4.- NAZIOAREN BATASUNAREN ANTOLAKUNTZA
“...Komunak garatzeko denborarik izan ez zuen antolakuntza
nazionaleko zirriborro laburrean, argi esaten da Komuna...
izan behar zela herririk txikienaren forma politikoa”... komunek
hautatuko zuten Parisko “ordezkaritza nazionala” ere.
“... Gobernu zentral batentzat geratuko ziratekeen funtzio
gutxi baina garrantzitsuak ez ziren kenduko —egia faltsutzeko
saiakeraz esan den bezala—, baizik eta agente komunalek
burutuko zituzteketen...
...Ez zen nazioaren batasuna suntsitu behar, baizik eta alderantziz,
erregimen komunal baten bidez antolatu behar zen,
hau errealitate bihurtuz estatu boterea suntsitzean; zeinak batasun
haren haragitzea izan nahi baitzuen, independentea eta
nazioaren gainetik ezarria, zeinan gorputza hazikin bizkarroi
bat besterik ez baitzen... Estatu botere zaharraren organo errepresibo
hutsak moztuak izan behar zuten bitartean, bere legezko
eginkizunak gizartearen gainean posizio nagusi bat usurpatzen
zuen autoritate bati erauzi behar zitzaizkion, gizarte
honetako zerbitzari arduratsuei itzultzeko”.
Egungo sozialdemokraziaren oportunistek Marxen arrazonamendu
hauek zenbateraino ez dituzten ulertu —agian zehatzagoa
izango zen ez dituztela ulertu nahi izan esatea—,
ezerk baino hobe Bernstein arnegariaren liburu herostratikoki
famatuak islatzen du, Sozialismoaren premisak eta sozialdemokraziaren
eginkizunak. Bernsteinek, aipaturiko Marxen hitzen
inguruan idazten zuen, hauetan, “duten eduki politikoagatik,
funtsezko ezaugarri guztietan Proudhonen federalismoarekin
antzekotasun handia aurkezten duen programa bat
garatzen dela... Marx eta Proudhon “burges txikia” (Bernsteinek
“burges txikia” kakotxen artean jartzen du asmo ironiko
bat ematearren) bereizten dituzten ezberdintasun guztiez gain,
puntu hauetan beren pentsamenduen bilakaera ahalik eta
antzekoena da”. Noski, jarraitzen du Bernsteinek, udalerrien garrantzia
haziz doa, baina “niri zalantzagarria iruditzen zait
demokraziaren lehen eginkizuna Estatu modernoen abolizioa
(Ausflösung, literalki: disoluzioa) eta bere antolakuntzaren
erabateko eraldaketa (Unmwandlung: aldaketa erradikala)
denik, Marxek eta Proudhonek ulertzen duten moduan (Asanblea
Nazionala probintzietako edo eskualdeetako asanbladetako
ordezkariekin eratzea, hauek aldi berean komunen ordezkariekin
osatuz), iraganeko ordezkapen nazionaleko forma
guztiak erabat desagertuz” (Bernstein, Sozialismorako premisak,
134 eta 136 orriak, 1899ko argitalpen alemaniarrean).
Hau besterik gabe higuingarria da: Marxen “Estatu boterearen,
bizkarroiaren, suntsiketaren” ideiak, Proudhonen federalismoarekin
nahastea! Baina hau ez da ustekabekoa, oportunistari
ez baitzaio burutik pasa ere egiten Marxek hemen ez
duela zentralismoaren aurrean federalismoaz hitz egiten, baizik
eta herrialde burges guztietan dagoen Estatuaren makina
burges zaharraren suntsiketari buruz hitz egiten duela.
Oportunistari bere inguruan ikusten duena bakarrik etortzen
zaio burura, filisteismo “zekenaren” eta trabatze “erreformistaren”
erdian, hots: “udalerriak bakarrik”! Oportunistak proletalgoaren
iraultzan behintzat pentsatzeko ohitura ere galdu du.
Hau irrigarria da. Baina bitxia dena puntu honen inguruan
Bernsteinekin inork eztabaidatu ez izana da. Bernstein askok
errefusatua izan zen, bereziki Plekhanovek literatura errusiarrean
eta Kautskyk europearrean, baina ez batek ez besteak
ez dute hitz egin Bernsteinek eginiko Marxen desitxuratze
honetaz.
