortzen dela eta,
geroago ikusiko dugun moduan, beti proletalgoaren gudako
erakundea izaten jarraitzen duela.
Ikus dezagun orain Estatu proletarioa zertan ezberdintzen
den nobleziaren Estatu autokratikotik eta Estatu burgesetik,
nola helburuen ezberdintasuna Estatu proletarioaren egituran
bertan islatzen den.
Noblezia gobernu botereaz jabetzen da bere pribilegioak
defendatzeko helburuarekin, hau da, irabaziak eta masen gaineko
boterea, lurjabe handien aurkako klase honen erasoen
aurrean.
Burgesiak boterea iraultza burgesaren bidez konkistatzen
du, kapitalaren pribilegioak defendatzeko eta langile
klasetik ahal bezain gainbalio gehien zukatzeko zereginean lagundu
diezaion.
Bi Estatu forma hauek langile masen zapalkuntza eta
beraien gainean esplotatzaile talde batek ezartzen duen biolentzia
errazten dute.
Estatu proletarioak, aldiz, aurkako helburua jarraitzen
du. Bere eginkizuna langile iraultzak burutu ez duena amaitzea
da, honetarako denbora jakin bat behar baita: burgesiaren
eskuetatik behin betiko ekoizpen baliabide guztiak, hau
da, lantegi eta tailerrak, kentzea; gizartearen klase arteko zatiketa
desegitea; gizakiak gizakia esplotatzearekin amaitzea;
lanaren obligazioa ezartzea eta gizarte guztia langile kideen
ejertzito bakar eta langile batean eraldatzea.
Hala eta guztiz ere, Estatu proletarioak, programa honen
gauzatze praktikoa hasi aurretik, klase aberatsen erresistentzia
deuseztatu behar du. Baina klase hauek borroka gogor baten
ondoren bakarrik uzten dute beren boterezko posizioa, eta
behin erdigune nagusienetan garaituak izandakoan, herrialdeko
eskualde ezberdinetan altxamendu ahaleginak antolatzen
dituzte. Gobernu proletarioak Errusian ia hiru urte behar
izan zituen kontrairaultzaren iturriak zapaltzeko Donean,
Uralen lurraldean, Siberian eta Iparraldean; bere existentzia
defendatu behar izan zuen guardia zuriek zuzendu zuten Poloniaren
aurkako gerran, eta Sobietar Batasunaren aurka
mundu kapitalista guztiak babesten zituen beste nazio mugakide
batzuen aurkakoan.
Honela, Estatu proletarioaren eta Estatu burges eta feudalen
artean oinarrizko ezberdintasun bat existitzen da.
Estatu burgesak eta Estatu autokratikoak klase dominatzaileen
interesak defendatzen dituzten bitartean, Estatu
proletarioak pribilegio oro, ezberdintasun oro eta esplotazio
oro desegitea du xedetzat. Boterea hartzean, proletalgoak ez
du herritargoaren beste klaseen esplotatzaile eta dominatzaile
bihurtzeko erabiltzen, etorkizuneko esplotazio oro deuseztatzeko
baizik, klase guztiak eta hauen birsortzeko aukera
guztiak desegiteko.(*)
(*) Kapitalismoarekin eta egungo trantsiziozko fasearekin alderatuz
ekonomiaren antolakuntzakomunistak eskaintzen dituen abantaila guztiei,
Estatuaren likidazioari eta indar askeak lan ekonomikoan aplikatzeari esker,
etxeko ekonomiaren
eta hezkuntza familiarraren likidazioari esker,milioika emakume ekoizpenean
txertatzeari esker, etabar, beharrezkoa da gainera mota guztietako kontrol aparatuetarako
indarren eta bitartekoen murrizketa gehitzea. Gizarte burgesean indar
kopuru ikaragarria xahutzen da enpresa txikien kontabilitate “pribatu” txikiarentzako,
langileen gaineko zaintzan eta kontrolean, baliabide materialen zaintzan,etabar.
Egungo trantsizio aldian, Errusian, indar kopuru izugarri bat banaketako
eta kontsumo arauen ezarpeneko organoetan gastatzen da, kontrolerako
eta ekonomia komunista antolatuak ezagutuko ez dituen forma burokratiko jakin
batzuetarako. (Idazlearen oharra).
