Workers Vanguard, subscribete



http://www.icl-fi.org/subscribe/wv.html

MATERIALISMO DIALEKTIKOAREN ABCa (Trotsky)

Trotsky

MARXISMOAREN DEFENTSAN:
MATERIALISMO DIALEKTIKOAREN ABCa

(L.Trotsky)

[…] Dialektika ez da fikzioa ezta mistizismoa ere, pentsamenduaren zientzia bat baizik, arazorik zail eta sakonenen ulermenera heltzen saiatzen den neurrian, eguneroko bizitzaren gauzen muga gaindituz. Dialektikak eta logika formalak maila altuko matematiken eta oinarrizkoen arteko harreman berdina dute.

Arazoaren muina ateratzen saiatzen naiz era oso eskematiko baten bidez. Silogismo sinplearen aristotelismo logikoa A=A1 proposizioaz hasten da. Postulatu hau ontzat ematen da axioma bezala gizakiaren jardun eta orokortasun arrunt askotan. Errealitatean, ordea, A eta A1 ez dira berdin. Nahikoa da betaurrekoak ipintzea hori ikusteko. Baina norbaitek esan dezake kontua ez dela tamaina edo hizkien forma, kualidade berdinen sinboloak besterik ez direlako, esate baterako azukre libra bat. Objekzioak bete-betean asmatzen du: hain zuzen ere, zeren azukre libra bat ez da inoiz beste azukre libra baten berdina: bien artean diferentzia xumeen eskala bat dago. Norbaitek esan dezake berriro: azukre libra bat azukre libra horren berdina da. Hori ere ez da egia: gorputz guztiak etengabe aldatzen dira bai pisuan, tamainan, kolorean, etab., ez dira inoiz aldagaitz mantentzen. Sofista batek erantzungo luke azukre libra bat azukre libra horren berdina dela “une jakin batean”. Alde batera utziz balio praktiko zalantzagarria duen axioma hori, argudio hori ez da benetan kritika teoriko bat. Nola uler dezakegu “une” hitza? Denbora tarte infinitesimal bat bada, denbora tarte labur horretan aldaketaren bat izango du azukre librak. Edo “momentu” hori abstrakzio matematiko bat da, zero momentu bat? Baina gauza guztiak esistitzen dira denboran; esistentzia bera etengabeko eraldatze prozesu bat da; denbora, beraz, esistentziaren oinarrizko elementua da. Hortaz, “A=A” axiomak esan nahi du gauza bat gauza horren berdina dela ez bada aldatzen, hots, ez bada esistitzen.

Lehenengo begirada batean, eman dezake ñabardura horiek ez dutela inportantziarik. Baina erabateko inportantzia dute zinez. “A=A” axioma da, antza denez, alde batetik, gure ezagutza guztiaren oinarria, eta beste alde batetik, gure akats guztien jatorria. “A=A” axioma arduragabeki erabiltzea muga batzuen artean onar daiteke soilik. Zenbait aldaketa kuantitatibo onar ditzakegu eta “A=A1” dela susmatu. Horren adibide dira azkukre libra baten eroslea eta saltzailea. Orain dela gutxi arte era berean kontsideratzen genuen dolarraren erosahalmena. Baina, zenbait muga gainditu ondoren, aldaketa kuantitatiboak kualitatiboak izatera hel daitezke. Azukre libra bat uraren edo kerosenoaren eraginaren-pean jartzen badugu, azukre libra bat izateari uzten dio. Aldaketa kuantitatibo bat kualitatiboan bilakatzeko unea zehaztea da ezagutzaren lanik inportante eta zailenetarikoa, soziologia barne.

Edozein lagilek daki ezinezkoa dela bi gauza erabat berdin egitea. Terraila konikoak egiterakoan, konoek desbideratze bat izaten dute, eta horrek ezin du, hala ere, zenbait muga gainditu (horri perdoi [=tolerantzia] esaten zaio). Baina, perdoiaren arauak betetzen baldin baditu, konoak  berdinak bezala onartuak izaten dira. Perdoia gainditzen denean kantitatea kualitate bihurtzen da: hau da, terrailak maila okerragokoak edo erabat baztergarriak izango dira.

Gure pentsamendu zientifikoa gure praktikaren atal bat besterik ez da, teknikak ere barnean sartzen dituena. Kontzeptuentzat ere “perdoia” esistitzen da, perdoi hori ez du “A=A1” axioman oinarritzen den logika formalak ezartzen, baizik-eta gauza guztiak beti aldatzen direlaren axioman oinarritzen den logika dialektikoak. Perdoi dialektikoa sistematikoki gainditzeagatik ezaugarritzen da “sen ona”.

Pentsamentu arruntak abstrakzio aldagaitz bezala erabiltzen ditu kapitalismo, moral, askatasun, langile-estatu, eta abar bezalako kontzeptuak, kapitalismoa=kapitalismoa, morala=morala, eta abar aurresuposatzen duelarik. Pentsamendu dialektikoak gauza guztiak eta gertakari guztiak beren aldaketa etengabean aztertzen ditu, zein egoera materialean gertatzen den aldaketa kritikoa zehaztuz, zeinaren ondorioz A, A1 izateari uzten dion, langile-estatu bat langile-estatu izateari uzten dion. Pentsamentu arruntaren funtsezko akatsa da etengabeko mugimenduan oinarritzen den errealitate bateko irudi ez teoriko batzuetan konformatu nahi duela. Pentsamendu dialektikoak kontzeptuei ematen die —hurreratze ahalik eta gertuenen bidez— zuzenketak, zehaztapenak, mami aberastasuna eta malgutasuna: ausartuko nintzateke esaten fenomeno biziei asko gerturatzen dien edertasuna ematen diela. Ez dugu hitz egiten kapitalismoari buruz orokorrean, baizik-eta garapen maila zehatz bat duen kapitalismo zehatz bati buruz. Ez dugu hitz egiten langile-estatu bati buruz, baizik-eta ingurune inperialista bat duen herrialde atzeratu bati buruz, eta abar.

