2.- IRAULTZAREN AZTERKETA
Marxek, bere Luis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia idazlaneko
ondorengo pasartean, 1848tik 1851rako iraultzaren balantzea
egiten du Estatuaren auziari dagokionean, hau baita
hemen interesatzen zaiguna:
“…Baina iraultza erradikala da. Oraindik purgatoriotik
pasatzen ari da. Metodoz betetzen du bere eginkizuna. 1851ko
abenduaren 2ra arte” (Luis Bonaparteren Estatu kolpearen
eguna) “bere prestatze-lanaren erdia amaitua zuen; orain, beste
erdia amaitzen du. Lehenik perfekziora eramaten du botere
parlamentarioa, gero hau eraisteko. Orain, jada hau lortuta,
perfekziora eramaten du botere betearazlea, bere adierazpen
garbienera murrizten du, isolatu egiten du, aurre egiten dio
bere suntsiketa indar guztiak kontzentratu behar dituen aurkakojo puntu bakar bezala” (geuk azpimarratua). “Eta iraultzak
bere aurretiko lanen bigarren zati hau burutua duenean,
Europa zutitu egingo da eta pozez oihukatuko du: “Uxarrean
ondo egin duk, sator zaharra!
Botere betearazle hau, bere erakunde burokratiko eta
militar ikaragarriarekin, bere estatu makinaria konplexu eta
artifiziosoarekin, milioi erdi gizaki batzen dituen funtzionarioen
armada batekin, beste milioi erdiko armada baten ondoan,
gizarte frantziarraren gorputzera sare bat bezala lotzen
zaion eta poro guztiak ixten dizkion organismo bizkarroi beldurgarri
hau, monarkia absolutuaren garaian sortu zen, erregimen
feudalaren gainbeheran, organismo honek hau azkartzen
lagundu zuelarik”. Lehenengo Frantziako iraultzak zentralizazioa
garatu zuen, “baina aldi berean bolumena, atribuzioak
eta gobernu botereko zerbitzarien kopurua handitu zuen. Napoleonek
hobetu egin zuen estatu makinaria hau. Monarkia
legitimoak eta uztaileko monarkiak ez zuten ezer gehitu, lanaren
zatiketa handiago bat izan ezik…”
…Azkenik, errepublika parlamentarioa, iraultzaren aurkako
bere borrokan, beharturik aurkitu zen, neurri errepresiboekin
batera, gobernuaren boterearen baliabideak eta zentralizazioa
indartzera. Iraultza guztiek makinaria hau perfekzionatu
egiten zuten, birrindu beharrean. Agintearengatik txandaka
borrokatzen zuten alderdiek Estatuaren eraikin ikaragarri hau hartzea, irabazlearen harrapakin nagusia bezala ikusten zuten”.
(Luis Bonaparteren Brumarioko Hemezortzia, 98-99 orr.,
4. argitalpena, Hamburgo, 1907).
Pasarte aipagarri honetan, marxismoak urrats handi bat
aurreratzen du Manifestu Komunistarekin alderatuz. Han,
Estatuaren auzia modu zeharo abstraktuan planteatzen zen,
noziorik eta adierazpenik orokorrenekin jardunez. Hemen
jada modu konkretu batean planteatzen da, eta ailegatzen garen
ondorioa ikaragarri zehatza, definitua, praktikoki ukigarria
da: aurreko iraultza guztiek Estatuaren makinaria perfekzionatu
egin zuten, eta egin behar dena haustea, suntsitzea
da.
Ondorio hau nagusia da, funtsezkoa da, marxismoaren
teorian Estatuari dagokionean. Eta hain zuzen ere hau, funtsezkoa
dena, izan da, ez bakarrik nagusi diren alderdi sozialdemokrata
ofizialek erabat ahaztu dutena, baita (beherago
ikusiko dugun moduan) K. Kautskyk, II. Internazionaleko
teorikorik garrantzitsuenak, argi eta garbi desitxuratu duena
ere.
