Trotsky |
MARXISMOAREN
DEFENTSAN:
MATERIALISMO
DIALEKTIKOAREN ABCa
(L.Trotsky)
[…] Dialektika ez da
fikzioa ezta mistizismoa ere, pentsamenduaren zientzia bat baizik, arazorik
zail eta sakonenen ulermenera heltzen saiatzen den neurrian, eguneroko
bizitzaren gauzen muga gaindituz. Dialektikak eta logika formalak maila altuko
matematiken eta oinarrizkoen arteko harreman berdina dute.
Arazoaren muina ateratzen
saiatzen naiz era oso eskematiko baten bidez. Silogismo sinplearen
aristotelismo logikoa A=A1 proposizioaz hasten da. Postulatu hau ontzat ematen
da axioma bezala gizakiaren jardun eta orokortasun arrunt askotan.
Errealitatean, ordea, A eta A1 ez dira berdin. Nahikoa da betaurrekoak ipintzea
hori ikusteko. Baina norbaitek esan dezake kontua ez dela tamaina edo hizkien
forma, kualidade berdinen sinboloak besterik ez direlako, esate baterako azukre
libra bat. Objekzioak bete-betean asmatzen du: hain zuzen ere, zeren azukre
libra bat ez da inoiz beste azukre libra baten berdina: bien artean diferentzia
xumeen eskala bat dago. Norbaitek esan dezake berriro: azukre libra bat azukre
libra horren berdina da. Hori ere ez da egia: gorputz guztiak etengabe aldatzen
dira bai pisuan, tamainan, kolorean, etab., ez dira inoiz aldagaitz mantentzen.
Sofista batek erantzungo luke azukre libra bat azukre libra horren berdina dela
“une jakin batean”. Alde batera utziz balio praktiko zalantzagarria duen axioma
hori, argudio hori ez da benetan kritika teoriko bat. Nola uler dezakegu “une”
hitza? Denbora tarte infinitesimal bat bada, denbora tarte labur horretan
aldaketaren bat izango du azukre librak. Edo “momentu” hori abstrakzio
matematiko bat da, zero momentu bat? Baina gauza guztiak esistitzen dira
denboran; esistentzia bera etengabeko eraldatze prozesu bat da; denbora, beraz,
esistentziaren oinarrizko elementua da. Hortaz, “A=A” axiomak esan nahi du
gauza bat gauza horren berdina dela ez bada aldatzen, hots, ez bada esistitzen.
Lehenengo begirada batean,
eman dezake ñabardura horiek ez dutela inportantziarik. Baina erabateko
inportantzia dute zinez. “A=A” axioma da, antza denez, alde batetik, gure
ezagutza guztiaren oinarria, eta beste alde batetik, gure akats guztien
jatorria. “A=A” axioma arduragabeki erabiltzea muga batzuen artean onar daiteke
soilik. Zenbait aldaketa kuantitatibo onar ditzakegu eta “A=A1” dela susmatu.
Horren adibide dira azkukre libra baten eroslea eta saltzailea. Orain dela
gutxi arte era berean kontsideratzen genuen dolarraren erosahalmena. Baina,
zenbait muga gainditu ondoren, aldaketa kuantitatiboak kualitatiboak izatera
hel daitezke. Azukre libra bat uraren edo kerosenoaren eraginaren-pean jartzen
badugu, azukre libra bat izateari uzten dio. Aldaketa kuantitatibo bat
kualitatiboan bilakatzeko unea zehaztea da ezagutzaren lanik inportante eta
zailenetarikoa, soziologia barne.
Edozein lagilek daki
ezinezkoa dela bi gauza erabat berdin egitea. Terraila konikoak egiterakoan,
konoek desbideratze bat izaten dute, eta horrek ezin du, hala ere, zenbait muga
gainditu (horri perdoi [=tolerantzia]
esaten zaio). Baina, perdoiaren arauak betetzen baldin baditu, konoak berdinak bezala onartuak izaten dira. Perdoia
gainditzen denean kantitatea kualitate bihurtzen da: hau da, terrailak maila
okerragokoak edo erabat baztergarriak izango dira.
Gure pentsamendu zientifikoa gure praktikaren atal bat
besterik ez da, teknikak ere barnean sartzen dituena. Kontzeptuentzat ere
“perdoia” esistitzen da, perdoi hori ez du “A=A1” axioman oinarritzen den
logika formalak ezartzen, baizik-eta gauza guztiak beti aldatzen direlaren
axioman oinarritzen den logika dialektikoak. Perdoi dialektikoa sistematikoki
gainditzeagatik ezaugarritzen da “sen ona”.
Pentsamentu arruntak abstrakzio aldagaitz bezala
erabiltzen ditu kapitalismo, moral, askatasun, langile-estatu, eta abar
bezalako kontzeptuak, kapitalismoa=kapitalismoa, morala=morala, eta abar aurresuposatzen
duelarik. Pentsamendu dialektikoak gauza guztiak eta gertakari guztiak beren
aldaketa etengabean aztertzen ditu, zein egoera materialean gertatzen den
aldaketa kritikoa zehaztuz, zeinaren ondorioz A, A1 izateari uzten dion,
langile-estatu bat langile-estatu izateari uzten dion. Pentsamentu
arruntaren funtsezko akatsa da etengabeko mugimenduan oinarritzen den
errealitate bateko irudi ez teoriko batzuetan konformatu nahi duela.
