'Estatua eta Iraultza' (Lenin) 4. kapitulua, 3. puntua
3.- GUTUN BAT BEBEL-i
Estatuari buruzko Marx eta Engelsen idazlanetako arrazonamendurik
bikainenetako bat, ez bada bikainena, 1875eko
martxoaren 18-28an Engelsek [August] Bebeli idatziriko gutun bateko
ondorengo pasartean dago. Gutun hau —parentesi artean esana
izan dadila— lehenengo aldiz guk dakigula, Bebelek argitaratu
zuen bere memorien (Nire Bizitza) bigarren liburukian,
eta 1911ean ikusi zuen argia, hau da, gutun hura bidalia izan
zenetik 36 urteetara.
Engels-ek Bebel-i, Marx-ek Brake-i idatziriko gutun famatuan
kritikatu zuen Gotha programaren proiektu bera kritikatuz
idatzi zion. Eta, bereziki Estatuaren auziari dagokionean,
ondorengoa esaten zion:
“… Herri Estatu askea Estatu aske bilakatu da. Hitz
hauen zentzu gramatikalaren arabera, Estatu aske bezala
bere herritarrekiko askea den Estatu bat ulertzen da, hau da, gobernu
despotikodun Estatu bat. Estatuaren inguruko hitzontzikeria
guzti hori alboratu beharko litzateke, batez ere Komunaren
ondoren, jada ez zela Estatu bat hitzaren zentzu hertsian.
Anarkistek behar baino gehiago aurpegiratu digute “herri Estatuarena”,
nahiz eta jada Marxek Proudhonen aurka idatziriko
lanak eta gero Manifestu Komunistak argi eta garbi esaten
duen, erregimen sozialistaren ezarpenarekin, Estatua bere
kabuz (sich auflöst) desegingo dela eta desagertu egingo dela.
Estatua borrokan, iraultzan, etsaiak biolentziaz menperatzeko
erabiltzen den instituzio iragankor huts bat izanik, absurdua
da herritik askea den Estatu batetaz hitz egitea: proletalgoak
oraindik Estatua behar duen bitartean, ez du beharko
askatasunaren interesetan, bere etsaiak menperatzeko baizik,
eta askatasunaz hitz egin daitekeen bezain laster Estatuak
bere gisan existitzeari utziko dio. Horregatik, guk Estatu hitza
erabili beharrean, beti erabili ahalko genuke ‘komunitate’ hitza
(Gemeinwesen), hitz alemaniar on eta zahar bat, frantseseko
commune hitzaren baliokide dena” (321-322 orr. Argitalpen
alemaniarrean).
Kontuan hartu behar da gutun honek alderdiaren programari
egiten diola erreferentzia, Marxek hau baino aste batzuk
beranduago bakarrik kritikatu zuena (1875eko maiatzaren
5eko Marxen gutuna), eta Engels orduan Londresen bizi
zela, Marxekin. Horregatik gutunaren azken lerroetan “guk”
esatean, Engelsek, dudarik gabe, bere eta Marxen izenean,
Alemaniako Langile Alderdiko buruzagiari programatik “Estatua”
hitza ezabatzeko eta “komunitate” hitzagatik ordezkatzeko
proposatzen dio.
“Anarkismoaren” inguruko zer nolako marruak jaurtiko
ote lituzkete egungo “marxismoaren” buruzagiek, oportunisten
erabilerarako faltsuturiko “marxismoa”, honelako emendakin
bat proposatuko balitzaie euren programan!
Marru egin dezatela nahi beste. Burgesiak goraipatu egingo
ditu horregatik.
