'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 4. kapitulua, 2.puntua
2.- POLEMIKA ANARKISTEKIN
Polemika hau 1873an gertatu zen. Marxek eta Engelsek almanaka
sozialista italiar batentzat artikulu batzuk idatzi zituzten
proudhondarren aurka. Artikulu hauek 1913an bakarrik argitaratuak
izan ziren alemanieraz, Neu Zeit aldizkarian.
“Langile klasearen borroka politikoak —idatzi zuen
Marxek anarkistak eta beren politikaren ukapena barregarri
utziz— forma iraultzaileak hartzen baditu, langileek burgesiaren
diktadura beren diktaduragatik ordezkatzen badute,
printzipio urraketa delitu izugarri bat egiten ari dira, zeren
beren eguneroko behar material dohakabeak asetzeko, burgesiaren
erresistentzia garaitzeko, Estatuari forma iraultzaile
eta iragankor bat ematen baitiote, armak utzi eta hau abolitu
beharrean…” (Neue Zeit, 1913-1914, 32. urtea, t. l., 40. orr.)
Hona hemen Estatuaren zein “abolizioren” aurka bakarrik
agertzen zen Marx anarkistak errefutatzean! Ez da, inolaz
ere, Estatua klaseen desagerketarekin desagertuko denaren
edo hauek ezabatzean ezabatua izango denaren aurka,
baizik eta langileek armak erabiltzeari eta biolentzia antolatuari
uko egitearen aurka, hau da, “burgesiaren erresistentzia
garaitzeko” balio behar duen Estatuari uko egitearen aurka.
Marxek nahita azpimarratzen du —bere anarkismoaren
aurkako borrokaren zentzua desitxuratu ez dadin— proletalgoak
behar duen Estatuaren “forma iraultzaile eta iragankorra”.
Proletalgoak Estatua denbora baterako bakarrik behar
du. Ez gaude inola ere anarkistekin ezadostasunean Estatuaren
abolizioari dagokionean, helmuga bezala. Berresten duguna
da, helmuga hau lortzeko, beharrezkoa dela Estatu boterearen
tresnak, baliabideak, metodoak esplotatzaileen aurka
aldi baterako erabiltzea, beharrezkoa dela klaseak deusezteko
klase zapalduaren diktadura iragankorra. Marxek anarkisten
aurka arazoaren planteamendu irmoena eta argiena hautatzen
du: kapitalisten uztarria eraistean, langileek armak utzi beharko
dituzte ala burgesiaren aurka erabili hauen erresistentzia
garaitzeko? Eta klase batek beste klase baten aurka armak sistematikoki
erabiltzea, zer da Estatuaren “forma iragankor bat”
ez bada?
Sozialdemokrata bakoitzak galde diezaiola bere buruari
ea horrelakoa den anarkistekin zuen polemikan Estatuaren
auzia planteatu duen modua, ea horrelakoa den II. Internazionaleko
alderdi sozialisten gehiengo zabalak auzi hau planteatu
duen modua.
Engelsek ideia hauek modu are zehatzago eta herrikoiago
batean azaltzen ditu, barregarri utziz, batez ere, proudhondarren
nahaspila ideologikoa, zeintzuk “antiautoritario” deitzen
ziren, hau da, autoritate oro, menpekotasun oro, botere oro
ukatzen zuten. Har ezazue fabrika bat, trenbide bat, itsaso zabaleko
itsasontzi bat, Engelsek dio: Akaso ez al da bada begibistakoa
menpekotsun jakin bat gabe eta, beraz, autoritate
edo botere jakin bat gabe ezinezkoa izango dela enpresa tekniko
konplexu hauetariko bakar baten funtzionamendua, zeinak
makinen erabileran eta pertsona askoren elkarlan harmonikoan
oinarritzen baitiren?
“…Antzeko argumentuak azaldu dizkiedanean antiautoritario
amorratuei —idazten du Engelsek—, ez dute jakin izan
hau besterik erantzuten: “A! Hori egia da, baina hemen kontua
ez da guk ordezkariei autoritate bat ematea, “enkargu bat
baizik!” Jaun hauek gauza alda dezaketela uste dute honi izena
aldatuz…”
Modu honetan, autoritatea eta autonomia kontzeptu erlatiboak
direla, beren aplikazio eremua garapen sozialeko fase
ezberdinekin aldatu egiten dela eta kontzeptu hauek zerbait
absolutu bezala hartzea absurdoa dela frogatu ostean, eta makinen
eta industria handiaren aplikazioa geroz eta gehiago zabaltzen
dela gehituz, Engels autoritatearen inguruko kontsiderazio
orokorretik Estatuaren auzira pasatzen da.
“…Autonomistak —jarraitzen du— etorkizuneko antolamendu
sozialak autoritatea ekoizpeneko baldintzek ekidiezina
egingo duten muga zorrotzetaraino murriztuko duela esatera
mugatuko balira, ulertu ahalko ginateke; baina horren ordez,
autoritatea beharrezko egiten duen guztiaren aurrean itsu
mantentzen dira eta suminduraz hitzaren aurka borrokatzen
dira.
