Bortxaren eta despotismoaren kateak Errusia tsarista zaharraren batasuna forjatu zuen. Azkeneko Mundu Gerra ankerrean kate hori hautsi eta zatitu egin da. Eta berekin batera zatitu da Errusia tsarista. Askori iruditu zitzaien Errusiako herriek ez zirela berriz elkartuko. Baina, bistan denez, mirakulu historiko baten aurrean gaude.
Botere sobietarrak Errusia tsaristan zeuden herriak elkartzen ditu. Armada sobietarrak Kharkiv eta Kiev askatu ditu. Baina, Ukrainako herriak gainontzeko Errusiatik bananduta bizi nahi du? Ez; batasun adiskidetsu eta anaikorra nahi du, harreman hautsezin bat.
Errejimentu gorriek Riga eta Vilnius askatu dituzte. Eta letoniar, lituaniar, bielorrusiar herriek gutaz banandu nahi dute harresi baten bidez? Ez; harreman estuak eta batasun adiskidetsua nahi dute. Eta berdin gertatuko da bihar Estonian, Kaukasoan, Siberian eta orain isolatuak dauden inperio tsarista zaharreko lurraldeetan.
Horrek esan nahi du herri langilearen bihotzean indarrak biltzeko ahalegin garaitezina bizirik dagoela. Bortxa eta odolaren bitartez eraiki zen Inperio tsarista zaharraren alboan, herriaren kontzientziaren sakontasunean, anai-arreben elkarbizitzaren aldeko borondatea zegoela, nazioen arteko gorroto, gatazka eta liskarrik gabe.
Eta orain, herri langileak, bere eskuetan hartu egin duelarik estatua gobernatzeko boterea, Sobietar Errusia Federala ari da eraikitzen. Eta Sobietar Errusia berri honek bere eskua luzatzen dio esnatzen ari den Alemaniari. Eta Lur osoan sortuko da Munduko Herrien Sobietar Errepublika Batua!
—Leon Trotsky, buruzagi boltxebikea (1919an?).