2.- Iraultza sozialista eta demokraziaren aldeko borroka
Iraultza sozialista
ez da ekintza bakar bat, ez da fronte bakarreko bataila bat, baizik-eta klaseen
arteko gatazka handien garai oso bat, fronte guztietan gertatzen den bataila
sorta luze bat, hots, ekonomiaren eta politikaren auzi guztietan, eta burgesia
desjabetzean amai daiteke soilik.
Akats larria izango
litzateke uste izatea demokraziaren aldeko borrokak proletalgoa iraultza
sozialistatik urrutiratu dezakeela, edo hau, ahultzea, ezkutatzea, eta abar.
Alderantziz; demokrazia osoa ezartzen ez duen sozialismo garailea ezinezkoa den
bezala, ezinezkoa da, era berean, burgesia menperatzeko prestatzen den
proletalgorik demokraziaren aldeko borroka anitz, kontsekuente eta iraultzailerik
sustengatzen ez duena.
Ez litzateke akats
txikiagoa programa demokratikoko punturen bat ezabatzea —nazioen
autodeterminazioa, adibidez— inperialismoaren-pean “eginezin” edo “ametsezko”
delaren ustean oinarrituz. Nazioen autodeterminaziorako eskubidea
kapitalismoaren esparruan eginezina delaren adierazpena zentzu absolutuan,
ekonomikoan, edo zentzu erlatiboan, politikoan,
ulertua izan daiteke.
Aurreneko kasua
guztiz okerra da ikuspuntu teorikotik. Lehenik eta behin, zentzu horretan
eginezinak dira kapitalismoaren-pean, adibidez, lan-bonoak edo krisien
abolizioa, eta abar. Guztiz okerra da modu berean nazioen autodeterminazioa eginezina izatea.
Bigarrenik, Norvegia 1905ean Suediatik banatzearen adibide soilak
“eginezintasun” hori errefusatzen du zentzu horretan. Hirugarrenik, irrigarri
litzateke harreman politiko eta estrategikoen aldaketa txiki batek, adibidez
Alemaniaren eta Ingalaterraren artean, gaur edo bihar estatu poloniarra, hindua,
etab., berrien sortzea eragitea guztiz “egingarria” dela ukatzea. Laugarrenik,
kapital finantzarioak, bere hedatze asmoetan, “libreki” erosi eta sobornatuko du
gobernu errepublikar eta demokratiko libreena eta edozein herrialdeko
funtzionari hautatua, nahiz-eta
“independentea” izan. Kapital finantzarioaren boterea, orokorrean kapitalarena
bezala, ezin da suntsitu demokrazia politikoaren alorrean gertatzen den edonolako eraldaketaren bidez; eta
autodeterminazioa bete-betean eta esklusiboki alor horri dagokio. Baina kapital
finantzarioaren botereak ez du ezabatzen inondik ere demokrazia politikoaren
inportantzia klase-zapalkuntza eta klase-borrokaren forma askeago, zabalago eta argiago bat
bezala. Horregatik, kapitalismoaren-pean, demokrazia politikoaren
aldarrikapenetako bat zentzu ekonomikoan “eginezina” delaren arrazoiketa guztiak
okerreko difinizio batean oinarritzen dira, ikuspuntu teorikotik,
kapitalismoaren eta demokrazia politiko orokorraren arteko harreman orokor eta
funtsezkoei dagokionez.
Bigarren kasuan
adierazpen osatugabea eta zehaztugabea da. Zeren ez bakarrik nazioen
autodeterminazio-eskubidea, baizik-eta demokrazia politikoaren funtsezko
aldarrikapen oro egingarri dira
inperialismoan era osagabean, itxuragabetuan, ohiz kanpoko kasuetan (adibidez,
1905ean Norvegia Suediatik banatzea). Kolonien berehalako askapenaren
aldarrikapena, sozialdemokrata iraultzaile orok defendatua, “eginezina” da
kapitalismoaren-pean, era berean, zenbait iraultza gabe. Baina hortik, inolaz
ere, ezin da ondorioztatu sozialdemokraziak uko egin behar dionik
aldarrikapen horien guztien aldeko borroka gertu eta irmoari (uko egite
horrek burgesiaren eta erreakzioaren jokoan erortzea litzateke), alderantziz:
aldarrikapen horiek guztiak ez modu erreformistan, baizik-eta iraultzailean,
adierazteko eta gauzatzeko beharra; ez legaltasun burgesari mugatuz, baizik-eta
hura hautsiz, ez parlamentuko hitzaldiak eta hitzezko protestak nahikotzat joz,
baizik-eta jendetza borroka-ekintzetara bultzatuz, funtsezko aldarrikapen
demokratiko ororen aldeko borroka zabalduz eta piztuz proletalgoa burgesia zuzen
erasotzeko egoerara heldu arte, hau da, iraultza sozialistara, non burgesia
desjabetua izango den. Iraultza sozialista ez da lehertuko soilik greba handi
baten ondorioz, edo kale manifestazio baten ondorioz, edo gosetien matxinada
baten ondorioz, edo altxamendu militar baten ondorioz, edo jaikialdi kolonial
baten ondorioz, izan daiteke baita ere krisi politiko baten ondorioz, Dreyfus
afera kasu, edo Saverne-ko gertakaria kasu, edo nazio zapaldu baten banatzeko
erreferendumak eraginda.
Inperialismoaren-pean gertatzen den zapalkuntza
nazionalaren larriagotzeak beharrezkoa egiten dio sozialdemokraziari borroka
“utopikoari” (burgesiak esaten dion bezala), nazioen banatzeko askatasunaren
aldeko borrokari uko ez egitea, baizik-eta alderantziz, sutsuki alor horretan
sortzen diren gatazkak ere erabiltzea
aitzakia bezala jendetzaren ekintzarako eta burgesiaren aurkako ekintza
iraultzailetarako.
LENIN