Oportunistak hainbeste galdu du izate iraultzailean
pentsatzeko eta iraultzaren inguruan hausnartzeko ohitura,
ezen Marxi “federalismoa” atxikitzen diola, Proudhonekin,
anarkismoaren fundatzailearekin, nahastuz. Eta Kautskyk
eta Plekhanovek, beren burua marxista ortodoxo bezala eta
marxismo iraultzailearen doktrinaren defendatzaile bezala
aurkezten dutela, isilik geratzen dira honen aurrean! Hemen,
marxismoaren eta anarkismoaren arteko ezberdintasunari
buruzko ideien endekatze izugarriaren sustraietako bat aurkitzen
dugu, bai kautskiarrei bai oportunistei bereizgarri
zaien endekatzea eta oraindik jorratu beharko duguna.
Aipaturiko Komunaren esperientziari buruzko Marxen
pasarteetan ez dago federalismo izpirik. Marx bat dator Proudhonekin,
hain zuzen ere oportunistak ikusten ez duen zerbaitetan.
Marx ordea ez dator bat Proudhonekin, hain zuzen ere
Bersteinek antzekotasun bat ikusten duen horretan.
Marx Proudhonekin, biak Estatuaren makina modernoa “deuseztearen”
alde agertzen diren puntuan dator bat. Marxismoak
anarkismoarekin duen kointzidentzia hau (Proudhonekin
bezala Bakuninenarekin ere) ez dute ikusi nahi ez oportunistek
ez kautskiarrek, bai batzuek bai besteek marxismotik
desertatu baitute puntu honetan.
Marx ez dator bat Proudhonekin eta Bakuninekin hain
zuzen ere federalismoaren auzian (ez aipatzearren proletalgoaren
diktaduran). Federalismoa anarkismoaren ikuspuntu burges
txikien printzipioetatik eratorria da. Marx zentralista da.
Aurrez aipaturiko bere pasarteetan ez da zentralismotik apur
bat ere banatzen. Filistearren Estatuarenganako “fede superstiziosoak”
harturik dauden horiek bakarrik nahastu dezakete
estatu makina burgesaren suntsiketa zentralismoaren
suntsiketarekin!
Honela beraz, proletalgoak eta nekazari behartsuek Estatuko
boterea hartzen badute, komunetan modu erabat askean
antolatzen badira, eta komuna guztietan kapitalaren aurka
kolpeak zuzentzeko, kapitalisten erresistentzia zapaltzeko,
nazio guztiari, gizarte guztiari, trenbideen, fabriken, lurraren,
etab.en jabetza entregatzeko ekintza batzen badute, akaso
hau ez al da zentralismoa izango? Akaso hau ez al da zentralismo
demokratikorik kontsekuenteena eta, gainera, zentralismo
proletario bat izango?
Bernsteini, sinpleki, ez zaio buruan kabitzen posible izan
daitekeenik borondatezko zentralismoa, burgesiaren agintea
eta estatu makina burgesa zapaltzeko komunak nazioan borondatez
batzea, komuna proletarioak borondatez fusionatzea.
Bernsteinentzat, filistear ororentzat bezala, zentralismoa goitik
bakarrik etor daitekeen zerbait da, burokraziak eta militarismoak
bakarrik mantendu dezaketen zerbait.
Marxek nahita azpimarratzen du, bere ideiak desitxuratuak
izan zitezkeen aukera aurreikusiko balu bezala, komunari
nazioaren batasuna apurtu nahi izatea egoztea, botere zentrala
ezabatu nahi izatea egoztea faltsutasun kontziente bat dela. Marxek
nahita erabiltzen du “nazioaren batasuna antolatzea” esamoldea,
zentralismo kontzientea, demokratikoa, proletarioa, zentralismo
burgesari, militarrari, burokratikoari kontrajartzeko.
Baina... ez dago entzun nahi ez duena baina gor okerragorik.
Eta egungo sozialdemokraziako oportunistek, hain zuzen,
ez dute hitzik entzun nahi estatu boterearen suntsiketaz,
bizkarroiaren deusezteaz.
--Lenin