Zergatik antiautoritarioak ez dira autoritate politikoaren,
Estatuaren, aurka oihu egitera mugatzen? Sozialista guztiak
ados daude Estatua, eta berarekin autoritate politikoa,
hurrengo iraultza sozialistaren ondorioz desagertuko dela, hau
da, funtzio publikoak beren izaera politikoa galduko dutela,
interes sozialaren alde arduratuko diren funtzio administratibo
sinple bihurtuz. Baina antiautoritarioek Estatu politikoa
kolpe batez abolitua izan dadila eskatzen dute, baita hau sortarazi
zuten erlazio sozialak suntsituak izan baino lehenago
ere. Iraultza sozialaren lehen ekintza autoritatearen abolizioa
izan dadila exijitzen dute.
Ez al dute jaun hauek inoiz iraultzarik ikusi? Iraultza
bat, dudarik gabe, existitzen den gauzarik autoritarioena da;
herritarren zati batek beste zatiari bere borondatea fusilen,
baioneten, kainoien bidez inposatzen dion ekintza da, baliabide
autoritarioetan autoritarioenekin; eta alderdi garaileak, ez
badu nahi alferrik borrokatu izana, euren armek erreakzionarioei
sortzen dien beldurrarekin mantendu behar du nagusitasun
hau. Akaso Parisko komunak iraungo al zuen egun bat
bera ere, herri armatuaren autoritate hau burgesen aurrean
erabili izan ez balitz? Ezin al diogu, alderantziz, hau nahikoa
erabili ez izana egotzi? Honela beraz, bietako bat: edo autoritarioek
ez dakite zer esaten duten, eta kasu honetan ez dute
nahasmena zabaldu besterik egiten; edo badakite eta kasu honetan
proletalgoaren mugimendua traizionatzen dute. Kasu
batean ala bestean erreakzioari laguntzen diote.” (39. orr.).
Pasarte honetan, Estatuaren iraungipen aldian politikaren
eta ekonomiaren arteko korrelazioaren gaiarekin loturik
aztertzea komeni diren auziak jorratzen dira (hurrengo kapitulua
eskainiko diogun gaia). Auzi hauek funtzio publikoen
eraldaketarena, funtzio politiko izatetik funtzio sinpleki administratiboetara,
eta “Estatu politikoarena” bezalako auziak dira.
Azken esamolde hau, gaizki ulertuak sortzeko hain gai dena,
Estatuaren iraungipen prozesuari buruzkoa da: hilzorian dagoen
Estatua, bere iraungipenaren fase jakin batera iristean,
Estatu ez politikotzat har daiteke.
Engelsen pasarte honetan ere, zatirik aipagarriena anarkisten
aurkako bere arrazoiketa da. Engelsen dizipulu bezala
agertu nahi duten sozialdemokratek milioika aldiz eztabaidatu
dute anarkistekin 1873az geroztik, baina hain zuzen ere ez
dute eztabaidatu marxistek ahal duten eta egin behar duten
moduan. Estatuaren abolizioaren kontzeptu anarkista nahasia
da eta ez da iraultzailea: horrela planteatzen du Engelsek
auzia. Anarkistek ez dute hain zuzen ere iraultza bere jaiotzan
eta garapenean ikusi nahi, biolentziarekiko, autoritatearekiko,
boterearekiko eta Estatuarekiko dituen eginkizun zehatzetan.
Gure garaietako sozialdemokratek anarkismoari egiten
dioten ohiko kritika zabarkeriarik burges txikienean jausi da:
“Guk Estatua onartzen dugu, anarkistek ez!”. Begi-bistakoa
da halako baldarkeria batek ezin duela langileak nazkarazi
besterik egin, hauek oso pentsakorrak eta iraultzaileak ez
izan arren. Engelsek beste zerbait dio: Estatuaren desagerpena,
iraultza sozialistaren ondorio bezala, sozialista guztiek aitortzen
dutela azpimarratzen du. Gero modu zehatz batean
lantzen du iraultzaren arazoa, hain zuzen ere sozialdemokratek
arrazoi oportunistengatik saihestu ohi duten arazoa, anarkistei
uzten diotelarik, horrela esatearren, honen “azterketaren
esklusiba”. Eta arazo hau planteatzean, Engelsek zezena adarretatik
heltzen du: Ez al zuen komunak gehiago erabili behar
Estatuaren botere iraultzailea, hau da, klase dominatzaile bezala
antolatutako proletalgo armatua?
Orokorrean, sozialdemokrazia ofizial nagusiak proletalgoak
iraultzan dituen eginkizun konkretuen auzia saihesten zuen,
bai filistearren burla sinpleekin, bai, kasurik hoberenean, “Ikusiko
dugu!” esaldi sofistikatu eta iheskorrarekin. Eta anarkistek
eskubide osoa zuten, sozialdemokrazia hau langileak modu
iraultzaile batean hezteko bere eginkizuna traizionatzen ari
zela esateko. Engels azken iraultza proletarioko esperientziaz
baliatzen da, hain zuzen ere, modurik zehatzenean, bankuekin
bezala Estatuaren inguruan ere proletalgoaren jarrerak zein
izan behar duen eta honek nola jardun behar duen aztertzeko.
--Vladimir Ilitx Ulianov, Lenin.