Langile-klaseak ez zuen espero Komunatik miraririk. Langileek
ez daukate utopiarik ezartzeko par decret du peuple [ herriaren dekretuz].
Badakite beren emantzipazioa lortzeko eta horrekin bizi-forma
garaiago hori, zeinera jotzen baitu erresistiezinki gaurko gizarteak bere
garapen ekonomiko propioz, borroka luzeetatik igaro beharko dutela,
prozeso historiko sail batetik, inguruabarrak eta gizakiak aldatuko
dituztenetatik. Haiek ez dute inolako idealik egikaritu beharrik, baizik
gizarte berriaren elementuak jaregin soilik, zeinak gizarte burges hilzorikoak
bere baitan baitaramatza. Bere eginkizun historikoaz erabat
kontziente eta hori burutzeko erabaki heroikoarekin, langile-klaseak
iseka egin dezake luma-lekaioen idazki zorrotzez eta asmo oneko doktrinario
burgesen babes profesoralaz, zeinak hutsezintasun zientifikozko
orakulu-tonuan beren ezjakin-pellokeriak eta fantasia sektarioak
jareginez.
Parisko Komunak bere eskuetan hartu zuenean iraultzaren
zuzendaritza, historian lehen aldiz, langile soilak «agintari natural»en
gobernu-pribilegioa bortxatzera ausartu zirenean eta, aurrekorik gabeko
zailtasuneko inguru a b a rretan, beren lana modu apal, arretatsu eta
eraginkorrean egin zutenean soldatekin, zeinetariko altuena doi-doi
baitzen, autoritate zientifiko garai baten arabera, Londresko irakaskuntza
publikoko kontseilu bateko idazkariaren gutxieneko soldataren zenbatekoaren
bosten bat, mundu zaharra bihurritu egin zen amorruzko
konbultsiotan Bandera Gorria, Lanaren Errepublikaren sinboloaren
ikuskizunaren aurrean, zeina Hôtel de la Villeren gainean baitzegoen.
--Karl Marx, 'Frantziako Gerra Zibila'