Baina klaseak suntsitzeko Estatuaren jaiotza sortzen
duen kausa suntsitu behar da. Zentzu honetan langile Estatua
Estatu posible guztietan azkena dela esan daiteke.
Estatu proletarioa orokorrean Estatua hiltzen den forma
da, gutxiengoaren erakunde beharrean gehiengo langilearen
erakundean eraldatzen denean.
Baina, akaso ba al du zentzurik, esate baterako, botere
Sobietarra gobernu botere bat dela esateak?
Bai, honela esan daiteke eta esan behar da.
Estatu oro biolentziaren erakunde bat da, baita Estatu
proletarioa ere.
Baina, zeinena eta zeinen gainean?
Esplotatuen eta zapalduen batasunarena esplotatzaileen
gainean, langileen batasunarena bizkarroien gainean, gehiengoaren
batasunarena gutxiengoaren gainean.
Honela bada, bere helburuengatik, Estatu proletarioa
Estatu feudaletik eta burgesetik zerua lurretik bezala bereizten
dela ikusten dugu. Eta modu berean bereizten da bere egituran.
Nobleziaren Estatu autokratikoaren ateetan zera dago
idatzia: hemen aristokrazia latifundistakoa denari, lurjabeen
klaseko kideari, besteen lanaz bizi denari eta bere esku aristokratikoak
lanarekin zikintzen ez dituenari bakarrik uzten zaio
boterera iristen.
Estatu burgesaren ateetan irakur daiteke: hemen kapitala
eta jabetza handia duenak, aberasteko soldatapeko lana
erabiltzen duenak, boterean parte hartzeko eskubidea ematen
dion agiri bat duenak agintzen du, zeina ehun milakako eta
milioikako kapitalaren eta lantegietan eta tailerretan lanpeturiko
ehunka eta milaka langileen ordezkari baiten.
Estatu proletarioan ez zaio besteen lanetik bizi denari,
beste gizaki bat esplotatzen duenari, bere aberastasunerako
soldatapeko lana erabiltzen duenari boterera iristen uzten.
Estatu proletarioan lan egiten duenari bakarrik uzten zaio boterera
iristen, soilik bere lanetik bizi denari eta ez besteen eskuetatik
jasotako errentetatik bizi denari.
Lehen, noblezia gizarteko klase gorenena bezala hartzen
zen, beste klase guztiak “klase baxuak” ziren. Geroago, klase altua
lurjabe handiek, burgesia handi eta ertain guztiek eta intelektual
burgesek osatu zuten. Estatu proletarioan, hiriko eta
landako langile klaseak osatzen du klase zuzendaria, lurjabeei,
burgesei eta intelektualeria burgeseko saboteadoreei beren gobernu
eskubideak kentzen zaizkien bitartean. Baina langile
klaseak, klase gobernatzaile bihurtzean, ez dizkio inori bere lerroetan
sartzeko ateak ixten, alderantziz baizik, denak langile
bihurtu daitezen bideratzen ditu gauzak, gizateri guztia salbuespenik
gabe pribilegiatuez osatua egon dadin, beste hitz batzuetan,
boterea ez dadin inorentzako pribilegio berezi bat izan.
Nobleziaren Estatu autokratikoan, geruza altuetako pertsona
gutxi batzuek bakarrik zuten boterearen pribilegioa eskuratzeko
aukera. Noble jaio ez zen hura, jada jaiotzatik pribilegio
horretatik baztertua zegoen eta ez zuen klase gobernatzailera
iristeko inongo aukerarik, nobleziako tituluak erosten
zituzten gizabanako isolatuen salbuespenaz aparte.
Erregimen burgesean zehar kapitalak agintzen du.
