IV. KAPITULUA
Jarraipena.Engelsen azalpen gehigarriak
Marxek Komunaren esperientziaren esanahiaren funtsezko
tesiak ezarriak utzi zituen. Engels behin eta berriz itzuli zen
gai honetara, Marxen azterketa eta ondorioak argituz eta batzuetan
auziaren beste aspektu batzuk azalduz, eta halako indar
eta erliebearekin egin zuen, ezen bereziki beharrezkoa
gertatzen dela azalpen hauetan geratzea.
1.- “ETXEBIZITZAREN ARAZOA”
Etxebizitzaren arazoari buruzko bere lanean (1872), Engelsek
jada Komunaren esperientzia kontuan hartzen du, hainbat alditan
Estatuarekiko iraultzak dituen eginkizunetan gelditzen
delarik. Interesgarria da ikustea, gai zehatz baten inguruan
nola nabarmentzen diren, alde batetik, Estatu proletarioaren
eta egungo Estatuaren arteko ezaugarri amankomunak —bi
kasuetan Estatu bati buruz hitz egiteko oinarria ematen digutenak—
eta, beste aldetik, ezberdintasunen ezaugarriak edo
Estatuaren suntsiketarako trantsizioa.
“Nola konpondu, orduan, etxebizitzaren arazoa? Egungo
gizartean beste edozein arazo bezala konpontzen da: eskaintzaren
eta eskariaren parekatze ekonomiko gradualaren bidez,
konponbideak etengabe arazoa ugaltzen duelarik eta, beraz, ez
hau ez da konponbidea. Iraultza sozialista batek arazo hau konponduko
lukeen modua, ez dago denbora eta toki testuinguruaren
baitan bakarrik, baizik eta, gainera askoz garrantzi
handiagoa duten auziekin erlazionatzen da, hauen artean funtsezkoenetako
bat bezala, hiriaren eta nekazalguneen kontrastea
dagoelarik. Nola gu ez garen jarduten etorkizuneko gizartearen
antolakuntzarako ezein sistema utopiko eraikitzen, alferrikakoa
izango zen hemen geratzea. Egia da, hala ere, hiri
handietan eraikin nahikoa existitzen direla jada gaur, erabilera
arrazional bat emango balitzaie, berehala etxebizitzaren
benetako triskantza oro konpontzeko. Hau, noski, egungo jabeak
desjabetuz eta beren etxeetan etxerik ez duten edo pilaturik
bizi diren langileak sartuz bakarrik lor daiteke. Eta proletalgoak
botere politikoa konkistatu bezain laster, neurri hau,
herri-onuren interesak inposatua, gaur egungo Estatuak burutzen
dituen beste desjabetzeak eta etxebizitzen konfiskazioak
burutzea bezain erraza izango da” (22. orr. 1887ko argitalpen alemaniarrean).
Hemen Engelsek ez du estatu boterearen formaren aldaketa
aztertzen, baizik eta soilik bere ekintzen edukia. Etxebizitzen
desjabetze eta konfiskazioak egungo Estatuaren aginduz
ere burutzen dira. Ikuspuntu formaletik Estatu proletarioak
ere etxebizitzak konfiskatzeko eta eraikinak desjabetzeko “aginduko”
du. Baina bistakoa da aparatu betearazle zaharra, burgesiari
lotutako burokrazia, sinpleki erabilezina izango litzakeela
Estatu proletarioaren aginduak gauzatzeko.
“…Argi utzi behar da biztanleria langilea, lan bitarteko
guztiez, industria guztiaz, eraginkorki jabetzea, hain zuzen
ere “erreskate” proudhondarraren aurkakoa dela. Bigarren konponbidean,
langile bakoitza da etxebizitzaren, landaren, lan bitartekoaren
jabe izatera pasatzen dena; lehenengoan, aldiz, “biztanleria
langilea da” etxebizitzen, fabriken eta lan bitartekoen
jabe kolektibo izatera pasatzen dena, eta ez da oso probablea,
trantsizio aldian behintzat, gizabanakoei edo kooperatiba sozietateei
gastuen kalteak ordaindu gabe hauen erabilpena
ematea. Lur jabetzaren abolizioak lurraren errentaren abolizioa
inplikatzen ez duen moduan, hau gizartearen esku jartzea
baizik, nahiz eta aldaketa batzuekin izan; biztaleria langilea
lan bitarteko guztiez eraginkorki jabetzeak, ez du kentzen, inondik
inora, errenta erlazioa mantentzea”. (68. orr.)
Pasarte honetan zirriborraturiko auzia, Estatuaren iraungipenaren
oinarri ekonomikoen auzia, hurrengo kapituluan aztertua
izango da. Engels berebiziko zuhurtziaz mintzatzen da,
“ez da oso probablea”, “trantsiziozko aldian behintzat”, Estatu
proletarioak etxebizitza dohainik ematea esatean. Familia ezberdinei
herri guztiaren jabetza diren etxebizitzak errentan emateak,
alokairu bat kobratzea, etxebizitzaren banaketaren kontrol
eta erregulazio jakin bat ematea suposatzen du. Honek guztiak
Estatu forma jakin bat eskatzen du, baina ez du behar inondik
inora aparatu militarrik ezta egoera pribilegiatu batez gozatzen
duten funtzionarioen aparatu berezirik ere. Eta etxebizitzak
dohainik ematea posible izango den egoera baterako trantsizioa,
Estatuaren erabateko “iraungipenarekin” loturik dago.
Nola Blanquistek, Komunaren ondoren eta honen esperientziak
bultzaturik, marxismoaren printzipioen jarrera hartu zutenari
buruz hitz egitean, Engelsek honako posizionamendu hau
formulatzen du ondorengo terminoetan:
“…Proletalgoaren ekintza politikoaren eta bere diktaduraren
beharra, klaseen ezabaketarako eta, hauekin Estatua
ezeztatzeko pasuso bezala…” (55. orr.).
Kritika literalaren zaletu batzuek edo marxismoaren zenbait
“sarraskitzaile” burgesek agian kontraesan bat aurkituko
dute “Estatuaren ezabaketaren” aitorpen honen eta aurrerago
aipaturiko Anti-Dühringeko pasartean, halako formula anarkista
izateagatik ukatzearen artean. Ez luke ezer arrarotik
edukiko, oportunistek ere Engels “anarkisten” artean sailkatuko
balute, gaur geroz eta gehiago orokortuz baitoa sozialchauvinisten
artean internazionalistak anarkistatzat salatzeko
tendentzia.
Marxismoak beti azaldu izan du klaseen ezabaketarekin
batera gauzatuko dela Estatuaren ezabaketa. Hain ezaguna
den “Estatuaren iraungipenari” buruzko Anti-Dühringeko pasarteak
ez ditu anarkistak sinpleki Estatuaren ezabaketaren
alde agertzeagatik salatzen, Estatua “gauetik goizera” ezabatzeko
aukera predikatzeagatik baizik.
Gaur egun nagusi den doktrina “sozialdemokratak” erabat
desitxuratu duenez Estatuaren suntsiketarekiko marxismoak
anarkismoaren aurrean duen jarrera, oso baliagarria
izango da Marx eta Engelsek anarkistekin eduki zuten polemika
bat gogoratzea.