I. KAPITULUA
Klase-gizartea eta Estatua
1.- ESTATUA, KLASE ARTEKO
KONTRAESANEN IZAERA
ERAMANGAITZAREN PRODUKTUA
Marxen doktrinarekin gaur egun, historian pentsalari iraultzaileen
doktrinarekin eta askatasunaren aldeko borrokan klase
zapalduen buruzagien doktrinarekin behin eta berriz gertatu
dena gertatzen da. Iraultzaile handien bizitzan, klase zapaltzaileek
etengabeko jazarpenetara azpiratzen dituzte, beren
doktrinak haserrerik basatienarekin, gorrotorik amorratuenarekin,
gezur eta kalumnien kanpainarik neurrigabeenarekin
hartzen dituzte. Beren heriotza ostean, minik ematen ez duten
ikono bihurtzen saiatzen dira, kanonizatzen, nolabait esatearren,
beren izenak loriazko aureola batez inguratzen, horrela
klase zapalduak “kontsolatu” eta engainatzeko, beren doktrina
iraultzailearen edukia zikiratuz, honen sorbatz zorrotza kamustuz,
hau baliogabetuz. Marxismoaren halako “konponketaren” aurrean elkar eskua ematen dira gaur egun burgesia eta langile
mugimenduaren barnean oportunistak. Ahaztu egiten dute,
bigarren maila batera baztertzen dute, desitxuratu egiten dute
doktrina honen aspektu iraultzailea, bere izpiritu iraultzailea.
Lehen mailan jarrarazten dute, goretsi egiten dute burgesiarentzat
onargarria dena edo hori ematen duena. Sozialchauvinista
guztiak dira gaur egun —bromak alde batera utzita!—
“marxistak”. Eta gero eta maiztasun handiagoz, zientzialari burges
alemaniarrek, atzo oraindik marxismoa birrintzen espezialistak
zirenak, gaur Marx nazional alemaniar batetaz hitz
egiten dute, hauen arabera, hain zoragarriki antolaturiko langile
elkarte hauek hezi zituela harrapakeria gerra aurrera eramateko!
Horrelako egoeraren aurrean, marxismoaren desitxuratzearen
zabalkunde ikaragarri honen aurrean, gure eginkizuna,
batez ere, Marxen Estatuari buruzko benetako doktrina
berreskuratzean datza. Honetarako beharrezkoa da Marxen
eta Engelsen lanetako pasarte sorta oso bat aipatzea. Noski,
aipamen luzeek azalpena pisutsua egiten dute eta ez dute
ezertan laguntzen honi izaera herrikoi bat ematen. Baina erabat
ezinezkoa da hauek alde batera uztea. Ez dago Marx eta
Engelsen lanetako Estatuaren inguruko pasarte guztiak, edo,
gutxienez pasarte erabakigarri guztiak, ahal den modurik zabalenean
aipatzea beste erremediorik, honela, irakurleak bere
kabuz sozialismo zientifikoaren sortzaileen ideien multzoaren
eta hauen garapenaren nozio bat osatu dezan, hala nola, dokumentalki
frogatua eta argitasun osoz agerian utzia izan dadin,
gaur egun nagusi den “kautskysmoak” egindako ideia hauen
desitxuratze guztia.
Has gaitezen F. Engelsen lanik ezagunenarekin: Familiaren,
jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria. Bere seigarren
argitalpena jada 1894an izan zen argitaratua Stuttgarten. Komenigarria
da aipamenak jatorrizko alemaniarretik itzultzea,
itzulpen errusiarrak, hainbeste izanik, zati handi batean osatugabeak
edo eskasak baitira.
“Estatua —dio Engelsek, bere analisi historikoa laburtuz—
ez da inondik inora gizarteari kanpotik inposaturiko botere
bat; ez da ‘ideia moralaren errealitatea’, ezta ‘arrazoiaren
irudia eta errealitatea’ ere, Hegelek baieztatzen duen moduan. Hobe esanda, gizartearen produktu bat da, hau garapen maila
jakin batera iristen denean; gizarte hau bere buruarekin
erremedia ezinezko kontraesan batean korapilatu denaren eta
uxatzeko gai ez den antagonismo eramangaitzetan zatiturik
dagoenaren aitorpena da. Baina antagonismo hauek, borrokan
dauden interes ekonomikoak dituzten klase hauek, beraien artean
jan ez daitezen eta gizartea borroka antzu batean ahitu
ez dezaten, beharrezkoa gertatzen da itxuraz gizartearen gainetik
kokaturik dagoen botere bat, talka leundu dezan eta hau
‘ordenaren’ mugetan mantendu dezan. Gizartetik jaiotako botere
hori, baina beraren gainetik jarri eta berarengandik geroz
eta gehiago banatzen den hori da Estatua” (177-178 orr. Seigarren
argitalpen alemaniarra).