Manifestu Komunistan historiaren ondorio orokorrak laburtzen
dira. Hauek, Estatua klaseko dominazio organo bat
dela ikustarazten digute eta proletalgoak ezin duela burgesia
eraitsi ez bada botere politikoa konkistatuz hasten, ez badu dominazio
politikoa lortzen, ez badu Estatua “klase dominatzaile
bezala antolatutako proletalgoan” eraldatzen ondorioztatzera
eta Estatu proletario hau bere garaipena lortu bezain laster
iraungitzen hasten dela ondorioztatzera eramaten gaituzte
ezinbestean; Estatua ez baita beharrezkoa ezta posiblea ere
klase arteko kontraesanik gabeko gizarte batean. Baina hemen
ez da planteatzen nola gauzatu beharko litzatekeen —garapen
historikoaren ikuspuntutik— Estatu burgesaren Estatu
proletarioagatiko ordezkatze hau.
Auzi hau da hain zuzen ere Marxek 1852an planteatzen
eta ebazten duena. Bere materialismo dialektikoaren filosofiari
leial izanik, iraultzaren urte handietako esperientzia hartzen
du oinarri bezala: 1848tik 1851ra. Hemen, beti bezala,
Marxen doktrina
esperientziaren laburpen bat da, munduaren
ulermen filosofiko sakon bategatik eta historiaren ezagutza
aberats bategatik argiztatua.
Estatuaren auzia modu konkretu batean planteatzen da:
Nola sortu da historikoki Estatu burgesa, burgesiak bere aginterako
behar duen estatu makinaria? Zein izan dira bere aldaketak,
zein bere eboluzioa iraultza burgesetan zehar eta klase
zapalduen ekintza independenteen aurrean? Zein dira proletalgoaren
eginkizunak estatu makinaria honi dagokionean?
Estatu botere zentralizatua, gizarte burgesaren bereizgarri
dena, absolutismoaren erorketaren garaian sortu zen. Bi
dira estatu makinaria honen instituzio tipikoenak: burokrazia
eta armada iraunkorra. Marx eta Engelsen lanetan behin eta
berriz hitz egiten da instituzio hauek hain zuzen ere burgesiarekin
lotzen dituzten milaka harietaz. Langile ororen esperientziak
modu bereziki agerian eta izugarrian agertzen ditu
lotura hauek. Langile klaseak bere haragitik ikasten du lotura
hauek ulertzen; horregatik igartzen du hain erraz eta asimilatzen
du hain ongi lotura hauen nahitaezko izaeraren
zientzia. Demokrata burges txikiek zientzia hau ukatu egiten
dute ezjakintasunagatik eta arinkeriagatik, edota oraindik
eta modu friboloago batean onartzen dute, “termino orokorretan”,
dagozkion ondorio praktikoak ateratzea ahaztuaz.
Burokrazia eta armada iraunkorra gizarte burgesari itsatsitako
“bizkarroi” bat dira, gizarte hau zatitzen duten barneko
kontraesanengatik sortutako bizkarroi bat, baina, hain zuzen
ere, bizitzeko poro guztiak “estaltzen” dizkion bizkarroi bat.
Gaur egun sozialdemokrazia ofizialean nagusi den oportunismo
kautskiarrak, anarkismoaren ondare berezi eta esklusiboa
dela kontsideratzen du Estatua
organismo bizkarroi bat denaren
ideia. Noski, marxismoaren desitxuratze hau erabat abantailagarria
da filistearrentzat, zeinak sozialismoa, “aberriaren
defentsaren” kontzeptua aplikatuz, gerra inperialista justifikatzeko
eta edertzeko desohore harrigarriraino eraman duten;
baina, hala eta guztiz ere, desitxuratze argi bat da.