Egia da kapitalistek, erregimen burgesaren onurak eta
bere “justizia” deskribatuz, norbanako bakoitza aberastera heldu
daitekeela adierazteko ohitura dutela. Baina baieztapen hau
burla baten moduan bakarrik uler daiteke, zeren denak burgesia
bihurtuko balira, non egongo litzateke orduan proletalgoa
kapitalisten aberastasunak bere lanarekin sortzen badira? Jon
eta Pello aberastu litezke eta milionari bihurtu, baita lehen eskale
izan baziren ere, baina honek Diego eta Erramun pobretu
egin direla esan nahi du eta klase burgesetik kanpo bidaliak
izan direla, hamar milaka langile eta nekazari klase burgesaren
lerroetan inoiz egon ez diren eta egongo ez diren bitartean.
Ikusten den moduan, kapitalisten eta Estatuko buruzagien
artean egoteko pribilegioa pertsona talde txiki batera mugatzen
da.
Aldiz, Estatu proletarioan denek hartu dezakete parte
Estatuaren zuzendaritzan; lan egiten duen orok, klase zapaltzailekoa
ez den orok, aukera ditzake, esate baterako, sobietak
eta beraietarako hautatua izan. Eta burgesek, eta bereziki
bere lekaio diren mentxebike eta eskuineko sozialiraultzaileek,
langile klaseak eta nekazari pobreek beste talde guztiak
boteretik baztertzen dituztela eta klase pribilegiatu bihurtzen
direla adierazten dutenean, hau erabat faltsua da. Joan dadila
bankaria ereitera edo larrea segatzera, gelak garbitzera, sar
dadila atezain bezala kendu eta nazionalizatu zaion bankuan,
sar dadila bulegoko eskriba gisa bada ere, eta orduan jasoko
du hauteskunde-eskubidea sobietetako hauteskundeetan.
Mota honetako pauso batek, aisitik lanerakoak, bankariari
Estatuaren zuzendaritzan parte hartzeko aukera emateaz
gain (Estatu Sobietarra zuzentzeko gogoa duen kasuan),
bere osasunerako ere baliagarria izango zaio. Azken hau bere
gaixoa gizentasunaren aurka zaintzen duen medikuak egiazta
dezake.
Langile eta nekazari Estatua ezbairik gabe klaseko Estatu
bat da, orain arte klaserik gabeko Estatuak, masak parlamentarismo
burgesaren inguruko fabulekin engainatzen zituzten
zientzia gizon burgesen liburuetan bakarrik existitu
baitira, non “herri guztia den herrialdea gobernatzen duena”.
Baina klaseko Estatu proletarioak, ez dio inori zuzendaritzan
parte hartzeko aukera ixten, alderantziz baizik, hau puntu bat
arte derrigorrezko ere bihurtzen du, lan egiteko beharra sartzen
eta klase aberatsak eta pribilegiatuak desegiten dituen
heinean, honekin denei auzi orokorren erabakian parte hartzeko
aukera eta ezinbestekotasuna irekitzen dielarik. Estatu
proletarioan lan egiten duenak gobernatzen du eta klase aberatsen
baitan egongo da botere horretan parte hartzeko eskubidea
jasotzea.
Eman iezaiozue amaiera Estatu proletarioaren aurkako
duzuen erresistentziari, onartu ezazue garaituak izan zaretela
zuen gizarte-maila langile eta enplegatuekin berdinduz,
eta orduan jasoko dituzue langileek langile Estatuan dituzten
eskubideak. Burges izaten jarraitu nahi duen burgesak bere
buruari hauteskunde-eskubideak edukitzeko eskubidea kentzen
dio.
Errusian, Estatu proletarioa langile masek hautaturiko
sobieten errepublika bezala eratua izan da. Oinarri guztiak daude,
lege orokor bezala, proletalgoaren diktadura beste herrialdeetan
hain zuzen ere sobieten bitartez emango dela pentsatzeko,
parlamentu burgesen desegitearen eta boterea langileen
eta nekazari pobreen sobietengana pasatzearen bidez. Baina
honek ez du esan nahi, noski, lege honek ezin dezakeenik salbuespenik
eduki. Esate baterako, 1871. urteko Parisko Komuna;
gobernu proletarioko lehen organo hau bozketa orokorrez
hautatua izan zen. Ekialde urruneko errepublikan, komunistek
gehiengoa lortu zuten sufragio unibertsalaren bidez, hau
da, demokrazia burgesaren lege guztien arabera hautaturiko
asanblada konstituziogilean. Gerta daiteke herrialde batean
proletalgoak parlamenturako hauteskundeetan gehiengoa lortzea
eta, borroka proletarioaren Estatu Nagusian bere klaseko
etsaien ondoan ez egoteko helburuarekin, parlamentutik
gutxiengo burgesa botatzea. Gerta daiteke herrialde batean
gutxiengo komunistak, diputatu burgesak eta sozialtraidoreak
kanporatu ondoren, langile erakunde iraultzaileen babesarekin
gobernu gorena aldarrikatzea, eta herrialdea sobietetako
hauteskundeak arte eta ongi finkaturiko botere sobietar
baten antolakuntzara arte gobernatzea.
