Moreno Cabrera hizkuntzalari marxistari elkarrizketa

Juan Carlos Moreno Cabrera (Madril, 1956) Filosofia eta Letretan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Hizkuntzalaritza Orokorreko katedraduna da. Soziolinguistika Klusterraren Jardunaldian bertan egin genion elkarrizketa eta hitzaldian bezala, euskaraz aritu zen.
Madrildarra zara eta zeuk aitortu izan duzu aurreiritziak izan dituzula hizkuntzekiko.
Orain ezin ditut aurreiritzi guztiak aipatu, zerrenda luzea baita, baina aipa ditzaket batzuk. Hizkuntza batzuk beste batzuk baino zailagoak edo errazagoak dira. Adibidez, ingelesa baino txinera zailagoa da. Beste bat: idatzizko hizkuntzak ahozko hizkuntzak baino aurreratuagoak dira. Ahozko hizkuntza dagokion idatzizko hizkuntzaren agerpen akatsduna da. Hizkuntzak dialektotan zatituta daude. Duela urte asko, ikasle nintzenean, irakasleak esan zidan andaluziera espainieraren dialektoa zela, baina orain badakit horrek ez duela zentzurik. Euskararen kasuan, adibidez, oso argi dago bizkaiera edo gipuzkera ez direla euskara batuaren dialektoak. Euskara batua euskalkietan oinarrituta dago, ez alderantziz. Hizkuntzalari guztiek hori badakite edo jakin beharko lukete.
Nola gainditu dituzu aurreiritzi horiek Madrildik begiratuta?
Hizkuntzalariek hizkuntzak zientifikoki ikertu behar dituzte. Gaurko hizkuntzalaritzaren aurkikuntza guztiak bateraezinak dira aipatu ditudan hizkuntzekiko aurreiritziekin. Benetako hizkuntzalari izan nahi badut, derrigorrez hizkuntzei buruzko aurreiritzien aurka borrokatu behar dut. Horregatik, nire kasuan, erraza da aurreiritziak gainditzea. Hizkuntzalaritzak lagundu dit edo lagundu digu aurreiritziak gainditzen.
Lankide batzuek ez dituztela gainditu esan izan duzu. Zergatik ez dituzte gainditu?
Kontuan hartu behar dugu zientzialariak gizartean bizi direla eta ideologia bat daukatela. Tamalez, sarritan, kontzeptu zientifikoak erabiltzen dituzte ideologia sustatzeko. Ekonomiaren kasuan oso garbi dago. Aditu batzuek ekonomiaren kontzeptuak erabiltzen dituzte kapitalismoaren ideologia sustatzeko, eta kapitalismo inperialista onartzeko eta justifikatzeko. Hizkuntzalaritzan ere bai. Adibidez, adituek hizkuntzalaritzaren kontzeptuak erabiltzen dituzte hizkuntza inperialismoa sustatzeko eta justifikatzeko. Batzuek, adibidez, ondokoa esan dute: ingelesa edo gaztelania munduan hedatuta daude hizkuntza errazak edo homogeneoak direlako. Hizkuntzalariok badakigu hori ez dela egia. Ingelesa eta gaztelania leku askotan inposatu egin dituzte. Hori dela-eta hizkuntza horiek ehun milioi hiztun baino gehiago dituzte. Zientzialariak zergatik daude ideologizatuta? Gizaki arruntak direlako. Ni gizaki arrunta naiz eta badaukat nire ideologia eta ez dit ardura esateak marxista naizela.
Zuk zenituen aurreiritziak pareka daitezke katedradun ez den madrildarraren aurrejuzguekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunak, katalanak eta galiziarrak?
Madrilen espainiar hizkuntza nazionalismoa nagusitu da. Horrek esan nahi du gaztelania sustatzeko neurriak beti ontzat jotzen dituztela eta galiziera, euskara eta katalana sustatzekoak beti inposaketatzat. Dirudienez, Madrilen askok sinesten du Espainiako Estatuan gaztelania arriskuan dagoela, baina hori zentzugabekeria handia da. Alderantziz, esan daiteke galiziera, katalana eta euskara gaztelaniaren menpean daudela Espainian, eta batik bat Galizian, Euskal Herrian eta Katalunian.
Madrildik Euskal Herrira etorrita. Euskal hiztunon aurreiritziak aipatzerakoan hizkuntza estandarraren eta euskalki eta hizkeren orekaz hitz egin izan duzu.
Aurreiritziak oso hedatuta daude mendebaldeko gizarteetan. Beharrezkoa da aurreiritzi horiek eskolatik ezabatzea. Hizkuntza estandarrari dagokionez, beharrezkoa da gure gaurko gizartean, eta dudarik gabe, Euskal Herrian ere bai. Baina horrek ez du esan nahi euskalkiak edo gure hizkerak gutxietsi behar ditugunik. Alderantziz, euskara bizia da, hizkerak eta euskalkiak baitaude. Irlandan badago eskoletan irakasten duten irlandera estandarra, baina ia ez dago irlandar hizkerarik eta dialektorik. Hori dela-eta irlandera hilzorian dago. Aurreiritzi hori ezabatzeko gizartearen pentsamoldea aldatu behar dugu eta hori oso-oso zaila da.
Aurreiritziak, jarrerak eta jokaerak kontuan hartuta aurreiritziak direla aldatzen zailenak esan izan duzu.
Alkandora aldatzea oso erraza da, baina mentalitatea ezin dugu aldatu egun batetik bestera. Hezkuntza oso garrantzitsua da helburu hori lortzeko.

Eta nola eragiten dute aurreiritzi horiek jarreretan eta jokaeretan?

Aurreiritzi horiek hizkuntzarekiko jarrera eta jokaera txarrak eragiten dituzte eta elkarbizitza eragozten dute serioski.
Etorri zait gurasoa eta esan dit berak haurra A ereduan matrikulatu nahi duela eta ez diotela aukerarik ematen. Administrazioan leihatilakoari esan diot euskaldunarekin hitz egin nahi dudala eta sekulako aspertu aurpegia jarri dit. Uste dut arrazoia dudala baina ez dakit nola defendatu nire burua, ez dakit nola konbentzitu bestea.
Ulertzen dut zure egoera. Adibide argigarria da. Euskara hizkuntza ofiziala da Euskadin eta hitzaldian esan dudan bezala, kontuan hartu behar dugu ofizialtasuna ez dela Madrildik datorren inposaketa, Euskal Herriko erabaki demokratikoa baizik. Beraz, euskal hiritar guztiek euskaraz ulertu behintzat egin behar dute. Leihatilakoek ere bai. (2010)
http://www.argia.com/argia-astekaria/2222/juan-carlos-moreno-cabrera/osoa
Lenin sobre los derechos linguísticos en la dictadura del proletariado: http://marxismoa.blogspot.com/2010/04/lenin-sobre-los-derechos-linguisticos.html