Hemen, argitasun osoz adierazirik agertzen da, Estatuaren
paper historikoari eta esanahiari dagokionean marxismoak
duen funtsezko ideia. Estatua klase arteko kontraesanen
izaera eramangaitzaren produktua eta seinalea da. Estatua,
klase arteko kontraesanak objetiboki adiskidetu ezin diren lekuan,
momentuan eta graduan sortzen da. Eta alderantziz:
Estatuaren existentziak klase arteko kontraesanak eramangaitzak
direla frogatzen du.
Puntu garrantzitsu eta kardinal honetan hasten da, hain
zuzen ere, oinarrizko bi norabide jarraitzen dituen marxismoaren
desitxuratzea.
Alde batetik, ideologo burgesek eta burges txikiek, gertaera
historiko eztabaidaezinengatik Estatua klase arteko kontraesanak
eta klase arteko borroka dagoen tokian bakarrik
existitzen dela onartzera behartuta egonik, halako moduan
“zuzentzen” dute Marx, ezen Estatua, klaseen adiskidetzerako
organo bezala agerrarazten duten. Marxen arabera, Estatuak
ezingo luke sortu ezta mantendu ere klaseen adiskidetzea posible
balitz. Irakasle eta publizista zikoitzen eta filistearren
arabera —pauso bakoitzeko, borondate onez, Marx inbokatzen
dutela!— klaseak adiskidetzen dituena hain zuzen ere Estatua
da. Marxen arabera, Estatua klaseko dominazio organoa da,
klase batek bestea zapaltzeko organoa; klaseen arteko talkak
leunduz, zapalkuntza hau legeztatzen eta finkatzen duen “ordenaren”
sorkuntza da. Politiko burges txikien ustez, ordena,
hain zuzen ere klaseen arteko adiskidetzea da eta ez klase batek haubestea
zapaltzea. Talkak leuntzeak beraientzat adiskidetzea
esan nahi du, eta ez klase zapalduei beren zapaltzaileak azpiratzeko
borroka bide eta prozedura jakin batzuk kentzea.
Adibidez, 1917ko iraultzan zehar, Estatuaren esanahiaren
eta paperaren arazoa bere tamaina osoan planteatu zenean,
eremu praktikoan, berehalako ekintzarako arazo bezala
eta, gainera, masen ekintza bezala; sozial-iraultzaile guztiak
(eseristak) eta mentxebike guztiak, bat-batean eta erabat, “Estatuarengatiko” klaseen “adiskidetzaren” teoria burges txikian
jausi ziren. Bi alderdi hauetako politikari hauen kontaezinezko
ebazpen eta artikulu pila daude “adiskidetzearen” teoria
zikoitz eta filistearraz saturaturik. Estatua klase jakin
baten dominazio organoa dela eta honek ezin duela bere antipodarekin
(klase kontrajarriarekin) adiskidetu, demokrazia
burges txikiak inoiz ulertu ezingo duen zerbait da. Estatuarenganako
duten jarrera da, gure sozial-iraultzaileak eta mentxebikeak
inondik inora sozialistak ez direla erakusten duen
sintoma nabarmenetako bat (guk boltxebikeok beti mantendu
dugun moduan), fraseologia ia sozialista bat duten demokrata
burges txikiak direla adierazten duelarik.
Beste aldetik, marxismoaren desitxuratze “kautskiarra”
dezente zoliagoa da. “Teorikoki” ez da ukatzen Estatua klase
dominazioko organoa denik, ezta klase arteko kontraesanak
eramangaitzak direnik ere. Baina aintzakotzat hartzen ez
dena edo ezkutatzen dena ondorengoa da: Estatua klaseen arteko
kontraesanen izaera eramangaitzaren produktua bada,
gizartearen gainetik dagoen eta gizartetik “gero eta gehiago
dibortziatzen den” indar bat bada, argi geratzen da klase zapalduaren
askapena ezinezkoa dela, ez bakarrik iraultza biolento
bat gabe, baita estatu boterearen aparatuaren suntsiketarik
gabe ere, hau klase dominatzaileak sortua izan den eta
“dibortzio” honen gorpuztea den aldetik. Geroago ikusiko dugun
moduan, Marx, iraultzaren eginkizunen analisi historiko
konkretuaren bidez, zorroztasunik osoenarekin iritsi zen berez
teorikoki argia den ondorio honetara. Eta ondorio hau da hain zuzen ere —ondorengo orrialdeetan xehetasun osoz azalduko
dugun bezala— Kautskyk… “ahaztu” eta faltsutu duena.