Boterearen konkistan, proletalgoarentzat garrantzia
duena ez da forma (kasu honetan demokrazia sobietarraren
forma), auziaren funtsa baizik. Izan ere, sobiet adiskidetzaileak
existitu ziren, adibidez otsaileko iraultzaren lehen hilabeteetako
sobiet errusiarren moduan, edo baita sobiet alemaniarrak
ere Gillermo enperadorearen eraistearen ondorengo lehen
hilabeteetan. Oraindik ere Austrian sobiet adiskidetzaileak
existitzen dira.
Kontuan eduki behar da, burgesiaren eskuetan ia prentsa
guztia nahiz zapalkuntzarako bitarteko guztiak egonik, proletalgoak
soilik ezohizko kasuetan lortu dezakeela gehiengoa
parlamentuan alderdi komunistarentzat, eta ez du inongo zentzurik
momentu hori itxaroteak boterea bide motzago eta zuzenago
baten bidez, hau da, altxamenduaren bidez konkistatzea
posible denean.
Kapitalistek proletalgoak inguraturik dauzkanean, boltxebikeek
sufragio unibertsala, askatasuna, etabar urratu dutela
oihukatzen dute Tchernov jaunek, kulak errusiarren ideologo
eta beren txoko beroetatik kanporatuak izandako intelektualek,
irmotasunez erakusten die beren babesa. Hala ere, burgesiak
berak, boterearen aldeko borrokan, momentu jakin batean
mesedegarriago zitzaizkion borroka formak aprobetxatu
bakarrik egin behar izan zituen, hauek modu askotara aplikatuaz
eta berak aldarrikaturiko edo agindutako printzipioak
edo legeak hausteko beldurrik gabe.
Ingalaterrako lehen iraultzaren garaiko burges ingelesek
parlamentua erabili zuten boterearen borrokan, diputatuen
zati kontrairaultzailea bertatik bi aldiz kanporatuaz. Burgesia
frantziarrak, 1789ko iraultzaren lehen hiru urteetan, hiritarren
errentan oinarritutako mugak ezarri zituen, honekin
herritarren geruza pobreenak boterean parte hartzetik baztertu
zituelarik.
Alderantziz, burgesia txiki iraultzaileak aldi berean boteretik
baztertu zuen burgesia handia. Girondinoek probintzietako
burgesia komertzialaren ordezkariak kanporatu zituzten
Konbentziotik. Geroago, burgesiak, Frantzian bezala beste herrialdeetan
ere, modu ireki batean praktikatzen zuen bere klaseko
agintea, jabetza handiak zituztenei bakarrik utziz parlamenturako
hautagai izaten, proletalgoa eta behartsuak erabat
baztertuz. Jabetzadunen bozarekin hautaturiko parlamentuak
diputatu burgesen sobietak ziren. Kapitalista handien
garaipen lotsagabea modu batean ezkutatzea beharrezkoa
egin zenean, burgesak herri langilearen hautets eskubideak
zabaltzen hasi ziren, zentzu honetako pauso bakoitza itxurakeria
handiekin markatuaz. Baina, izatez, klase burgesaren
gobernuak oraindik ere parlamentuaren eta eskubideen zabaltzearen
mozorropean jarraitzen zuen, eta bozkatu ezin zen
hura, edo parlamentuak bozkatzea komenigarria ez zen hura,
herriaren bizkarrera burutzen zen isil-gordean. Honela, burgesiaren
diktadurak era askotariko formak hartzen zituen bezala,
alabaina diktadura bat izateari utzi gabe, proletalgoaren
diktadura ere bere hastapenetan forma anitzenetan gauzatu
daiteke praktikan, Estatu proletarioaren forma batak edo besteak
klase aberatsen zapalkuntza azkarrena eta eraginkorrena
eta jabetzaren sistema sozialistaren eraikuntza azkarrena
ziurtatzen badu.
