Zer da sovietar Boterea? Zertan datza botere berri horren esentzia, herrialde gehienetan ulertu nahi edo ezin dutena? Bere esentzia —herrialde guztietako langileak geroz eta gehiago erakartzen dituena— Estatua lehen, era batean ala bestean, aberatsek eta kapitalistek gobernatua izaten zela, eta orain ordea, aurreneko aldiz (eta, gainera, masiboki) kapitalismoak lehen zapaltzen zituen klaseak agintzen dutela da.
Kapitalak menperatzen duen bitartean, lurra jabetza pribatua izaten jarraitzen duen bitartean, Estatua beti izango da zuzendua, baita errepublika demokratiko eta libreenean ere, gutxiengo txiki batengatik, bere bederatzi hamarrenetan kapitalista eta aberatsek osatua.
Munduan lehenengo aldiz, Estatu-boterea Errusian antolatua izan da era batean zeinean soilik langileak eta nekazari beharginak, esplotatzaileak baztertuz, masa-erakundeak osatu egin dituzten —sovietak— horiek botere guztia jasotzen dutelarik.Arrazoi horregatik, eta nahiz-eta herrialde guztietako burgesiak kalumniatzen saiatu, soviet hitza ez da soilik ulergarri egin mundu osoan, baizik eta popularra, maitea langileentzat, behargin guztientzat. Eta horregatik, hain zuzen ere, sovietar Boterea, nahiz-eta komunismoaren jarraitzaileak herrialde desberdinetan edonolako jazarpenaren jopuntu izan, gailendu egingo da mundu guztian ezinbestean eta halabeharrez.
Oso ondo dakigu akats asko ditugula sovietar Boterearen antolakuntzan. Hau ez da talisman miragarri bat. Ez du bat-batean sendatzen iraganeko gaitzetatik, analfabetismotik, inkulturatik, gerra basatiaren herentziatik, kapitalismo harrapariaren herentziatik. Baina, aldiz, sozialismora igarotzea ahalbidetzen du. Atzoko zapalduei altxatzeko eta geroz eta gehiago beren eskuetan Estatuaren zuzendaritza guztia, ekonomiaren administrazio guztia, ekoizpenaren zuzendaritza guztia hartzeko aukera eskaintzen du.
Sovietar Boterea sozialismoaren bidea da, langile-masak aurkitu egin duena, eta horregatik, bide seguru eta garaitezina.