LENIN: Iraultza sozialista eta nazioen autodeterminazio eskubidea (1)

Trotsky, Lenin, Kamenev

IRAULTZA SOZIALISTA ETA NAZIOEN
AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA
(tesiak)

Lenin, 1916

1.- Inperialismoa, sozialismoa eta nazio zapalduen askapena

Inperialismoa garapen kapitalistaren maila gorena da. Herrialde garatuetan kapitalak estatu nazionalen alorra gainditu du, konpetentzia monopolioarekin ordezkatu du, sozialismoa gauzatzeko aurrebaldintza objektibo guztiak sortuz. Horregatik, Mendebaleko Europan eta Estatu Batuetan proletalgoaren borroka iraultzaileaz gobernu kapitalisten uzkailtzea eta burgesiaren desjabetzea eguneko agendan izkiriatuak daude. Inperialismoak jendetza borroka horretara bultzatzen du klase kontraesanak neurrigabe larriagotzean, jendetzaren egoera ekonomiko eta politikoa —trustak, garestitasuna— okertzean: Militarismoa areagotzean, gerren maiztasuna handitzean, erreakzioa gogortzean, uztarri nazionala eta harrapaketa koloniala finkatzean eta handitzean.

Sozialismo garaileak halabeharrez demokrazia osoa ezarri behar du, eta beraz, ez du gauzatu behar soilik nazioen eskubideen berdintasun osoa, baizik-eta errealitatean bihurtu nazio zapalduen autodeterminazio eskubidea, hots, banaketa politikorako eskubide askatasuna. Bere jardunbide guztiarekin —bai gaur, bai iraultza garaian eta bere garaipenaren ondoren— nazio zapalduak askatu eta beraien artean aliantza askean (eta aliantza askea hitz faltsu bat da banatzeko askatasunik gabe) oinarritutako harremanak ezarriko dituztela frogatzen ez duten alderdi sozialistek traizioa egingo diote sozialismoari.

Argi dago demokrazia estatu forma bat dela eta berarekin desagertuko dela, baina hori soilik sozialismotik —behingoz garaile eta finkatua— komunismo osora iragatean izango da.

LENIN

1916ko urtarrilean-otsailean izkiriatua
1916ko apirilean argitaratua
M.I.A. -ren gaztelerazko argitalpen digitalean oinarritua