Pentsamendu dialektikoak kontzeptuei ematen die —hurreratze ahalik eta
gertuenen bidez— zuzenketak, zehaztapenak, mami aberastasuna eta malgutasuna:
ausartuko nintzateke esaten fenomeno biziei asko gerturatzen dien edertasuna
ematen diela. Ez dugu hitz egiten kapitalismoari buruz orokorrean, baizik-eta
garapen maila zehatz bat duen kapitalismo zehatz bati buruz. Ez dugu hitz
egiten langile-estatu bati buruz, baizik-eta ingurune inperialista bat duen
herrialde atzeratu bati buruz, eta abar.
Pentsamendu dialektikoa
arruntari zaio pelikula bat argazki bati zaion berdina. Pelikulak ez du
argazkia ukatzen, baizik-eta segiden bidez antolatzen ditu mugimenduaren legeen
bidez. Dialektikak ez du ukatzen silogismoaren zilegitasuna, baina silogismoak
konbinatzen irakasten gaitu, beti aldakorra den errealitate baten ulermenera
ahalik eta gertuen hurbiltzeko.
Hegel-ek Logikan lege multzo bat ezarri zuen: kantitatea
kualidadean transformatzea, kontraesanen bidezko garapena, forma eta edukiaren
arteko gatazka, etenduraren jarraipena,
posibilitatea ezinbestekotasunean bihurtzea, eta abar, hain inportanteak
direnak pentsamendu teorikoarentzat silogismo sinplea oinarrizkoagoak diren
egitekoaentzat bezala.
Hegel-ek Darwin baino
lehenago eta Marx baino lehenago izkiriatu zuen, Frantziar Iraultzak
zientziaren pentsamendu orokorrari eman zion bultzada handiari esker. Baina aurrerapen bat zenez, jenio baten lana,
Hegel-engandik izaera idealista bat jaso zuen. Hegel-ek itzal ideologikoak
azken eta burututako errealitatea balitz bezala ulertu zuen. Marx-ek demostratu
zuen itzal horien mugimendua gorputz materialen mugimenduen isla besterik ez
dela.
“Materialista” izena
ematen diogu gure dialektikari ez zeruan edo gure “hautamen askean” oinarritzen
delako, baizik-eta errealitate objektiboan, naturan. Zientzia inkonszientziatik
sortzen da, psikologia fisiologiatik, mundu organikoa ezorganikotik,
eguzki-sistema nebulosatik. Kate honen kate-maila guztietan, aldaketa kuantitatibo
guztiak kualitatiboetan bihurtu ziren. Gure pentsamendua, pentsamendu
dialektikoa barne, mundu aldakor honen adierazpide era bat baino ez da. Sistema
honetan ez dago lekurik jaikoarentzat, ez patuarentzat, ez arima
hilezinarentzat, ez arau, lege eta moral betierekoentzat. Munduaren izaera
dialektikotik sortu den pentsamendu dialektikoa guztiz materialista den
izaeraren jabe da.
Darwinismoa, “jauzi
kualitatiboen” bidez espezien eboluzioa azaltzen duelarik, dialektikaren
arrakastarik handiena izen zen natura-zientzien alorrean. Beste arrakasta handi
bat elementu kimikoen pixu atomikoen taularen eta elementu bat beste batean
transformatzeko prozesuaren aurkikuntza izan zen.
Transformazioaren arazoari
estuki elkarloturik sailkapenaren arazoa dago, natura-zientzietan bezain
inportantea dena gizarte-zientzietan. Linnaeus-en [Carl von Linné / Carolus
Linnaeus] sistema (XIX. mendea), espezien aldaezintasunean oinarritua, landareen
deskribapena eta sailkapena jorratzen zuen kanpo ezaugarriei behatuz. Botanikaren haurtzaroa
logikaren haurtzaroari analogoa zaio, zeren gure pentsamenduaren forma, gauza
bizidun guztiak bezala, eboluzionatzen dute. Soilik espezie aldaezinen ideiari
errefusatzea, soilik landareen eboluzioaren historia eta anatomia ikertzea
zinez zientifikoa den sailkapena egiteko oinarriak jartzen dizkigu.
Marx, Darwin ez bezala, kontzienteki dialektikoa
zena, produkzio-indarren garapenean, eta jabetza harreman horien estrukturan
—gizartearen beraren anatomia osatzen duena— sailkapen zientifikoa egiteko
oinarriak ezartzen zituen. Marxismoak gizarteen eta estatuen sailkapen
arruntaren lekuan —gaur egun gure unibertsitateetan nagusitzen dena— sailkapen
materialista dialektikoa ordeztu zuen. Soilik Marx-en metodoaren bidez zuzen
zehaztu daiteke langile-estatuaren kontzeptua eta bere hondoratzearen unea.
Hori guztia, ikus dezakeguneraino behintzat, ez
du kutsu “eskolastikorik” edo “metafisikorik”,
ezjakin setatsuek dioten bezala. Logika dialektikoak pentsamendu zientifiko
garaikidearen mugimenduaren legea adierazten du. Aldiz, materialismo
dialektikoaren aurkako borrokak iragan urruna islatzen du, burgesia-txikiaren
kontserbadurismoa, unibertsitateko gogaikarrien harropuzkeria… eta fede pittin
bat mundu honetatik haratagoko bizitzan.
—L. TROTSKY (James P. Cannon-i eskutitza: SWP, Langileen Alderdi Sozialistako oposizio
burges-txikia. 1939ko abenduaren 15a)