Baina hain zuzen ere azken helburu honen mesedetan, gobernu
proletarioak ezin du inongo kasutan gizarte burgesak
utziriko estatu aparatua erabili. Burgesiak, herrialdeko gutxiengoa
izanik, bereziki langileak osaturiko gehiengoa zapaltzeko
egokituriko botere aparatu bat dauka.
Argi dago langileek eta nekazariek ez dutela aparatu hau
behar, gaur garaituak izan diren esplotatzaileen gutxiengoa
zapaldu baitute, nahiz eta oraindik ere hauek aurka egiten jarraitzen
duten.
Gobernu burgesaren enkarguak egiteko hezia izan den poliziaren
ordez, guardia gorria dago, posible den heinean herritarrek
hautatua dela.
Armada iraunkorraren ordez, langile klasearen armamentu
orokorra dago, hau da, armada gorria, eta gerra garaietan
klaseko armada, langileen eta nekazarien armada. Klaseko
armadaren eta miliziaren aurka oihukatzen duen burgesiak
ahaztu egiten du berak ere, Frantziako iraultzan zehar esate
baterako, bere klaseko etsaien arriskuak mehatxatzen zuen
unetan klaseko indar militar eta zibil bat zeukala, guardia nazionala,
kontuan hartu gabe armada erregularra ere, zerbitzu
militar behartuaren oinarrian eraikia, bere eskuetan instrumentu
itsu bat dela.
Aparatu legegilea ere deuseztatu egin behar da epaileen
hautaketaren oinarriaren gainean berri bat eraikitzeko. Arazo
politikoetarako auzitegiari dagokionean, proletalgoak ez dauka,
burgesiak egiten duen bezala, hipokritaki ezer ezkutatzeko
inongo beharrik eta bere klaseko etsaiak epaitzen ditu, honetarako
epaitegi iraultzaileak sortuz.
Zuzendaritzako aparatuari dagokionean, goitik izendaturiko
burokraziaren ordez, lan hau herri bakoitzean hautaturiko
sobietek gauzatzen dute. Bertako pertsona arduradunek
langile bakoitzak fabrikan dituen baldintza bertsuetan egiten
dute euren lana, pribilegio berezirik eduki gabe, 8 orduko lanaldiaren
ordez 16 ordukoa izatea salbu, maiz egoerak eskatzen
duen moduan, eta langile edo nekazari bat baino gehiago
jasotzeko eskubidea izango lukete aldi baterako, soilik bere
lana burutzeko benetan beharrezkoa den proportzioan.
Momentu orotan hautatzeko eta karguz kentzeko ahalmena,
hona hemen gobernu proletarioa eraikitzeko oinarria.
Gobernu aparatu burgesaren desegitearen ondorio gisa, langile
klaseak eta nekazari behartsuek munduan orain arte inoiz
ikusi ez den Estatu mota berezi bat eraikitzen dute, Errusian
Sobietar Errepublikaren forma hartu zuena.
Estatu honek bere baionetak klase esplotatzaileen aurka
zuzentzen ditu; hauentzat Estatu hau biolentziaren antolakuntza
da.
Langileei eta nekazariei dagokienean, beraientzat sobietak
Errusiako langile eta nekazari guztien interesak zehazteko
eta praktikan gauzatzeko organoak dira.
Sobieten Kongresu Panerrusiarretan, interes orokor
hauek aztertu egiten dira, argitu egiten dira eta ekintza plan
bat egiten da, eta eztabaidatu ondoren plan honekin ados ez
dauden herri sobietak existitzen badira, herri langilearen gehiengoaren
erabakia obeditzera beharturik egoten dira.
Honela, gobernu sobietarra klase aberatsen gaineko biolentziaren
antolakuntza eta masa langileen auto-zuzendaritzako
organoa da.