Pentsamendu dialektikoa arruntari zaio pelikula bat argazki bati zaion berdina. Pelikulak ez du argazkia ukatzen, baizik-eta segiden bidez antolatzen ditu mugimenduaren legeen bidez. Dialektikak ez du ukatzen silogismoaren zilegitasuna, baina silogismoak konbinatzen irakasten gaitu, beti aldakorra den errealitate baten ulermenera ahalik eta gertuen hurbiltzeko.

Hegel-ek Logikan lege multzo bat ezarri zuen: kantitatea kualidadean transformatzea, kontraesanen bidezko garapena, forma eta edukiaren arteko gatazka, etenduraren jarraipena,  posibilitatea ezinbestekotasunean bihurtzea, eta abar, hain inportanteak direnak pentsamendu teorikoarentzat silogismo sinplea oinarrizkoagoak diren egitekoaentzat bezala.

Hegel-ek Darwin baino lehenago eta Marx baino lehenago izkiriatu zuen, Frantziar Iraultzak zientziaren pentsamendu orokorrari eman zion bultzada handiari esker. Baina aurrerapen bat zenez, jenio baten lana, Hegel-engandik izaera idealista bat jaso zuen. Hegel-ek itzal ideologikoak azken eta burututako errealitatea balitz bezala ulertu zuen. Marx-ek demostratu zuen itzal horien mugimendua gorputz materialen mugimenduen isla besterik ez dela.

“Materialista” izena ematen diogu gure dialektikari ez zeruan edo gure “hautamen askean” oinarritzen delako, baizik-eta errealitate objektiboan, naturan. Zientzia inkonszientziatik sortzen da, psikologia fisiologiatik, mundu organikoa ezorganikotik, eguzki-sistema nebulosatik. Kate honen kate-maila guztietan, aldaketa kuantitatibo guztiak kualitatiboetan bihurtu ziren. Gure pentsamendua, pentsamendu dialektikoa barne, mundu aldakor honen adierazpide era bat baino ez da. Sistema honetan ez dago lekurik jaikoarentzat, ez patuarentzat, ez arima hilezinarentzat, ez arau, lege eta moral betierekoentzat. Munduaren izaera dialektikotik sortu den pentsamendu dialektikoa guztiz materialista den izaeraren jabe da.

Darwinismoa, “jauzi kualitatiboen” bidez espezien eboluzioa azaltzen duelarik, dialektikaren arrakastarik handiena izen zen natura-zientzien alorrean. Beste arrakasta handi bat elementu kimikoen pixu atomikoen taularen eta elementu bat beste batean transformatzeko prozesuaren aurkikuntza izan zen.

Transformazioaren arazoari estuki elkarloturik sailkapenaren arazoa dago, natura-zientzietan bezain inportantea dena gizarte-zientzietan. Linnaeus-en [Carl von Linné / Carolus Linnaeus] sistema (XIX. mendea), espezien aldaezintasunean oinarritua, landareen deskribapena eta sailkapena jorratzen zuen kanpo ezaugarriei behatuz. Botanikaren haurtzaroa logikaren haurtzaroari analogoa zaio, zeren gure pentsamenduaren forma, gauza bizidun guztiak bezala, eboluzionatzen dute. Soilik espezie aldaezinen ideiari errefusatzea, soilik landareen eboluzioaren historia eta anatomia ikertzea zinez zientifikoa den sailkapena egiteko oinarriak jartzen dizkigu.

Marx, Darwin ez bezala, kontzienteki dialektikoa zena, produkzio-indarren garapenean, eta jabetza harreman horien estrukturan —gizartearen beraren anatomia osatzen duena— sailkapen zientifikoa egiteko oinarriak ezartzen zituen. Marxismoak gizarteen eta estatuen sailkapen arruntaren lekuan —gaur egun gure unibertsitateetan nagusitzen dena— sailkapen materialista dialektikoa ordeztu zuen. Soilik Marx-en metodoaren bidez zuzen zehaztu daiteke langile-estatuaren kontzeptua eta bere hondoratzearen unea.

Hori guztia, ikus dezakeguneraino behintzat, ez du kutsu “eskolastikorik” edo “metafisikorik”,  ezjakin setatsuek dioten bezala. Logika dialektikoak pentsamendu zientifiko garaikidearen mugimenduaren legea adierazten du. Aldiz, materialismo dialektikoaren aurkako borrokak iragan urruna islatzen du, burgesia-txikiaren kontserbadurismoa, unibertsitateko gogaikarrien harropuzkeria… eta fede pittin bat mundu honetatik haratagoko bizitzan.

L. TROTSKY  (James P. Cannon-i eskutitza: SWP, Langileen Alderdi Sozialistako oposizio burges-txikia. 1939ko abenduaren 15a)