Baina guk geure lanarekin jarraituko dugu. Geure alderdiaren
programa berrikusten dugunean, hutsik egin gabe,
kontutan hartu beharko dugu Engels eta Marxen aholkua,
egiara gehiago hurbiltzeko, marxismoa eraberritzeko, desitxuraketetatik
garbituz, langile klasearen askapenaren borroka
egokiago orientatzeko. Boltxebikeen artean ez da egongo, ziur,
Engels eta Marxen aholkuaren aurka agertuko denik. Zailtasuna,
akaso, soilik terminoan egongo da. “Komunitate” kontzeptua
adierazteko alemanieran bi hitz daude, eta Engelsek ez
zuen komunitate bat banandurik esan nahi duena aukeratu,
hauen batasuna esan nahi duena baizik, komunen sistema alegia.
Errusieraz ez da horrelako hitzik existitzen, eta agian frantzeseko
commune erabili beharko dugu, honek ere bere ezegokitasunak
eduki arren.
“Komuna ez zen jada Estatu bat hitzaren zentzu hertsian”:
hona hemen ikuspuntu teorikotik Engelsen baieztapenik garrantzitsuena.
Aurrerago azaldutakoaren ondoren, baieztapen
hau erabat logikoa egiten da. Komuna Estatu bat izateari uzten
ari zen, bere egitekoa ez zen herritarren gehiengoa zapaltzea,
gutxiengo bat (esplotatzaileak) baizik; Estatu burgesaren
makinaria apurtu zuen; errepresiorako indar berezi bat
izan beharrean, herritarrak beraiek sartu ziren eszenatokian.
Honek guztiak, bere zentzu hertsian harturiko Estatutik banatzea
esan nahi du. Eta Komuna egonkortu izan balitz, berarengan
Estatuaren aztarnak euren kabuz “iraungitzen” joango
ziren; ez zen beharrezkoa izango bere instituzioak” “ezabatzea”:
hauek funtzionatzeari utziko zioten egiteko ezer edukiko ez zuten
neurrian.
“Anarkistek behar baino gehiago aurpegiratu digute “herri
Estatuarena”. Honela hitz egitean, Engels, batez ere, Bakuninei
buruz eta honen sozialdemokrata alemaniarren aurkako
erasoei buruz ari da. Engelsek eraso hauek bidezkoak direla
onartzen du “herri Estatua” absurdu bat den neurrian eta
“herri Estatu askea” sozialismoari erabat urruna zaion kontzeptua
den heinean. Engels, anarkisten aurkako sozialdemokrata
alemaniarren borroka zuzentzen saiatzen da, borroka hau printzipioen
borroka justu batean bilakatzen, Estatuaren inguruko
aurreiritzi oportunista guztietatik garbitzen. Baina, ai ene! Engelsen
gutunak 36 urte pasa zituen kutxa baten barrenean.
Eta beherago ikusiko dugu, argitaratu ondoren ere, Kautskyk,
esentzian, Engelsek ohartarazten zituen akats berdinak errepikatzen
jarraitzen duela irmoki.
Bebelek Engelsi 1875eko irailaren 21ean erantzun zion,
beste gauza batzuen artean, programaren proiektuaren inguruko
bere iritziekin “erabat ados” zegoela zioen eta [Wilhem] Liebknecht-i
aurpegiratu ziola honen tolerantzia ( 334. orr. Bebelen memorien
argitalpen alemaniarrean, II. liburukia). Baina Gure helburuak
izeneko Bebel-en foiletoa irekitzen badugu, Estatuari
buruzko kontsiderazio erabat faltsuak aurkituko ditugu
bertan.
“Estatuak, klase dominazioan oinarritutako Estatu batetik
herri Estatu batean bilakatu behar du” (Unsere Ziele,
1886ko argitalpen alemaniarreko 14. orr.)
Honela inprimatua agertzen da Bebelen foiletoaren bederatzigarren
(bederatzigarren!) argitalpenean. Ez da harritzekoa
Estatuaren inguruko iritzi oportunisten hain errepikapen
setatia sozialdemokrazia alemaniarrak asimilatu izana, batez
ere Engelsen azalpen iraultzaileak gordeta mantentzen zirenean
eta bizitzaren baldintza guztiek denbora askoan zehar
iraultzaren ohitura galduarazi zutenean.
--Lenin