Feudalismoaren erorketako garaietatik neurri handi batean
Europan bizitako iraultza burges guztietan zehar, aparatu
burokratiko militar hau garatuz, perfekzionatuz eta finkatuz
doa. Bereziki, hain zuzen ere burgesia txikia burgesia handiarengana
erakarria da eta neurri handi batean aparatu honen
bidez bere menpe ezarria da, nekazarien, artisau txikien, merkatarien,
etab.en geruza altuei postu eroso, lasai eta ohoragarri samarrak ematen baitizkie,
postu hauen jabeak herriaren
gainetik jarriz.
Begira ezazue Errusian gertatu dena 1917ko otsailaren
27tik igaro den urte erdian8: lehen ezin hobeki ehunbeltzei
8 ematen zitzaizkien kargu burokratikoak, orain demokrata
konstituzionalisten10, mentxebikeen eta sozial iraultzaileen
harrapakin bihurtu dira. Funtsean, ez zen erreforma serioetan
pentsatzen, hauek “Batzar Konstituziogilera arte” atzeratzen
ahaleginduaz, eta pixkanaka Batzar Konstituziogilea, gerraren
amaierara arte atzeratuaz11! Baina harrapakina banatzeko,
ministroen, idazkariordeen, gobernatzaile orokorren, etab.en,
etab.en postuak betetzeko, ez ziren luzamendutan ibili ezta inongo
Batzar Konstituziogileri itxoiten egon ere! Gobernua eratzeko
konbinazioen jokoa, oinarrian, ez zen “harrapakinaren”
banaketaren eta berbanaketaren espresio bat besterik, goitik
behera, herrialde guztian zehar, administrazio zentral eta lokal
guztian zehar egiten zela. 1917ko otsailak 27tik abuztuak
27rarte doan urte erdiaren azterketa, azterketa objektiboa, eztabaidaezina
da: erreformak atzeratu egin ziren, postu burokratikoen
banaketa burutu zen, eta banaketaren “akatsak” egokitze
batzuen bidez berehala zuzenduak izan ziren.
Baina aparatu burokratikoaren “egokitze” hauetara zenbat
eta gehiago jotzen den alderdi burges eta burges txiki ezberdinen
artean (demokrata konstituzionalisten, sozial iraultzaileen
eta mentxebikeen artean, adibide errusiarrera lotzen
bagara), orduan eta begi bistakoagoa da klase zapalduentzat
eta hauen buru den proletalgoarentzat gizarte burges
ororen
aurka duten etsaitasun eramangaitza. Hemendik beraz, alderdi
burges guztien beharra, demokratikoenak eta “iraulzatile-
demokratikoenak” barne, proletalgo iraultzailearen aurka
errepresioa gogortzeko, errepresio aparatua, hau da, Estatuaren
makina bera, indartzeko. Gertaeren martxa honek behartzen
du iraultza “
suntsipen indar guztiak” estatu boterearen aurka
kontzentratzera, behartu egiten du helburu bezala jartzera, ez
Estatu makina perfekzionatzea, baizik eta hau
deuseztea,
birrintzea.
Ez zen arrazonamendu logikoa izan, gertaeren benetako
garapena baizik, 1848tik 1851rako esperientzia bizia, auzia honela
planteatzeko modura eraman zuena. 1852an Marxek estatu
makina behin suntsiturik
zerekin ordezkatuko den arazo
konkretua oraindik planteatu ez izanak, Marx esperientzia historikoaren
gertaerei zorroztasunez noraino lotzen zaien erakusten
du. Esperientziak ez zuen oraindik auzi honetarako materialik
eman, historiak eguneko gai zerrendan geroago jarriko
baitzuen, 1871an. Ikerlari naturalistaren zehaztasunarekin jokatuz,
1852an gauza bat bakarrik erregistratu zitekeen: iraultza
proletarioa puntu batetara iritsiko da non “suntsipen indar
guztiak” estatu boterearen aurka kontzentratzeko eginkizunari,
Estatua hausteko eginkizunari,
heldu beharko dion.
