Trotsky:
KLASE IRIZPIDEARI UKO EGITEAZ
KLASE IRIZPIDEARI UKO EGITEAZ
Itzul gaitezen berriro ABCra. Soziologia marxistan,
gertatzen den edozein fenomenoren analisirako abiapuntua klase definizioa da, bai estatuari
dagokionez, bai filosofian, tendentzian,
literatura-eskolan, eta abar. Kasu askotan, ordea, klase definizioa bere
horretan desegokia izan daiteke, klase batek maila ezberdinak dituelako,
garapen maila ezberdinak izaten dituelako, egoera diferenteak, edo bertze klase
baten eragina izan dezakeelako. Nahitaez kontutan hartu behar da, kasu
horretan, bigarren edo hirugarren mailako baldintza horiek analisia
borobiltzeko, eta gure gogoaren arabera, kontutan hartuko ditugu erabat edo
partzialki. Baina marxista batentzat, gertakari baten analisia egitea ezinezkoa
da gertakari horren klase izaerarik gabe.
Eskeletoak eta muskulu sistemak ez dute agortzen animalia
baten anatomia; aldiz, hezurretaz eta muskuluetaz “abstrakzioa” egiten duen
anatomia tratatua airean geratuko litzake. Gerra ez da organo bat, baizik-eta
gizartearen funtzio bat, bere klase menperatzailearena, alegia. Baina ezinezkoa
da funtzio bat ikertzea funtzio hori sortzen duen organoa ezagutu gabe, hau da,
estatua, eta ezinezkoa da organoa ezagutzea organismoaren estruktura orokorra
analizatu gabe, hau da, gizartea. Gizartearen muskulu eta hezurrak
produkzio-indarrak eta klase harremanak dira (jabetza). [Max] Shachtman-ek
funtzioa (gerra) sortarazten duen organotik (estatutik) “konkretuki”,
independenteki ikertu nahi du. Ez al da beldurgarria?
Oinarrizko akats horrek deigarriagoa den bertze batekin loturik
doa. Organoaren funtzioa bereiztu ostean hura analizatzeari ekiten dio bere
premisa guztien aurka; ez doa abstraktutik konkretura, baizik-eta konkretua
abstraktuan disolbatzen du. Gerra inperialista finantza-kapitalaren
funtzioetako bat da, hots, garapen maila zehatz batean dagoen burgesiarena,
zeina estruktura espezifiko bat duen kapitalismoan datzana, kapital
monopolista.Definizio hauek nahiko konkretuak dira gure konklusio
politikoetarako. Baina gerra inperialistaren kontzeptua sovietar
estatuari zabaltzean, Shachtman-ek oinen azpian duen lurra zulatu egiten du.
Finantza-kapitalaren eta langile-estatuaren hedatzeari izendapen berdina jartze
asmoz —nahiz eta azalean egin— Shachtman bata eta bertzearen estruktura soziala
bazter baten uzteari ekiten dio… “abstrakzioak” direla aldarrikatuz. Era
horretan, marxismoarekin ezkutaketara jolasten, konkretua abstraktu dela esaten
du, eta abstraktua arbuiatu egiten du konkretua delako!
Teoriarekin hain era bitxian jolastea ez da ustekabeko
gauza. Estatubatuar burgestxiki oro prest dago edozein lurralderen okupazioari
“inperialista” izena ematea, batez ere une honetan, AEBk ez daudela burubelarri
sartuak ezer inbaditzen. Baina burgestxiki berdinari esango bagenio
finantza-kapitalaren kanpo politika guztia inperialista dela, kontutan hartu
gabe une jakin batean Finlandia bereganatzen edo bertze batek bereganatzeaz “defenditu”, gure
burgestxikia sumindura gupidatsuaz leher egingo luke. Noski, [Socialist Workers
Party-ko] oposizioaren buruzagiak oso ezberdinak dira burgestxiki arrunt
batekin alderatuz gero, bai asmoei bai
maila politikoari dagokionez. Baina pentsamendu oinarri berdinak dituzte.
Burgestxiki bat beti saiatzen da gertakari politikoak bere oinarri sozialetatik
bereizten, gatazka organiko bat dagoelako gertakariaren klase ikuspegiaren eta
burgestxikien gizarte mailaren eta hezkuntzaren artean.
—TROTSKY (‘En defensa del marxismo: De un arañazo al
peligro de gangrena’)
1940ko urtarrilak 24