Hemen galdera hau sor daiteke: Zuzena al da Marxen esperientzia,
oharrak eta ondorioak orokortzea, Frantziako historian
1848tik 1851ra doazen hiru urteetako mugetatik haratago
eramanaz? Galdera hau aztertzeko, Engelsen ohar bat
gogoratuz hasiko gara eta gero gertaeretara pasako gara.
“…Frantzia —idazten zuen Engelsek
Brumarioko Hemezortziaren
hirugarren argitalpeneko hitzaurrean—, beste edozein
tokitan baino gehiago, klaseen borroka historikoak beren
termino erabakigarriraino eraman diren herrialdea da, eta beraz,
ondoz ondoko forma politikoek ere ingurune nabarmenenak
hartzen dituztenena, hauen barnean mugitu baitira klase borroka
hauek eta hauengan aurkitu baitute borroka hauen
emaitzek adierazpidea. Erdi Aroan feudalismoaren erdigunea
izanik eta Berpizkundetik aurrera monarkia batasunzale estamentalaren
herrialde eredugarria, Frantziak iraultza handian
feudalismoa desegin zuen eta burgesiaren dominazio
hutsa ezarri zuen forma klasiko batetan, Europako beste inongo
herrialdek ez bezala. Proletalgo iraultzaileak burgesia
dominatzaileraren aurka buruturiko borrokak ere, hemen forma
bortitz bat hartzen du, ezezaguna beste tokietan” (4. orr.
1907ko arg.)
Azkeneko oharra zaharkitua da, 1871tik aurrera etenaldi
bat gertatu denez gero proletalgo frantziarraren borroka
iraultzailean, nahiz eta etenaldi honek, iraun dezakeen guztiagatik
ere, ez du baztertzen, inolaz ere, hurrengo iraultza
proletarioan Frantzia klase borroka bere amaiera erabakigarriraino
eramaten duen herrialde bezala agertzea.
Baina eman diezaiegun begirada orokor bat herrialde garatuen
historiari XIX. mende amaieran eta XX. hasieran.
Modu mantsoago, anitzago, eta ekintza eremu askoz zabalago
batean, prozesu bera garatzen dela ikusiko dugu: alde batetik,
“botere parlamentarioaren” formakuntza, berdin herrialde errepublikarretan
(Frantzia, Iparramerika, Suitza) monarkikoetan
bezala (Ingalaterra, Alemania eta puntu bat arte, Italia,
Eskandinaviako herrialdeak, etab.); bestalde, alderdi burges
eta burges txiki ezberdinen arteko botereagatiko borroka, postu
burokratikoen “harrapakina” banatzen eta berbanatzen, erregimen
burgesaren oinarriak ukitu gabe utziz; eta, azkenik, “botere
betearazlearen”, honen aparatu burokratikoaren eta militarraren,
perfekzionamendua eta indartzea.
Ez dago duda txikienik ere hauek direla orokorrean Estatu
kapitalisten eboluzio moderno oro bereizten duten ezaugarri
orokorrak. Hiru urtetan zehar, 1848tik 1851ra Frantziak,
modu azkar, irmo, kontzentratu, batean erakutsi zituen mundu
kapitalista guztiaren berezko garapenaren prozesuak.
Eta bereziki inperialismoak, banku-kapitalaren garaiak,
monopolio kapitalista erraldoien garaiak, kapitalismo monopolista
Estatuko kapitalismo monopolistan eraldatzen den garaiak,
“estatu makinariaren” indartze ikaragarri bat erakusten
du, aparatu burokratiko militarraren garapen izugarri bat, proletalgoaren
aurkako errepresioaren handitzearekin batera,
nola herrialde monarkikoetan hala herrialde errepublikar askeenetan
ere.
Ezin jar daiteke zalantzan, gaur egun, munduaren historiak,
1852an baino neurri askoz zabalagoetan bultzatzen duela
iraultza proletarioa, Estatu makina suntsitzeko “indar guztien
kontzentraziora”.
Zerekin suntsitu behar du proletalgoak makina hau? Parisko
Komunak honen inguruko materialik hezitzaileenaz hornitzen
gaitu.